Álvar Núñez Cabeza de Vaca
Houston hirian dagoen Alvar Nuñez Cabeza de Vacaren soina. |
||
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Jaio | 1490 - 1507 artean | |
| Jerez de la Frontera (Espainia) | ||
| Hil | 1557 - 1559 artean | |
| Sevilla (Espainia) | ||
Álvar Núñez Cabeza de Vaca (1490 - 1507 artean, Jerez de la Frontera, Espainia — 1557 - 1559 artean, Sevilla) espainiar esploratzaile eta konkistatzaile bat izan zen. Mexikoko golkoa eta Mexikoren ipar-mendebaldea esploratu zituen. Iguazuko ur-jauziak deskribatu eta Paraguai ibaia esploratu zituen lehenbiziko europarra ere izan zen. 1542-1544 urteen bitartean Rio de Platako eta Paraguayko gobernadore ere izan zen; postu horretan, Domingo Martinez de Irala bergararra izan zuen ondorengoa.
Biografia [aldatu]
Pánfilo de Narváez kolonizatzaileak Kubatik Ipar Ameriketara gidatu zuen zorigaiztoko bidalditik bizirik atera zen bakarretakoa izan zen Núñez Cabeza de Vaca (1528-1529), eta egungo Mississippin, Arkansasen, Coloradon, Mexiko Berrian, Arizonan eta Kalifornian zortzi urte luzetan nora gabe ibili ondoren Mexikora iritsi zen (1536).
Espainiako erregeak Rio de la Platako gobernadore izendatu ondoren (1540), lurralde hartara joateko itsasoratu eta Paraguain ibilitako lehen espainiarra izan zen. Brasil hegoaldeko oihanak ibili eta Iguazuko ur-jauziak aurkitu zituen.
Bere mende zituenak gupidarik gabe zigortzen zituen agintari gogorra zenez, 1544. urtean espainiarrek agintetik kendu eta preso hartu zuten. Urtebete espetxean pasa ondoren, Espainiara bidali zuten. Epaiketa egin eta Oranera erbesteratu zuten. Zortzi urteren buruan erregeak barkatu eta Sevillako epaitegi goreneko partaide izendatu zuen.
Kanpo loturak [aldatu]
- Alvar Nuñez Cabeza de Vacari buruzko artikulua (Ingelesez)
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.