Émile, ou De l'éducation

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Émile, ou De l'éducation liburuaren lehen argitalpenaren azala

Émile, ou De l'éducation (euskaraz, Emilio, edo Hezkuntzaren gainean) Jean-Jacques Rousseau filosofoak idatzitako liburu bat da, XVIII. mendetik eragin handia izan duena pedagogia eta hezkuntzaren filosofian. Emilio izeneko gazte eta bere irakaslearen arteko harremana deskribatzen du, haurtzarotik nerabezarora, aldi berean gizakiaren eta gizartearen arteko harremanari eta gizakiaren hezkuntzari buruzko bere ideiak azalduz. Berrikuntza moduan, hezkuntza razionalismoaren mendean jarri, gizaki guztiei dagokiela adierazi eta gizaki eta mundu hobe baterako izan behar duela ezartzen du idazlanak, gizakiak berez dituen ontasunak aprobetxatuz. Iraultza frantsesak ekarri zituen hezkuntza-aldaketetan eragin nabarmena izan zuen, geroztik hezkuntza sistema publikoak garatu baitziren.

Ume izatetik hiritar izatera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizona hobetu daitekeelako ustea da liburu honen oinarria. Jaiotzerakoan, gizona ez da ezer, eta gerora izango den guztia bilakaera baten ondorio da. Umea aldi berean hazten da gorputzez eta adimenez: hasieran sentipenak besterik ez ditu, gero sentimenezko arrazoiaz baliatzen da, eta adimenezko arrazoiaz, eta, azkenik, kontzientzia moralaz jabetzen da. Rousseauk beraz heziketa metodo bat landu zuen liburu horretan, inguruak gizonengan duen eragin handian oinarritua.

Bitartekorik gabeko heziketa proposatu zuen alegia. Umeak berez eta bere baitan aurkituko du dena, eta maisua gehiago izango da begirale irakasle baino, ez dio umeari irakasbiderik emango, berez aurkiaraziko dizkio, ordea. Maisuak bi zeregin nagusi izango ditu: naturari egiten utzi, batetik, eta umearen bihotza biziotik eta haren adimena aurreiritzitik begiratu, bestetik.

Umearen barne askatasuna errespetatu beharra da Rousseauren pedagogia guztiaren oinarria. Eta zoriona da liburu honen beste alderdi nagusia. Rousseaurentzat, umearen heziketak zoriontsua behar du, umea ume baita eta ez egiteko bidean den pertsona heldu bat.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]