1812 obertura

Wikipedia(e)tik
1812 Obertura» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
1812 obertura.

1812 obertura Piotr Ilitx Txaikovski musikari eta konposatzaile klasiko errusiarraren obertura da, 1880ko iraila eta urria bitartean idatzia. Haren programak Napoleondar Gerretan Errusiak lorturiko garaipena deskribatzen du. Moskuko Kristo Salbatzailearen elizan estreinatu zen, 1882ko abuztuaren 20an. 1881ean, eliza hori errusiar garaipena ospatzeko sagaratua izan zen, eta 1812 obertura ospakizun hura omentzeko idatzi zen. Musika lan honen tenpoak Lento, Andante, Allegro giusto, Largo eta Allegro Vivace dira.

Lana, errusiar eliza ortodoxoko doinu erlijioso batekin hasten da, Salbatzaileari Eskaria izenekoa. Honek, Errusiako zerbitzu erlijioso guztietan herriari, Frantziaren aurkako gerra adierazpena nola ezagutzera emana izan zen gogorarazten du. Adierazpen hauek eta herriaren erreakzioa Leo Tolstoi idazlearen Guda eta Bakea eleberrian adierazita agertzen dira. Eleberri horretan bertan, Borodinoko guda, obertura honen gaia dena (1812ko irailaren 7an gertatua), deskribatzen da, non Napoleon Bonaparte enperadore frantziarrak errusiar armada garaitu eta Mosku inbaditzen duen.

Musikalanak kornoek aurkezturiko martxa batekin jarraitzen du. Armadak prestatzen entzuten dira. Frantziako ereserki nazionalak, Marseillesa izenekoak, inbaditzailearen jatorri frantziarra eta Napoleonen errusiarrekiko garaipena adierazteko balio du. Errusiar folkloreko gai batek, moskutarrek Napoleonen aurka lortu zuten garaipena gogorarazten du. Moskuko erretreta (1812ko urriaren amaieran musikaren diminuendo batekin adierazita dago.

Kanoien suak, errusiarrek, Frantziar inperioaren mugetaraino egin zuten aurrerapena azaltzen du. Gatazkaren amaieran, kanpai hotsak eta su artifizialak entzuten dira, Errusiaren garaipen eta askapenaren seinale bezala. Kanoien eta kornoen azpitik, Errusiako ereserki nazionala entzuten da: "Jainkoak salba dezala tsarra". Ereserki errusiar hau, lehen entzun den ereserki frantziarraren kontrapuntua da.

Musika lan honek badu anakronismo bitxi bat. Izan ere, lana girotua dagoen garaian, 1812an, Marseillesa ez zen Frantziako ereserki nazionala, ez eta Jainkoak salba dezala tsarra Errusiakoa ere, baina bai Txaikovskik lana amaitu zuen garaian, 1880an.

Musika programatiko bezala kontsideratua izan denez, askotan, benetako kanoiekin joa izan da, tinbalak eta perkusiozko beste musika tresna batzuen ordez, azken hauentzat pentsatu baitzuen Txaikovskik lan hau.

Erabilpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Moskuko Dinamo futbol taldeak, bere garaipenak ospatzeko erabiltzen du obertura honetan ageri den errusiar armadaren prestatzea.
  • V for Vendetta izeneko pelikularen soinu bandan erabilia izan zen.
  • Risk gerrari buruzko mahai jokoaren iragarkian ere, erabili zen.

Agerpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marrazki bizidunetan ere agertu da obertura hau. Simpsondarrak marrazki bizidunen atal batean, Homer, gidatzen ari dela, obertura honen zatirik ezagunena kantatzen ari da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]