1859ko Eguzki Ekaitza

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Aurora boreala.

1859an eguzki-masaren eiekzio handi bat gertatu zen. 1859ko Eguzki Ekaitza historia guztian erregistratutako indartsuena izan zen. Urte horretako abuztuak 28tik aurrera, hegoaldera Kariberaino iristen ziren aurorak ikusi ahal izan ziren. Intentsitate handieneko garaia irailak 1 eta 2 artean izan zen, eta Europa eta Ipar Amerika guztian telegrafo sistemek huts egitea eragin zuen. Gertaera honen lehen zantzuak 1859ko abuztuak 28tik aurrera detektatu ziren, Ipar Amerika osoan aurora borealak ikusi ahal izan zirenean. Argi gortina biziak ikusi ziren Maine estatutik Floridaraino. Kuban bertan ere, itsasontzi kapitainek ontziko liburuetan zenitetik gertu kobre kolorezko argien agerpena jaso zuten. Garai hartan, AEBetan 1843an funtzionatzen hasi zen asmakizuna zen telegrafoaren kableek mozketak eta zirkuitu laburrak jasan zituzten, Europan zein Ipar Amerikan sute ugari eraginez. Aurorak latitude baxuko tokietan ikusi ahal izan ziren, Erroma, Madril, Habana edo Hawaii uharteetan beste batzuen artean.

Balear uharteetan Diario de Menorcan erreferentzia bat aurki daiteke:

« Herenegun, gaueko ordu txikitan, fidatzeko moduko pertsona batek bi aurora boreal ikusi zituen, duela zenbait urte ikusi genuena baino txikiagoak baziren ere, eragin miragarria sortu zutenak. J. Hospitaler, "Diario de Menorca", 2. urtea, 237. zenbakia (1859ko uztailak 4)  »

Sekula erregistratu den eguzki aktibitatea eta Lurraren arteko elkareraginik bortitzena izan zen. Eguzki haizearen ekintza Lurrean, 1859an, diferentzia handiz, ezagutzen den biziena izan zen. Abuztuak 28an eguzki orban ugari agertu ziren, eta abuztuak 28 eta irailak 2 artean fulgurazioak zituzten toki ugari adierazi ziren.

Irailak 1ean eguzkiak surruztada handi bat jaurti zuen, minutu batez, ohikoa zenaren energia bikoitza igorri zuen lotutako fulgurazio eremu batekin. Soilik hamazazpi ordu eta berrogei minutu beranduago, eiekzioa Lurrera karga magnetiko oso intentsoko partikulekin iritsi zen. Lurraren eremu magnetikoa erabat eraldatu zen, eta honek eguzki partikulak goi atmosferaraino sartzea ahalbidetu zuen, non aurora boreal zabalak eta telegrafo sareen eteteak eragin zituzten, azken hau, oraindik oso gutxi garatua zegoena.

Eguzki haizea eta Lurraren magnetosferaren arteko elkareragina. Distantziak ez daude eskalan.

Carringtonen fulgurazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batzuetan Carringtonen fulgurazioaz hitzegiten da, zientzialari honek irailak 1a zen ostegunean eremu ilunen neurria zela eta eguzki orban talde baten zirriborroak egiten ari zenean, 11:18an orban taldeko bi puntutik irtetzen ari zela zirudien argi zurizko eztanda bizi bateaz ohartu zelako. Ikuskizuna beste norbaitekin konpartitu nahi zuen, baina behatokian ez zegoen beste inor. Hamazazpi ordu beranduago, bigarren aurora boreal olatu batek gaua egun bihurtu zuen Ipar Amerika guztian eta Panamaraino. Adibideren batzuk erakusten dute gertaera honen handitasuna: egunkaria irakur zitekeen auroren gorri eta berde arteko koloreko argipean, Mendi Harritsuetako meatzariek gauerdian altxatu eta askaldu zuten bitartean, Eguzkia laino gortina baten atzean irtetzen ari zela uste zuten. Garai hartan tresna elektriko oso gutxi zegoen, baina zeuden guztiek funtzionatzeari utzi zioten, adibidez, telegrafo sistemek funtzionatzeari utzi zioten Ipar Amerika eta Europa osoan.

Eguzkiaren irudia, non, behealdean eguzki orban batzuk ikus daitezkeen.

Carringtonen ekaitzak hondamenezko ondorioak izan ez bazituen, gure zibilizazio teknologikoa oraindik oso haseran zegoelako izan zen: gaur egun gertatuko balitz satelite artifizialek funtzionatzeari utziko liokete, irrati komunikazioak eten egingo lirakete, eta itzalketa elektrikoak kontinente mailakoak izango lirakete, zerbitzuak asteetan zehar etenak geratuko liratekeen bitartean. Izotz laginetatik lortutako erregistroen arabera, neurri honetako eguzki fulguraziorik ez da beste inoiz eman azken 500 urteotan, eguzki ekaitz nahiko indartsuak berrogeitamar urtetik behin gertatzen diren arren (orain arteko azkena 1960ko azaroak 13an (ia 52 urte).

Eguzki aktibitatearen zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki orbanen agerpenak, aktibitate magnetikoa eta gertaera hauekin lotutako beste datu batzuk 11 urte irauten duen ziklo bat jarraitzen dute. Oraingo zikloa 2008ko urtarrilean hasi zen, egungo etenaldiaren ondoren, hurrengo bost urteetan eguzkiaren aktibitatea geroz eta handiagoa izango da. Azken 11 urteetan, eguzkiaren azalean 13.000 plasma lainok eta 21.000 eguzki fulguraziok eztanda egin dute.

Eguzki ekaitzak Lurrekoen antzekoak direla esan daiteke, baina eskala handiago batean, eguzkikoen kasuan, eguzki haizeko gasak forma eta energia ematen dieten eremu magnetikoekin batera datozen arren. Trumoi-ekaitzen kasuan gertatzen den bezala, energia altuko partikulen eta X izpi bizien eztanda handiak dira, eremu magnetikoaren aldaketaren ondorio.

Eguzkiaren energia sortzen duen fusio nuklear prozesuan %0,7ko masa galera bat dago, energia bihurtzen dena Albert Einsteinen ekuazio ospetsuak adierazten duen bezala.

E = mc^2

Hidrogeno gramo bat, fusio nuklear bidez 0,993 gramo helio bihurtzen denean 50.000 kWh energia askatzen dira. Energia hau lehenik erradiazio bidez igortzen da 500.000 kilometroko sendoera duen geruza esferiko baten barnean (erradiazio eremua), eta ondoren konbekzio bidez igortzen da 200.000 kilometroko sendoera duen beste geruza batean zehar (konbekzio eremua). Konbekzio geruza hau irakiten ari den likido bat bezalakoa da: honegatik Eguzkiak, hedapen optiko indartsu batekin, erakusten du konbekzio zelulei dagokien azal bikortsu bat. Egitura bikortsua formaz laster aldatzen da (irakiten ari den uraren azala aldatzen den bezala), eta granulazioaren unitate bat hamar edo hamabost minututan agertzen eta desagertzen ikus daiteke. Bi garraio mota hauekin, eguzki nukleoari sortutako energiak jada Eguzkitik ihes egin dezake eta norantza guztietan joan daiteke.

Ekaitz hauetako gehienek fenomeno meteorologikoekin alderatuta zaparrada bat diruditen aurora borealak sortzen dituzte Artiko aldean, baina, batzuetan, Eguzkia benetako erauntsi bat sortzeko gai da.

Gaur egun bizi den inork ez du tamaina honetako ekaitzik bizi izan, baina Kenneth G. McCrackenek, Marylandeko Unibertsitatekoa, Antarktika eta Groenlandiako izotz laginetako nukleoetan bapateko nitrato gorakadak aurkitu zituen, jada eguzki haizearen erauntsi biziei zegozkiela ezagutzen zena. 1859ko nitrato anomalia handiena da azken 500 urteotan, eta azken 40 urteetan gertatutako gertaera garrantzitsu guztien batuketaren hainakoa da.

Arrazoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1859ko eguzki ekaitzaren aurretik, Eguzkian bere ekuatoretik gertu eguzki orban ugari agertu ziren, ia eguzkiaren zikloaren aktibitate handieneko unean, behar bezalako babes batekin begi hutsez ikusteko moduko tamainakoak. Koroa-masaren eiekzio unean, orban taldea Lurraren parean zegoen, baina ez dirudi halako punteriarik behar zenik, koroako materia Lurraren orbitara iristen denean 50 milioi kilometroko hedadura bat hartzen baitu, Lurrarena baino milaka aldiz handiagoa.

1859ko fulgurazio biziak bi koroa-masaren eiekzio askatu zituen: lehenak 40 eta 50 ordu bitartean behar izan zituen Lurrera iristeko (ohiko denbora), bigarrenak, Eguzkiak lehenak utzitako hutsunea bete aurretik jaurti zuena, Lurrera iristeko soilik 17 ordu behar izan zituen bitartean. Lehena eremu magnetiko helikoidal bizi batekin batera zihoan, garaiko magnetometroen datuen arabera. Lehen etapa hau azaleko magnetometroetan bapateko aktibitate hasiera bat bezala erregistratua geratu zen, baina ez zuen beste eraginik izan. Hasieran iparralderantz zuzendua zegoen, baina 15 orduren ondoren, Lurraren eremua indartu ordez aipaturiko eremuaren aurka zihoan. Oposizio honek energia kopuru handia askatu zuen, komunikazio telegrafikoak eteten eta aurora borealak sortzen hasi zena, bat edo bi egun pasa arte, denbora honetan, behin plasma Lurretik haratago igaro zenean Lurraren eremu magnetikoa normaltasunera itzultzen utzi zuen arte.

Irailak 1eko Carringtonen fulgurazioak 50 megakelvineko tenperatura izan behar zuen, eta, beraz, litekeena da soilik uhin elektromagnetiko ikusgarriak igorri ez izana, baizik eta baita gamma izpiak eta X izpiak ere. Ez dago eguzki fulgurazio dizdiratsuago baten berririk. Eguzkiaren erradiazioak soilik 8 minutu eta erdi inguru behar ditu Lurrera iristen, eta garai horretan irrati eta uhin laburreko aparatuak existitu izan balira ezereztuak geratuko ziren. X izpien energiak Lurreko goi atmosfera berotu zuen hamarnaka eta ehundaka kilometrotan zehar hedatzea eragin zuena.

Jada aipatu den bezala, bigarren eguzki haize erauntsi bat gertatu zen. Bigarren fulgurazio honek Lurrarekin tupust egin zuenean, plasmaren eremu magnetikoak hegoalderantz begiratzen zuen, eta, ondorioz, kaos geomagnetikoa berehala agertu zen: Lurraren magnetosfera, ohi 60.000 kilometroko altueran egoten dena, 7.000 kilometroraino iritsi arte konprimatua izan zen, beharbada estratosferaraino iritsi arte. Van Allenen erradiazio gerrikoa behin-behinean desagertu zenean, protoi eta elektroi ugari iritsi ziren atmosferara, hau, ikusi ahal izan ziren aurora borealen arrazoia izan daitekeelarik.

Eguzki fulgurazioak eta koroa masaren eiekzio indartsuak protoiak 30 milioi elektronvolt edo gehiagoko energietaraino azeleratu zituzten, partikula hauek artikoan, lurrazaletik 50 kilometroko altueraraino sartzea eragin zuena, baita partikula hauek ionosferan energia kopuru gehigarri bat uztea ere, Washburneko Unibertsitateko Brian C. Thomasen arabera, estratosferako ozonoa %5ean jeitsiarazi zuena, bere jatorrizko egoerara itzultzeko 4 urte pasa behar izan zirelarik. Neutroi "zaparrada" handi batek, ziuraski, Lurraren azalera guztia hartu zuen, baina garai hartan detektagailurik ez zegoenez, ezin izan zen erregistratu, eta, dirudienez, ez zuen osasunean inongo eraginik izan.

Aurorak latitude altuetatik hedatzen ziren artean, hango propioak baitira, beste latitude baxuago batzuetaraino, ionosferako eta auroren euren korronte elektrikoek korronte biziak eragin zituzten kontinenteetan zehar, telegrafoen zirkuituetan sartu zirenak, estazioren batzuk errez eta elektrokuzioak eragin zituzten.

Eguzki ekaitzak eta komunikazioen aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina honetako eguzki ekaitz batek ondorio larriak izango lituzke egungo zibilizazioarentzat. Izpi kosmikoek satelite artifizialen eguzki panelak higatu eta hauen elektraindarra sortzeko ahalmena murrizten dute. Komunikazio satelite asko, ANIK E1 eta ANIK E2 1994an eta Telstar 401 1997an adibidez, arrazoi honegatik kaltetuak geratu dira. Apur bat ezberdina den kasu bat 2000ko uztailak 14an Asko japoniar sateliteari kalteak eragin zizkion X izpien bidez atmosferaren hedapenaren ondorio da.

Satelite espazialak, bereziki, espazioko klimako zorigaitzak eragozteko diseinatuak izan dira, baina sare elektrikoak are hauskorragoak dira. Transformagailu handiak lurrera konektatuak daude, eta, beraz, perturbazio geomagnetikoek eragindako korronte zuzenek kalte ditzakete, eta transformagailuek nukleo magnetikoen suntsipena eragotziko balute ere, korronte alternoko zikloaren erdian kargatuko lirakete, 50 eta 50 hertz bitarteko uhinen forma aldatuko lukeelarik.

1859an, telegrafoa 16 urte lehenago sortua izan zen, eta azpiegitura elektrikoa oraindik oso hasieran zegoen. 1994ko eguzki ekaitzak akatsak eragin zituen bi komunikazio satelitetan, egunkariei, telebista sareei eta Kanadako irrati zerbitzuari eraginez. Beste ekaitz batzuk zerbitzu mugikor eta telebista seinaleetatik hasi eta GPS sistema eta elektraindar sareetarainoko sistemak kaltetu dituzten. 1989ko martxoan, 1859ko espazio ekaitz perfektua baino askoz ahulagoa izan zen eguzki ekaitz batek Kanadako Quebec probintziako planta hidroelektrikoa bederatzi ordu baino gehiagoz gelditu behar izatea eragin zuen; kalteak eta horien ondorioz jasandako diru galerak ehundaka milioika dolarretan estimatzen dira.

George Washington Unibertsitateko web orrialde batek adierazten duen bezala, "espazioko meteorologiak, Lurrarekin, atmosferarekin eta eremu magnetikoarekin modu konplexuan elkareragiten duten Eguzkiaren X izpien eta energia altuko partikulen ondorio dena, sarritan negatiboki eragiten diete sistema teknologiko modernoei (adibidez, sateliteak, elektraindar sarea, irratia) galera ekonomiko eta sozialak eraginez Lurreko goi latitudeetan, Ameriketako Estatu Batuetako iparraldea, Kanada, Eskandinavia eta Errusian kasu, arrisku berezian daudenak, eremu magnetikoak inguru hauetan elkartzen baitira".

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: 1859ko Eguzki Ekaitza Aldatu lotura Wikidatan