1948ko Arabiar-israeldar Gerra
1948ko Arabiar-israeldar Gerra | |||
---|---|---|---|
Avraham "Bren" Adan kapitainak Umm Rashrashen (egungo Eilaten) bandera ezarriz, gerraren amaieraren ikurra dena[1] | |||
Data | 1948ko maiatzaren 15 – 1949ko martxoaren 10 Armistizioa: 1949ko uztailaren 20 | ||
Lekua | Antzinako Palestinako Britainiar Mandatua, Sinai eta hegoaldeko Libano | ||
Emaitza | Israeldarren garaipena; Palestinar arabiarren porrota; Arabiar Ligaren akats estrategikoa;[2] | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Lehen gerra arabiar-israeldarra, israeldarrek Independentzia Gerra (hebreeraz: מלחמת העצמאות) deitua, Israelek eta aldameneko estatu arabiarrek borrokatu zuten lehen gerra izan zen. Palestinarrentzat, gerrak "Hondamendia" (al Nakba, arabieraz: النكبة) deitutako aroaren hasiera eman zuen.
Nazio Batuek 1947an Britainiarren Agindupeko lurraldea israeldarren eta palestinarren artean erdibitzeko delibero hartu ostean, arabiarrek onartzeari muzin egin zioten. Hortaz, Egipto, Siria, Jordania, Libano eta Irakeko armadek fundatu berri zen Israel estatua eraso zuten. Ondorioz, lurraldea Israel, Egipto eta Jordaniaren artean banatu zen.
Aurrekariak
XIX. mendearen amaieran, Sionistek judutarrentzat estatu baten sorrera eskatzen zuten, judutarrak aspaldidanik sakabanaturik bizi baitziren Europan eta Estatu Batuetan zehar.
1917. urtean, Balfour deklarazioan, Britainia Handiak hitza eman zuen Palestina estatu judutar bat eraikitzen lagunduko zuela. Horren ondorioz, geroz eta kolono gehiago abiatu ziren Palestinara (VIII. mendea geroztik arabiarrak bizi ziren lurraldera).
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, naziek judutarren aurka egin zuten genozidioa ezagutzera eman zenean, munduko iritzi publikoaren gehiengoa estatu judutarra sortzearen aldekoa zen. Harry S. Truman Estatu Batuetako presidenteak ere horren alde egin zuen juduen boza eskuratzeko asmoz. Baita Sobiet Batasunak ere horren alde egin zuen, Britainia Handiko inperialismoari aurre egiteko modurik hoberena zela zeritzolako. Erresuma Batuak bere interesak mehatxaturik ikusi zituenean, juduen immigrazioa mugatu eta Liga Arabiarraren sorrera bultzatu zuen, 1945ean, Egipto, Irak, Siria, Libano, Transjordania eta Saudi Arabia elkartuz. Liga horrek martiri juduen aldeko jarrera agertu zuen, baina ez zuen nahi palestinarrek ordaintzea egin ez zuten sarraskiaren errua.
Guda lehertzearen arrazoiak
Ben Gurionek, Konferentzia Sionistaren presidenteak, milizia judutarrak antolatu zituen (Haganah), beste talde armatu batzuen laguntza (Irgun) jasotzen zutelarik. Talde hauek, britainiarren eta palestinarren aurka atentatu zuten. Britainia Handiak bakea bermatu ezin zuenez, NBE-ren eskuetan utzi zuen Palestinari buruzko erabakia. Eztabaida luzeen ondoren, 1947an, NBEk Palestina bi estatutan zatitzea erabaki zuen, bata arabiarra eta beste judua. Gainera, Jerusalem nazioarteko hiri izendatu zuen. 1948an, Erresuma Batuak lurralde hauek utzi eta juduen batzar nagusiak Israelgo estatua aldarrikatu zuen.
Guda
Armada arabiarrek segituan ekin zieten Israelen aurkako erasoei, baina Israelek ezusteko ederra eman zion munduari, garaipen militar bizkorra lortzeaz gain, Nazio Batuen Erakundeak Israeli emandako baino lur gehiago eskuratu eta Jerusalemgo mendebaldea ere hartu baitzuen. Israelek inbaditu gabe utzi zuen zatia, Zisjordania eta Jerusalemgo Ekialdea, Transjordaniaren esku geratu zen eta Egiptok, aldiz, Gaza hartu zuen. Hortaz geroztik, israeldar eta arabiarren arteko gatazkak etengabeak izan dira.
Ondorioak
Alde batetik, juduen kontrolpean geratu zirenak, zapaldu bezala bizi ziren, bestetik, Jordania eta Egiptoren administraziopean geratu zirenak, ez zuten estatu horietan integratu nahi eta errefuxiatu eremuetan bildu zituzten, NBE-ko Errefuxiatuaren Batzordearen administraziopean. Errefuxiatu eremuetako bizitzak, palestinarren kontzientzia nazionalaren eta erresistentzia antolatuaren jaiotza ekarri zuen.
Erreferentziak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: 1948ko Arabiar-israeldar Gerra |
- ↑ Chaim Herzog, The Arab-Israeli wars. 1982, ISBN 978-0-85368-367-4.
- ↑ Morris, 2008, pp. 400, 419
- ↑ a b c d Oren, Michael. (2003). Six Days of War. New York: Random House Ballantine Publishing Group, 5 or. ISBN 0-345-46192-4..
- ↑ Morris (2008), p.260.
- ↑ Gelber (2006), p.12.
- ↑ Pollack, 2004; Sadeh, 1997