1981eko otsailaren 23ko Espainiako estatu-kolpea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Leopoldo Calvo-Sotelo presidente izendatzeko bozkatzen ari zirela gertatu zen estatu-kolpe saiakera.

1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpea, ezagunago 23-F izenez, Espainian garai hartako agintari militar batzuek arrakastarik gabe gauzatutako estatu-kolpea izan zen. Gertakaririk ezagunena Espainiako Diputatuen Kongresua erasotzea eta hartzea izan zen: guardia zibil talde batek, Antonio Tejero teniente koronela buru zuela, Kongresua hartu zuen, Leopoldo Calvo-Sotelo presidente izendatzeko bozkatzen ari zirenean.

El Tejerazo ("Tejerokada") ezizenez ere ezaguna izan zen, egile nagusia Tejero izan zelako.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981eko estatu-kolpea Espainiako Trantsizio Demokratikoan izandako gertakariekin lotura estatua da. Lau elementuek etengabeko tirabirak sortzen zituzten, UCDko gobernuak kontrolatu ezin zituenak: krisi ekonomikotik eratorritako arazoak[1], Estaturako banaketa administratibo berria sortzeko zailtasunak, ETAren ekintza terroristak eta armadako hainbat sektoreren erresistentzia sistema demokratiko bat onartzean.

Galaxia operazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Galaxia operazioa

1977ko apirilean indar armatuen egonezinaren lehen sintomak azaltzen hasi ziren, PCEren legeztapena zela eta. Urte hartako apirilaren 9an armadako almirante, Marina ministro eta Armadako Kontseilu Gorenak dimisioa aurkeztu zuten Alderdi Komunistaren legeztapenaren desadostasuna agertuz. 1978ko azaroan Galaxia operazioaren desartikulazioa gertatu zen, saiakera kolpista bat eta ondorioz, arduradun nagusiari, Antonio Tejerori, zazpi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zitzaion.

Suárezen dimisioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1981eko urtarrilaren 29an Adolfo Suárezek Gobernuko presidentetza utzi zuen. Hainbat gertakari izan ziren eragileak. Otsailaren 1ean "Almendros" kolektiboak egunkari batean kolpearen aldeko artikulu bat argitaratu zuten; otsailaren 2tik 4ra, Espainiako erregeek Gernikako Batzar Etxea bisitatu zuten eta oihukatuak izan ziren. Otsailaren 6an, Lemoizko zentral nuklearreko José María Ryan ingeniaria erail zuten.

Garai zail hartan, Suárezen ordezkapena martxan jarri zuten. UCDko II. Kongresua ospatu zuten Mallorcan eta Agustín Rodríguez Sahagún alderdiko presidente aukeratu zuten, baina otsailaren 10ean Leopoldo Calvo-Sotelo Espainiako Gobernuko buru izan zen izendatua.

Inbestidura saioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Otsailaren 18an, Calvo-Sotelok bere gobernua aurkeztu zuen, baina otsailaren 20ko bozketan ez zuen gehiengoa lortu presidentetza lortzeko. Horregatik, otsailaren 23an berriz bozkatu behar izan zuten, baina kolpezaleek egun hori aukeratu zuten estatu-kolpea egiteko.

Diputatuen Kongresuko erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diputatuen Kongresua.

Trantsizioko hainbat indar kolpista batu ziren otsailaren 23ko estatu-kolpeko erasoan, ekintza koordinatu baten bidez. Arratsaldeko 6etan Leopoldo Calvo-Soteloren Espainiako presidenterako inbestidura bozketa hasi zen. 18:22etan Manuel Nuñez diputatu sozialistak bere botoa ematera zihoanean, "Duque de Ahumada" operazioa martxan jarri zen. Guardia zibil talde bat metrailetekin Madrilgo Diputatuen Kongresuko hemizikloan indarka sartu ziren Antonio Tejero teniente koronela buru zela. Honek "¡Quieto todo el mundo!" oihua bota zuen eta denak lurrera botatzeko agindua eman zuen.

Manuel Gutiérrez Mellado bere eserlekutik altxatu eta Tejerori zuzendu zitzaion armak uzteko eskatuz. Tejerok bere aginduak berresteko tiro bat bota zuen airera eta beste guardia zibil erasotzaileek ere hainbat tiro bota zituzten euren su-armekin. Diputatu guztiek aginduak jarraitu zituzten eta beren burua lurrera bota zuten, Adolfo Suárezek eta Santiago Carrillok izan ezik, biek nork bere eserlekuan eseririk jarraitu baitzuten.

Grabazioa zuzenean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Televisión Españolako langile bat inbestidura grabatzen ari zela, bere bizia arriskatu zuen estatu-kolpeko ordu erdi grabatuz. Gau hura "la noche de los transistores" (euskaraz transistoreen gaua) bezala deitu zuten Espainiako biztanleriaren kopuru handi batek Cadena SER irrati-katearen bitartez estatu-kolpea jarraitu baitzuten.

Valentziako altxamendua eta behin-behineko gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plan golpistari jarraituz Valentzian Jaime Milans del Bosch kapitan jeneralak altxamendua eragin zuen kalera tankeak ateraz eta eraikin publiko guztiak setiatuz, hala nola udaletxea eta Valentziar Gorteak. Salbuespen egoera ezarri zuen eta beste militar batzuek altxamendua jarraitzen saiatu zen.

Gaueko bederatzietan Barne Ministroak idatzi bat pasa zien komunikabideei Espainiako Gobernuko idazkariordeen behin-behineko gobernua dekretatuz. Francisco Láina Estatuko Segurtasun zuzendaria buru zela.

Erregearen eskuhartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joan Karlos Ia. erregeak ezezko borobila eman zion estatu-kolpearen alde joateari. Gestiak egin zituen Madrilgo Palace hotelean Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren orduko zuzendari nagusiekin. Jordi Pujol orduko Generalitateko presidenteak RNE irratiaren bitartez lasaitasunerako deia eman zuen.

Erregeak ere Sabino Férnandez Camporen laguntza izan zuen, orduko Errege Etxeko Idazkari Nagusia, eta erregeri lagundu zion hainbat sektore militarri dei eginez: kapitaintza nagusiei, estatu nagusiari, eta abarri.

Ronald Reagan Estatu Batuetako presidenteak Espainiara eginiko bisita (1981), Antonio Tejeroren estatu-kolpetik gutxira.

Hainbat gestioaren ondoren eta Alfonso Armadaren laguntzaz, otsailaren 24ko goizaldean RTVEn saioa berezia emititu zen zuzenean, non Erregeak Indar Armatuen indarra kolpisten aurka, konstituzioaren defentsa eta Jaime Milans del Boschen desautorizazioa agindu zuen. Une hartarik aurrera, estatu-kolpea porrot egin zuen. Antonio Tejero eta Bosch atxilotuak izan ziren eta azkenik, diputatuak aske utzi zituzten 24ko arratsaldean.

Nazioarteko erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kongresuko erasoa gertatu bezain laster, Europar Ekonomia Elkarteko estatuek gogor salatu zuten estatu-kolpea. Orduan Espainia ez zegoen Batasunean sartuta; 1986ean sartu zen. Erresuma Batuko lehen ministro Margaret Thatcherek "ekintza terroristatzat" jo zuen Madrilen gertatzen ari zena.

Ameriketako Estatu Batuak neutral agertu ziren gertakari guztietan. Estatu Idazkariak esan zuen "Diputatuen Kongresuko erasoa espainiarren barne arazo bat da". Hori bai, kolpe saiakera amaitzean iritzia aldatu zuten eta "Poztu behar dugu Espainiako demokraziak irabazi duelako" esan zuten.[2]

Santiago Carrilloren arabera, Vatikanoak "bazekien gertatu behar zena". Otsailaren 23an Espainiako Apezpiku Batzarra bilduta zegoen, baina ez zuen adierazpenik egin 24ra arte, orduan porrot egindako estatu-kolpea kondenatu zuten.

Epaia eta kolpearen ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolpeak parte hartu zuten 30 kideen aurka epaia ospatu zen Madrilen. Honakoa izan ziren militarrak eta kartzela-zigorrak:

Indar Armatuetako kideak
  1. Jaime Milans del Bosch y Ussía. Teniente Jenerala eta III. Eskualde Militarrekin Kapitain Jenerala. 30 urteko kartzela-zigorra.
  2. Alfonso Armada y Comyn. Dibisio Jenerala eta Lehor Armadako 2. Estatu Nagusiko kidea. 6 urteko kartzela-zigorra, 30 urtera luzatua Auzitegi Gorenak (TS), 1988an indultatua.
  3. Luis Torres Rojas. Dibisio Jenerala eta A Coruñako Gobernadore Militarra. 6 urteko kartzela-zigorra, 12ra luzatua Auzitegi Gorena (TS), 1988an indultatua.
  4. Diego Ibáñez Inglés. Ingeniarien Koronela eta III. Eskualde Militarreko 2. Estatu Nagusia. 5 urteko kartzela-zigorra, 10era luzatua Gorenak.
  5. José Ignacio San Martín López. Artilleriako koronela eta Brunete Dibisio Korazatuko Estatu Nagusiko kidea. 6 urteko kartzela-zigorra, 10era luzatua Gorenak.
  6. Pedro Mas Oliver. Infanteriako teniente koronela. 6 urteko kartzela-zigorra.
  7. Camilo Menéndez Vives. Itsas Armadako ontzi kapitaina. Urtebeteko kartzela-zigorra.
  8. Ricardo Pardo Zancada. Infanteriako komandantea. 6 urteko kartzela-zigorra, Auzitegi Gorenak 12ra luzatua, 1989an indultatua.
  9. Carlos Alvárez-Arenas y Pardina. Infanteriako kapitaina. 3 urteko lan-zigorra.
  10. José Pascual Gálvez. Infanteriako kapitaina. 3 urteko lan-zigorra.
  11. Francisco Dusmet García-Figueras. Infanteriako kapitaina. 2 urteko lan-zigorra.
  12. José Cid Fortea. Intendentziako kapitaina. 2 urteko lan-zigorra.
Guardia Zibileko kideak
  1. Miguel Manchado García. Koronela. 6 urteko kartzela-zigorra, 8ra luzatua Gorenak.
  2. Antonio Tejero Molina. Teniente koronela. 30 urteko kartzela-zigorra.
  3. Vicente Gómez Iglesias. Kapitaina. 6 urteko kartzela-zigorra.
  4. Jesús Muñecas Aguilar. Kapitaina. 5 urteko kartzela-zigorra.
  5. José Luis Abad Gutiérrez. Kapitaina. 5 urteko kartzela-zigorra.
  6. Enrique Bobis González. Kapitaina. 3 urteko kartzela-zigorra.
  7. Francisco Acera Martín. Kapitaina. 3 urteko kartzela-zigorra.
  8. Carlos Lázaro Corthay. Kapitaina. 3 urteko lan-zigorra.
  9. Juan Pérez de la Lastra. Kapitaina. 3 urteko lan-zigorra.
  10. César Alvárez Fernández. Tenientea. Urtebeteko kartzela-zigorra.
  11. Pedro Izquierdo Sánchez. Tenientea. Urtebeteko kartzela-zigorra.
  12. Vicente Ramos Rueda. Tenientea. Urtebeteko kartzela-zigorra.
  13. Santiago Vecino Núñez. Tenientea. Urtebeteko kartzela-zigorra.
  14. Miguel Boza Carranco. Tenientea. Urtebeteko kartzela-zigorra.
  15. Jesús Alonso Hernaiz. Tenientea. Urtebeteko kartzela-zigorra.
  16. José Núñez Ruano. Tenientea. Urtebeteko lan-zigorra.
  17. Vicente Carricondo Sánchez. Tenientea. Urtebeteko lan-zigorra.
Zibilak
  1. Juan García Carrés. Sindicatos Verticales alderdi frankistako kide ohia. 2 urteko kartzela-zigorra.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Cacho, Jesús. El negocio de la libertad. 1999. ISBN 84-930481-9-4.
  • Busquets, Julio; Aguilar, Miguel A.; Puche, Ignacio. El golpe: anatomía y claves del asalto al congreso. 1981 (kolpea gertatu eta egun gutxira idatzitakoa).
  • Medina, Francisco. 23F, la verdad. 2006 (kolpetik 25 urteetara idatzitakoa).
  • Segura, Santiago y Merino, Julio. Jaque al Rey. Los “enigmas” y las “incongruencias” del 23-F ... dos años después. Bartzelona: Planeta, 1983. ISBN 84-320-5692-8.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]