2014 Frantzian

Wikipedia, Entziklopedia askea

Jarraian, 2014k Frantzian emandakoa azaltzen da.

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 25ean, Frantziako Gobernu osoak dimisioa eman zuen, Manuel Valls lehen ministroak iragarri zuenez. François Hollande presidenteak Gobernu berri bat sortzeko eskatu zion Vallsi. Hollanderen Gobernuaren aurka Ekonomia eta Hezkuntza ministroek egindako kritiken ondoren etorri zen Frantziako krisi berria. Arnaud Montebourg Ekonomia ministroak hazkunde politikak eta ez murrizketak bultzatzea defendatu zuen[1].

Abuztuaren 26an, Manuel Valls Frantziako lehen ministroa 13:00etan heldu zen Eliseora, François Hollande presidentearekin Gobernu berria nortzuek osatuko zuten zehazteko[2]. Gobernuan ez zuten segituko Eliseoak hartutako neurri ekonomikoekin kritiko agertu ziren hiru ministroak: Arnaud Montebourg Ekonomia ministroak, Benoit Hamon Hezkuntza ministroak eta Aurelie Fillipetti Kultura ministroak. Haien ordezkoak izango ziren, hurrenez hurren, Emmanuel Macron, Najat Vallaud-Belkacem eta Fleur Pellerin. Era berean, Gazte eta Kirol ministerioa sortzea adostu zuten; Patrick Kannerrek gidatuko zuen. Arratsaldean zehar gobernua osatzeko bilerak egin zituen Vallsek[3].

Abuztuaren 27rako, kritikoez garbitu zuen gobernua Vallsek. Aldaketa gutxi baina nabarmenak egin zituen Valls lehen ministroak Frantziako Gobernuan. Emmanuel Macron izan zen bat, Ekonomia ministroa, Erantzukizun Itunaren sustatzaileetako bat. Bestalde, Najat Vallaud-Belkacemek hartu zuen Hezkuntzako Ministerioa, eta Fleur Pellerinek Kulturakoa. Macronen izendapenarekin eskuinera jo zuen Hollandek. Ekologistek ez zuten onartu gobernuan sartzea, nahiz eta azken unera arte negoziazioak egon ziren[4].

Abuztuaren 28an, Emmanel Macron Frantziako Ekonomia ministro berriak 35 lan-orduko astearen inguruko eztabaida berpiztu zuen, langileekin adostasunera iritsiz gero, enpresek arau hori indargabetzeko aukera izatearen alde agertu baitzen[5].

Iraila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren 3an zabaldu zenez, Manuel Valls Frantziako lehen ministroak irailaren 16an konfiantza botoa eskatuko zuen Asanblea Nazionalean, abuztuan osatutako gobernuarentzat. PSk 290 diputatu zituen 577 aulkiko ganberan, gehiengo osoa justuan, baina kritikoek Hollanderen aurkako presioa gogortu egin zuten[6].

Irailaren 16an, Manuel Valls Frantziako gobernuburuari konfiantza berresteko edo kentzeko aukera zuten Asanbleako kideek. PSko hogeita hamarren bat diputatu abstenitu arren, zitekeena zen Frantziako Asanblearen babesa eskuratzea[7]. Azkenik, Frantziako Parlamentuak bere konfiantza agertu zion Manuel Vallsen Gobernu berriari. 269 diputatuk alde bozkatu zuten; 244k aurka; eta 53 abstentzio izan ziren, horietatik 30 bat diputatu sozialistena[8].

Irailaren 17an, argitaratutako inkesta baten arabera, Frantziako hamar herritarretik bederatzik (%90) ez zuten nahi François Hollande presidentea 2017ko bozetara aurkeztea. Alain Juppe (UMP), Marine Le Pen (FN) eta Manuel Valls lehen ministroa baloratu zituzten ondoen[9].

Irailaren 18an, Hollandek bi urte atzeratu nahi zuen %3ko defizit muga, 2017ra arte. Frantziako presidentearen ustez, ezinekoa zen lehiakortasuna eta kontu publikoak aldi berean onbideratzea. «Abiadura ezberdinetan banatutako Europa» defendatu zuen[10].

Irailaren 19an zabaldu zenez, politikaren lehen lerrora itzuliko zen Sarkozy. UMPko presidentetzarako aurkeztea zen haren asmoa. Sare sozialen bidez egin zuen iragarpena Frantziako presidente ohiak. Alain Juppe UMPko kideak adierazi zuenez, Sarkozyren itzulerak "eztabaida aberasten" lagunduko zuen alderdiaren barruan[11].

Irailaren 21an zabaldu zenez, Sarkozyk izena eta antolaketa aldatu nahi zituen bere alderdian. Hala UMP alderdiari segida emateari uko egin zion. 2002an sortu zen eta alderdikideen artean zatiketa handia zegoen[12].

Irailaren 22an, Fronte Nazionalaren boto-emaileak "banan-banan" berreskuratzea zuela helburu Sarkozyk zabaldu zen[13].

Irailaren 24an, eten egin zuten Sarkozy nahasita zegoen ustelkeria auzi baten ikerketa. Frantziako presidente ohiak inputatuta jarraituko zuen, auzia baliogabetu edo ez erabaki arte. UMPn hautagaitza aurkeztu berritan iritsi zen etena[14].

Irailaren 28an, senatuko ordezkarien erdiak berritzeko bozak egin zituzten Frantzian, eta PS Alderdi Sozialistak beste kolpe bat jaso zuen. Senatuan gehiengoa galduta, gobernabidea zaildu zitzaion Hollanderi. Jokoan ziren 178 senatarietatik 116 eskuratu dituzte UMPk eta UDIk; PSk, berriz, 59[15]. PSF gainbehera betean sartu zen. UMPk gehiengoa berreskuratu zuen Frantziako Senatuan, eta Hollande eta Vallsen erreformak zailduko zituen. FN ganberan sartu zen, lehen aldiz[16].

Irailaren 29an, Bygmalion auziaren ikerketarekin lotuta, Bastien Millot Komunikazio Kabineteko buru ohia eta beste hiru lagun atxilotu zituzten. Finantza arloko hiru epaile eta Polizia Judiziala ari ziren ikertzen Nicolas Sarkozyk 2012ko presidentetza hauteskundeetan izan omen zituen gehiegizko gastuak estaltzeko faktura faltsuen auzia[17].

Irailaren 30ean hasi zen eskuinaren Eliseorako lehia hauteskundeengatik. Itxi zen UMP alderdiko presidentea izateko hautagaitza aurkezteko epea eta Sarkozy zen azaroaren 29an egitekoak ziren bozkaketa irabazteko faboritoa[18].

Urria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 1ean, gastua 21.000 milioi eurotan murriztuko zuela Frantziak 2015ean zabaldu zen. Hala ere, Bruselarekin adostutako defizit helburuak beteko ez zituztela jakinarazi zuen Frantziako Gobernuak. Kontu publikoek ez zuten 2019ra arte oreka berreskuratuko[19]. Egun berean, Frantzian Bygmalion auzia zela-eta atxilotutako hiru lagun inputatu zituzten[20].

Urriaren 2an, bost pertsona hil ziren eta beste bi zauritu, Frantzia ipar-ekialdean, Doubs departamenduan, izan zen helikoptero-istripuan. Etxe partikular bateko lorategira erori zen helikopteroa. Lausanatik Montbeliarderako bidea egiten ari ziren[21]. Egun berean, UMPko bi zuzendari ohi atxilotu zituzten Sarkozyren kanpainako auziarekin lotuta[22].

Urriaren 8an, bigarren haurretik aurrera familiek jasotzen zuten laguntza heren bat gutxitzen zuen Gizarte Segurantzaren 2015eko aurrekontua onartu zuen Frantziako Gobernuak. Diputatu sozialista gehienek, hala ere, ez zuten murrizketa hori onartu eta errenta maila batetik gora zutenek halakorik ez jasotzea eta, horren ordez, saria gutxiago jaistea proposatu zuten[23].

Sakontzeko, irakurri: «Rémi Fraisseren heriotza»

Urriaren 27an jakin zenez, urriaren 25ean Okzitaniako Sivenseko urtegiko (Tarn departamenduan) lanen aurka eginiko protestetan hildako gaztea «leherketa baten» ondorioz hil zen, autopsiaren arabera. Hala ere, ikerketak ez zuen zehazterik izan leherketaren jatorria. Protestetan 2.000 lagunek parte hartu zuten. Lekukoen arabera, Poliziarekin izandako liskarretan hil zen Remi Fraisse 21 urteko gaztea[24].

Urriaren 29an, Frantziako Gobernuak bertan behera utzi zuen Okzitaniako Sivens herrian urtegi bat eraikitzeko asmoa. Proiektua eten eta «adostasuneko prozesu bat» hasiko zuela jakinarazi zuen Segolene Royalek, Ekologia ministroak. Arrazoia, ordea, ingurumenekoa zen, izan ere, Royalek irmo babestu zuen Poliziaren eta Barne Ministerioaren jokabidea[25].

Urriaren 31ean, Frantziako irrati kate nazionalak Parisen zuen egoitzan, frantsesez Maison de la Radio izenaz ezagutzen zen horretan, sutea piztu zen eguerdian. Ondorioz, eraikina jendez hustu behar izan zuten eta irratiaren emisioak eten zituzten[26].

Azaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaroaren 1ean, istilu larriak izan ziren Nantesen (Bretainian) eta Okzitaniako Tolosan manifestarien eta Frantziako Poliziaren artean. Urriaren 26an, Okzitanian, Poliziak Remi Fraisse hil zuen, eta hura oroitzeko manifestazioetan piztu ziren liskarrak. Nantesen bi polizia eta hiru manifestari zauritu zituzten, eta beste hamasei lagun atxilotu. Tolosan manifestariek kaleak itxi zituzten, eta Polizia negarra eragiteko gasarekin oldartu zitzaien[27].

Azaroaren 3an, Odoxa etxeak egindako inkesta baten arabera, Frantziako herritarren %71k nahi zuten Manuel Valls lehen ministroak presidentetza hartzea legealdia amaitu arte[28].

Azaroaren 4an, Frantzia erdibideko irtenbide baten bila ari zen. Frantziako Gobernuak hiru aditu bidaliko zituen Sivenseko urtegira, konponbide bat aztertzera[29].

Azaroaren 6an jakin zenez, Hollande ez zen berrautaketara aurkeztuko langabeziak behera egin ezean. “Hanka-sartzeak” izan zituela onartu zuen Frantziako presidenteak, bereziki 2013an langabeziak behera egin behar zuela aurreratu zuenean. “Ez dugu hazkunde nahikorik”, onartu zuen[30]. Bestalde, Nicolas Sarkozy presidente ohiaren itzulerak ez zuen hark esperotako harrera izan. Inkesten arabera, Alain Juppe alderdikideak babes handiagoa izango zukeen. 2015ean egingo zituzten primarioak 2017ko bozetarako presidentegaia aukeratzeko. BVAko inkestaren arabera, %56k babestuko zuketen Juppe, eta, %26k Sarkozy[31].

Azaroaren 12an jakin zenez, Frantzian Palestina onartzeko bozketa azaroaren 28an izango zen[32].

Azaroaren 15ean, 5 pertsona hil ziren, bi ume zeuden tartean, Frantzian izandako uholdeetan[33].

Azaroaren 19an, Frantzia hamahiru eskualdetan banatzea onartu zuen Frantziako Asanbleak. Azaroaren 25ean, bozkatuko zuten lege proposamen osoaz, baina egun horretan onartu zuten lurralde erreformaren lehen artikulua. Ipar Euskal Herria Akitania, Limousin eta Poitou-Charentesek osatutako eskualdearen barnean egongo zen[34].

Azaroaren 24an, hamahiru eskualdek osatutako Frantziako mapa onartu zen. Eskualdeak 22 izatetik 13ra pasako ziren. 277 diputatu alde azaldu ziren; 253 diputatu aurka; 33 abstenitu egin ziren[35].

Azaroaren 25ean, 'Tapie auzia' eta berarekin batera Christine Lagarde, epaiaren zain geratu ziren[36].

Azaroaren 28an, UMPn primarioetako borroka hasi zen. Sarkozyk egindako batzar batean, bere aldekoek Jupperi txistu egin zioten. Honek UMP bi zatitzan banatzen ari zela adierazten zuen[37]. Homosexualen ezkontzaren legearen inguruko eztabaidak eta primario zabalduak egotea kanpaina baldintzatu zuten[38].

Azaroaren 29an, UMPko buru aukeratu zuten Nicolas Sarkozy, bozen %64,5 jasota. Alderdiarekin 2017ri begira zer egingo zuen zen zalantza[39].

Abendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abenduaren 9an, eskualdeen mapa aldatua bozkatua eta onartua izan zen[40].

Abenduaren 10ean, Frantziako ekonomia indartzeko beta liberalizatzeko neurri sorta onartu zuten, tartean, dendak urtean hamabi igandetan irekitzea. Ministroen Kontseiluan onartu ostean, urtarrilaren 22tik aurrera eztabaidatuko zuten parlamentuan[41]. Zenbait lanbide liberalizatzea eta autobus garraioari trabak kentzea ere proposatzen zuen gobernuak. Bruselari egindako keinua zen 'Macron legea'[42]. Baina lege honek ez zuen ziurtatua PSFko kritikoen babesa eta igandeko lana zabaltzearen aurka zeuden ezkerrekoak. Gainera, notarioek eta abokatuek protesta egin zuten sektorearen liberalizazioa salatzeko[43]. Lapurdiko dendari batzuk alde agertu arren, langileen eskubideaz kezkatuta zegoen LAB sindikatua[44].

Abenduaren 12an, hilurrenekoen sedazioak arautzeko legea egiten ari zirela esan zuen Hollandek. Urtarrilean hasiko zuten gaiari buruzko eztabaida. Eutanasia eta suizidio lagundua proposamenetik at geratu ziren[45].

Abenduaren 18an, edertasunerako produktuak saltzen dituzten hainbat enpresei 605,9 milioi euroko isuna jarri zien Frantziak, prezioak adosteagatik[46].

Abenduaren 21ean, poliziak tiroz hil zuen gizon bat Frantzian, poliziei eraso egin eta gero. Labanaekin eta ‘Ala handia da’ oihu eginez sartu zen polizia-etxera[47].

Abenduaren 22an, hamar pertsona zauritu ziren Frantzian auto batekin egindako bigarren erasoan[48].

Abenduaren 23an, mediku jeneralistek greba egin zuten Frantziako osasuneko lege proiektuaren aurka. Zuzeneko ordainketarik gabeko sistema orokortzearen aurka zeuden. Bestalde, larrialdietakoek ordutegiak murrizteko akordioa egin zuten[49].

Abenduaren 29an jakin zenez, Frantziak abiadura muga jaitsi egingo zuen istripu askoko lekuetan. Trafiko-istripuetako hildakoen kopurua gutxitu nahi zuten, urtean 2.000tik beherakoa izateko. 2013an, 3.268 izan ziren hildakoak[50]. Egun berean jakin zenez, mila frantziarrek harremanen bat zuten Siria eta Irakeko jihadistekin, hau da, Estatu Islamikoarekin edo Siriako Gerra Zibilan izan zuten parte hartzeagatik. Batzuek talde jihadistekin egin zuten borroka, eta beste batzuk talde horietan zeuden. Azkenik, beste batzuek taldeetan sartzeko asmoa zuten[51].

Abenduaren 30ean jakin zenez, bost pertsona hil ziren Frantzian asteburuko hotz-boladaren ondorioz. Etxerik gabekoak ziren, hiru hipotermiak jota hil ziren eta beste bi berotzeko piztu zuten suaren ondorioz[52].

Abenduaren 31ean, François Hollandek 2014 errepasatu zuen, telebistaz eman zuen hitzaldian[53].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Frantziako Gobernuak dimisioa eman du, eta Vallsek berria egingo du», EiTB, 2014-08-25
  2. «Valls Eliseoan dago, Hollanderekin Gobernu berria zehazteko», EiTB, 2014-08-26
  3. «Kritikoek ez dute gobernuan jarraituko», Berria, 2014-08-26
  4. Adrian Garcia, «Kritikoez garbitu du gobernua», Berria, 2014-08-27
  5. «Frantziako Ekonomia ministro berriak 35 orduen eztabaida berpiztu du», EiTB, 2014-08-28
  6. «Konfiantza galdea egingo du Vallsek irailaren 16an», Berria, 2014-09-04
  7. Iker Aranburu, «Vallsek aurre egingo dio gaur konfiantza botoari», Berria, 2014-09-16
  8. «Manuel Vallsek konfiantza mozioa gainditu du Parlamentuan», EiTB, 2014-09-16
  9. «%90», Berria, 2014-09-18
  10. Jon Fernandez, «Hollandek bi urte atzeratu nahi du %3ko defizit muga, 2017ra arte», Berria, 2014-09-19
  11. «Politikaren lehen lerrora itzuliko da Sarkozy», Berria, 2014-09-19
  12. «Sarkozyk izena eta antolaketa aldatu nahi ditu bere alderdian», EiTB, 2014-09-21
  13. «Fronte Nazionalaren boto-emaileak "banan-banan" berreskuratzea du helburu Sarkozyk», Berria, 2014-09-22
  14. Xabin Makazaga, «Eten egin dute Sarkozy nahasita dagoen ustelkeria auzi baten ikerketa», Berria, 2014-09-25
  15. «Senatuan gehiengoa galduta, gobernabidea zaildu zaio Hollanderi», Berria, 2014-09-29
  16. Xabin Makazaga, «PS, gainbehera betean», Berria, 2014-09-30
  17. «'Bygmalion auziko' faktura faltsuen auzian, lau atxilotu», Berria, 2014-09-30
  18. Adrian Garcia, «Hasi da eskuinaren Eliseorako lasterketa», Berria, 2014-10-01
  19. «Gastua 21.000 milioi eurotan murriztuko du Frantziak 2015ean», EiTB, 2014-10-01
  20. «Frantzian 'Bygmalion auzia' dela-eta atxilotutako hiru lagun inputatu dituzte», Berria, 2014-10-02
  21. «Bost pertsona hil dira Frantzian, helikoptero-istripuan», EiTB, 2014-10-02
  22. «UMPko bi zuzendari ohi atxilotu dituzte Sarkozyren kanpainako auziarekin lotuta», Berria, 2014-10-03
  23. «Familien laguntza murriztearen alternatiba bat aurkeztuko du PSk», Berria, 2014-10-09
  24. «Okzitaniako protestetako gaztea «leherketa baten» ondorioz hil da», Berria, 2014-10-28
  25. «Frantziako Gobernuak eten egin ditu Sivenseko urtegia eraikitzeko lanak», Berria, 2014-10-30
  26. «Sutea piztu da Frantziako irrati kate nazionalaren egoitzan», EiTB, 2014-10-31
  27. «Istiluak Okzitanian eta Bretainian, Poliziak hildako gaztearen harira», Berria, 2014-11-02
  28. «%71», Berria, 2014-11-04
  29. Adrian Garcia, «Erdibideko irtenbide baten bila», Berria, 2014-11-05
  30. «Hollande ez da berrautaketara aurkeztuko langabeziak behera egin ezean», EiTB, 2014-11-06
  31. «Sarkozyren itzulerak indarra galdu du», Berria, 2014-11-07
  32. «Frantzian Palestina onartzeko bozketa, azaroaren 28an», Berria, 2014-11-13
  33. «5 pertsona hil dira, tartean bi ume, Frantzian izandako uholdeetan»[Betiko hautsitako esteka], EiTB, 2014-11-15
  34. «Estatua hamahiru eskualdetan biltzea onartu du Frantziako Asanbleak», Berria, 2014-11-20
  35. Ipar Euskal Herriko Hitza, «Hamahiru eskualdek osatutako Frantziako mapa berretsi dute 277 diputatuk», Berria, 2014-11-25
  36. «'Tapie auzia' eta Christine Lagarde, epaiaren zain», Berria, 2014-11-26
  37. P. Berhouet, «Primarioetako gudua hasita dago», Berria, 2014-11-29
  38. Patxi Berhouet, «Nicolas txikiren itzulera», Berria, 2014-11-29
  39. Nora Arbelbide, «Sarkozyrekin berriz», Berria, 2014-11-30
  40. «Eskualdeen mapa aldatua, behin betiko bozkatua», Berria, 2014-12-10
  41. «Frantziak abian jarri du ekonomia liberalizatzeko neurri sorta», Berria, 2014-12-10
  42. Miren Garate-Iker Aranburu, ««Desblokeatzea» da formula», Berria, 2014-12-11
  43. Iker Aranburu, «Legegaiak ez du ziurtatua PSko kritikoen babesa», Berria, 2014-12-11
  44. Itxaso Cuevas, «Igandea, asteko pausa ala asteko mauka», Berria, 2014-12-11
  45. Arantxa Iraola, «Hilurrenekoen sedazioak arautzeko legea bidean dela adierazi du Hollandek», Berria, 2014-12-13
  46. «605,9», Berria, 2014-12-19
  47. «Tiroz hil dute gizon bat Frantzian, hark poliziei eraso egin ostean», EiTB, 2014-12-21
  48. «Hamar lagun zauritu dituzte Frantzian auto batekin egindako bigarren erasoan», Berria, 2014-12-23
  49. Maddi Ane Txoperena Iribarren, «Mediku jeneralistak greban dira Frantziako osasuneko lege proiektuaren aurka», Berria, 2014-12-24
  50. «Frantziak abiadura muga jaitsiko du istripu asko izaten diren lekuetan», EiTB, 2014-12-29
  51. «Mila frantziarrek harremanen bat dute Siria eta Irakeko jihadistekin», EiTB, 2014-12-29
  52. «Bost lagun hil dira Frantzian asteburuko hotz-boladaren ondorioz », EiTB, 2014-12-30
  53. «Hollandek 2014 errepasatuko du, telebistaz emango duten hitzaldian», EiTB, 2014-12-31

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]