2014ko Krimeako krisia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Krimearen kokalekua, Ukrainan

2014ko Krimeako krisia Krimean (Ukraina) gertatu zen eskualdeko eta nazioarteko krisi diplomatikoa zen. 2014ko Ukrainako estatu-kolpearekin hasi zen, non Viktor Janukovitx boteretik aldendu zuten. Horren ondorioz etnikoki errusiarrak ziren hainbat krimearrek protestak abiatu zituzten, eskaera hauekin: berriro Errusiarekin bat egitea, Ukrainaren barruan autonomia gehiago izatea edo independentzia bera. Beste talde batzuek —bereziki, etniaz ukrainarrak direnek eta Krimeako tatariarrek— Kieveko gobernua babestu zuten.

Gertaerak

Otsailak 26

Errusiak bere indar militarretako 150.000 kide Ukrainaren mugatik gertu kokatu zituen, ariketa militar batean. Hurrengo egunean hainbat pertsona armatuk Krimeako Parlamentua hartu zuten, bi aireporturekin batera. Ondoren Krimeako Kontseilu Gorenak Kieveko gobernuaren aurka egin zuen eta Anatoli Mohilioven ordez Sergei Axionov jarri zuten buru.

Egun berean, lagun bat hil zen, antza bihotzekoak jota, Krimean egin zuten elkarretaratze jendetsuan. Krimeako Parlamentuaren aurrean izan zen protesta, eta bertan bildu ziren Ukrainako ordungo Gobernuaren aldekoak eta Errusiaren aldekoak, Ukrainako herritarren jarrera kontrajarriak agerian utzita. Polizia-lerroarekin bananduta egon ziren bi taldeak, baina tentsio uneak eta liskarrak izan ziren. Kieveko Independentzia Plazako manifestariek alde egin zuten Krimeako Parlamentuko egoitzatik; Errusiaren aldekoak, berriz, bertan jarraitzen zuten[1].

Otsailak 27

Errusiar Hiztunen Autodefentsa taldeak Krimeako, Ukrainako errepublika autonomoko, Parlamentuaren eta Gobernuaren egoitzak hartu zituen, bertako hedabideek eta agentziek jakitera eman zutenez. Taldea militar eta zerbitzu sekretuetako agente ohiek osatzen zuten, baina ez du zehaztu nongoak ziren. Oleksander Turtxinov presidente berriak eta segurtasun agintari nagusiek Krimeako "separatismo seinaleak" salatu eta biharamunean izan zen erasoa. Turtxinovek bertan behera utzi zuen hizkuntza gutxituak babesten zituen legea, tartean errusiera, eta horrek tentsioa areagotu zuen.

Arsen Avakov Ukrainako jarduneko Barne ministroak alerta egoeran jarri ditu bere esku dauden Krimeako Polizia eta soldaduak. Barne Ministerioaren arduradunak azaldu zuenez, Simferopolen egoitzak hartu zituzten ekintzaileek fusil automatikoak eta metrailetak zeramatzaten. Violetta Lisina Krimeako Gobernuko bozeramaileak baieztatu egin zuen egoitza eta Parlamentua hartu duela 30 lagunek osatutako talde batek, baina ekintza horretan ez zela inor zauritu jakinarazi zuen. Errusiako Defentsa Ministerioak iragarri zuen borrokarako alertan jarri zituela Ukrainarekin muga egiten zuen eremuan zituen borroka hegazkin bonbaketariak. Errusiako Atzerri Gaietarako Ministerioak, Krimeako liskarren ondoren, ohartarazi zuen "irmoki" defendatuko zituela herrikideak. Alexandr Turtxinov Ukrainako jarduneko presidenteak berehala erantzun zion Errusiari, eta Itsaso Beltzean zituen ontziak ez mugitzeko eskatu zion. Bukatzeko, Moskuk ukatu egin zuen Viktor Yanukovitx kargugabetutako presidente ukrainarra bere herrialdean zegoela[2].

Egun berean, Krimeako Parlamentuak indarrik gabe utzi zuen bertako gobernua, eta autonomia gehiago eskatzeko referenduma deitu zuen. Maiatzaren 25ean egingo zuten, Ukrainako hauteskundeekin batera[3].

Otsailak 28

Ukrainak NBEren Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera eskatu zuen Krimeako penintsularen egoera aztertzeko. Arsen Avakov Ukrainako Barne ministroak salatu zuen militar errusiarrek Sebastopoleko Krimeako hiriko, aireportua blokeatu zutela, eta "inbasio militar eta okupazio"tzat jo zuen ekintza. Errusiak Itsaso Beltzean zuen Armadak ukatu egin zuen bere soldaduak izan zirenik Sebastopoleko aireportua hartu zutenak. Bestalde, Errusiaren aldeko talde armatu batek Simferopoleko eta Sebastopoleko (Krimea, Ukraina) aireportuak hartu zituen, baina gero alde egin zuten Ukrainako Armadako troparik ez zegoela ikusita, aireportuko iturriek jakitera eman zutenez.

Egun berean, Viktor Janukovitx Ukrainako presidente kargugabetuak prentsaurrekoa eman zuen, Euskal Herrian 14:00ak zirenean, Rostov Don hirian (Errusia). Suitzako Gobernuak Ukrainako 20 herritarren ondasunak blokeatu zituen, Viktor Janukovitxenak, horren semearenak eta horien inguru politikari batzuenak, besteak beste. Austriak ere 18 ukrainarren kontuak blokeatu zituen, ustez ustelkeriarekin eta giza eskubideen urraketekin lotutako pertsonenak.

Ukrainako Rada Gorenak diputatuei pribilegioak, ekonomikoak batez ere, kentzeko legea onartu zuen, baina ez zieten immunitatea kendu. Besteak beste, aparteko soldatak, dietak, ospitale berezietan artatzeko aukera eta garraio publikoa doan izateko aukera kendu zieten. Halaber, Krimeako Errepublika Autonomoaren Gobernuak ukatu egin zuen Ukrainarekiko independentziaren bila ari zenik. Bukatzeko, Sergei Narixkin Errusiako Diputatuen Ganberako presidenteak Ukrainako agintari berrien zilegitasunaren inguruan zuen iritzia agertzeko eskatu zion Zuzenbidearen Demokraziarako Europako Batzordeari, hau da, Veneziako Batzordeari[4].

Martxoak 1

Parlamentu errusiarreko Federazioko Kontseiluak aho batez onartu zuen Vladimir Putinek soldaduak Ukrainara, Krimeara, bidaltzeko eskaera. Alexnadr Turchinov Ukraniako bitarteko presidenteak alerta maximoan egoteko eskatu zien herrialdeko Indar Armatuei. Egun berean, Itsaspekoen aurkako bi ontzi ikusi zituzten Krimeako kostaldean. Horrek Sebastopoleko portuaren alokairua urratu zuen, bertan baitzuen Errusiako Itsas Armadak Itsaso Beltzean duen Flotaren basea. Baltikoko Flotaren ontziak ziren, baina Sebastopoleko badian zeuden ordurako. Halaber, Serguei Axionov Krimea errepublikako lehen ministroak laguntza eskatu zion Vladimir Putin Errusiako presidenteari, Ukrainako eskualde horretan bakea berrezartzeko eta egoera lasaitzeko. Bestalde, Barack Obama AEBetako presidenteak ohartarazi zuenez, "ondorioak" izango zituen Errusiak soldaduak bidaltzeak eta, Krimeraren subiranotasuna urratzeak "ezegonkortasun sakona" ekarriko zuen[5].

Martxoak 2

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak tropak Krimeatik ateratzeko eskatu zion Vladimir Putin Errusiako presidenteari, eta Ukrainako beste lekuetan eskuhartzerik ez egitea esan zion. Alemaniako Gobernuak iragarri zuenez, Vladimir Putinek Angela Merkel kantzilerrak "ikerketa misio bat" bidaltzeko proposamena onartu zuen. Bestalde, Errusiako soldaduek Ukrainako Armadako hainbat arma hartu zituen, eta Krimean zeuden soldadu ukrainarrei "Krimeako agintari legetimoarekin" bat egiteko eskatu zieten. Errusiako Armadako gudariek atzemandako armak erabiltzearekin mehatxatu zuten. Errifleak, pistolak eta kargatzaileak hartu zituzten, besteak beste. Bestalde, Ukrainako Segurtasun Nazionaleko eta Defentsa Kontseiluak Armada mugiarazteko agindua eman zuen, Errusiak soldaduak sartu ostean[6].

Egun berean, Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroaren esanetan, Errusiak soldaduak Krimeara bidaltzea "gerra-deklarazioa" zen eta Vladimir Putin presidenteari soldaduek atzera egitea agintzeko eskatu zion. Serguei Axionov Krimeako lehen ministroak iragarri zuen errepublika autonomo horretako Itsas Armada sortu zela[7].

Martxoak 3

Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroak esan zuenez, "Krimea ez zaio inori entregatuko". Ukrainako Gobernuko buruak esan zuen ez zegoela arrazoirik Errusiak Krimean esku-hartzeko. Dimitri Medvedev Errusiako lehen ministroak Kerchen zubi bat egitea agindu zuen, Krimeako penintsula (Ukraina) eta Krasnodar eskualdea (Errusia) lotzeko. Bestalde, Ukrainak ziurtatu zuenez, Errusiak Baltikoan eta Iparreko Itsasoan zituen zenbait ontzik Itsas Beltzekoekin bat egin zuten, Sebastopol portu krimearrean.

Egun berean, Urkrainako Defentsa Ministerioak salatu zuenez, gauean Errusiako bi hegazkin herrialdeko aire-espazioan sartu ziren, eta bi ehiza-hegazkin ukrainarrak haien bila abiatu ziren. Federazio Errusiarraren Kontseiluko Kanpo Arazoetarako Batzordeak, berriz, Krimeako agintariek Ukrainatik bereizi ala ez erabakitzeko deitutako erreferendumera begirale talde bat bidaltzea onartu zuen. Arseni Jatseniuk Ukrainako lehen ministroaren esanetan, Errusiak soldaduak Krimeara bidaltzea "gerra-deklarazioa" zen eta Vladimir Putin presidenteari soldaduek atzera egitea agintzeko eskatu zion. Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak tropak Krimeatik ateratzeko eskatu zion Vladimir Putin Errusiako presidenteari, eta Ukrainako beste lekuetan eskuhartzerik ez egitea esan zion[8].

Halaber, Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek balizko "ondorioak" izan zitzakeela ohartarazi zioten Errusiari euren bi aldeko harremanetan, besteak beste, bisak liberalizatzeko negoziaketetan, Moskuk Ukrainako krisian tentsioa jaisteko aurrerapausoak ematen ez bazituen. Gainera, Aleksandr Vitko Itsaso Beltzean Errusiak zuen flotako komandanteak ultimatum bat eman zien Krimean dauden militar ukrainarrei, astearteko 05:00ak baino lehen errenditu zitezen. Hala ere, ordu batzuk geroago, Itsaso Beltzeko Errusiako Flotak ukatu egin zuen Krimean Ukrainako militarren aurkako erasoa egiteko planik zuenik. Bestalde, otsailaren 24az geroztik Errusiak Krimean 16.000 soldadu dituela salatu zuen Ukrainako enbaxadoreak[9].

Martxoak 4

Errusia "Ukrainaren lurraldetasuna eta subiranotasuna" urratzen ari zela adierazi zuen Ipar Atlantikoko Kontseiluak, NATOren organo gorenak, eta gertakariek "inplikazio larriak" zituztela ohartarazi zuen. Errusiak Krimean egindako "eraso ekintza" gaitzetsi zuen John Kerry AEBko estatu-idazkariak, eta Ukrainari babesa eman zion. Bestalde, Washington Ukrainari 1.000 milioi dolarreko kreditua emateko prest zegoela iragarri zuen Kerryk. Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan zuenez, Ukrainako oposizioak "Konstituzioaren kontrako estatu-kolpea egin zuen" boterea bereganatzeko, altxamendu armatu baten bidez. Egun berean, RS-12M Topol nazioarteko misil balistiko bat jaurti zuen Errusiak. Probazko jaurtiketa izan zen eta Kapustin Jarreko base militarretik egin zuten[10].

Egun berean, Sergei Axionov Krimeako lehen ministroak martxoaren 30erako Sebastopol Krimeako hiriaren estatutua erabakitzeko erreferenduma deituko zuela iragarri zuen. Prentsaurreko batean adierazi zuenez, posible zen Krimeak Ukrainarengandik zuen autonomia handitzeko galdeketa aurreratzea. Bestalde, Vladimir Putin Errusiako presidenteak itzultzeko agindu zien Ukrainako mugan zeuden soldaduei[11].

Martxoak 5

Frantziak eta Alemaniak Ukrainako krisia bideratzeko plan bat aurkeztuko zioten Errusiari. Plan horrek Kieven batasun Gobernua osatzea, Errusiak Krimea eskualdetik tropak erretiratzea, miliziak desegitea, Konstituzioa ezartzea eta hauteskundeak aurreratzea aurreikusten zuen. Errusiak tropak erretiratu ezean, Bruselan Europar Batasunak zigorrak ezarriko zituela ohartarazi zuen Frantziako Atzerri ministroak. Testuinguru honetan, Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri ministroa Lavrovekin batzartu zen goizean, Madrilen[12].

Egun berean, Robert Serry NBEko ordezkariak talde armatu baten mehatxuak jaso zituen, Krimean, baina ez zuten bahitu[13]. Halaber, Errusiarekin duen lankidetza bertan behera utzi zuen NATOk. Aliatuak "Gerra Hotzeko estereotipoak" aplikatzen ari zirela salatu zuen Errusiako enbaxadoreak. Bestalde, Ukrainarekin zuten lankidetza "sendotzea" eta "areagotzea" adostu zuten aliatuek[14].

Martxoak 6

Krimeako Parlamentuak "aho batez" erabaki zuen Ukrainako autonomia Errusiako Federazioan sartzea. Errusiaren aldeko Gobernuak erreferendum bat martxan jarriko zutela iragarri zuen, martxoaren 16rako, hiritarrei Errusiarekin bat egin edo Ukrainan gelditu nahi ziren galdetzeko. Onartutako testuan, "Errusiako Federazioan sartzearen alde" agertu da Parlamentua, "Errusiako Federazioko mendeko baten eskubide guztiekin". Krimeako Gobernuak jakinarazi zuenez, kontsultan hau galdetuko zuten: "Krimeak Errusiarekin bat egitearen alde zaude?". Erreferendumean ere bigarren galdera bat egingo zuten: "1992ko Krimeako Konstituziora bueltatzea nahi al duzu eta Krimea Ukrainako parte izatea?".

Vladimir Putin Errusiako presidenteak bazekien Krimeak Errusiako Federazioan sartzeko asmoa zuela. Kieveko agintariek ez zuten Simferopoleko Gobernu "txontxongiloa" onartzen eta horrek, aldi berean, Gobernu zentrala ilegala zela uste zuen. Yanukovitx presidentea onartzen zuten soilik[15].

Egun berean, Krimeako Parlamentua desegingo zuela iragarri zuen Ukrainak. Krimeako Ganberak deitu zuen erreferenduma "legez kontrakoa" zela adierazi zuen Oleksandr Turtxynov Ukrainako presidenteak. Obamaren hitzetan, erreferendumak nazioarteko zuzenbidea urratzen zuen[16].

Martxoak 7

Ukrainako Mugen Zerbitzuak salatu zuen Moskuk 30.000 soldadu inguru bidali zituela Krimeako errepublika autonomora. Mijail Koval Mugen Zerbitzuko zuzendariak aldiz, ezin izan zuen argitu Ukrainako zenbat soldadu zeuden Krimea penintsulan, baina aurreratu zuen mugak gordetzeko tropak eta Ukrainako armadako soldaduak beraien postuan jarraitzen zutela oraindik. Arseni Yatseniuk Ukrainako lehen ministroak adierazi zuen Errusiako Gobernuarekin hitz egiteko prest zegoela, soldaduak Ukrainako lurraldetik irtenarazten bazituen eta "separatistak eta terroristak" babesteari uzten bazioten. Gainera, Krimeako parlamentuak abiarazitako erreferenduma gaitzetsi zuen. Yatseniukek Dimitri Medvedev Errusiako lehen ministroarekin bigarren elkarrizketa bat eskatu zuen[17].

Egun berean, Krimean martxoaren 16an egingo zuten erreferendumaren inguruko erreakzioek ez zuten etenik izan: Errusiako Duma eta senatuko liderrek esan zuten krimearren erabakia onartuko zutela. Aldiz, Ukrainako agintariek zioten mundu zibilizatuan inork ez zituela emaitza horiek aintzat hartuko[18].

Halaber, Obamak eta Putinek berriz hitz egin zuten, baina ez zuten urratsik egin. AEBko presidenteak zigorrak jakinarazi zizkion Putini, eta horrek bi herrialdeen arteko harremanak "ez sakrifikatzea" eskatu zuen. Putinek eta Obamak telefonoz hitz egin baino lehen, Krimeako eskualdeak Errusiarekin bat egitea erabaki zuen[19].

Martxoak 9

Krimeako krisiari irteera baketsua bilatu nahi zioten AEBk eta Ukrainak. Ukrainak Krimeako penintsulan zituen kuartel militar gehienak kontrolatzen zituztela baieztatu zuen Krimeako Parlamentuko presidenteak[20].

Martxoak 10

Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak esan zuen Europar Batasuneko 28 estatuetako "inork" ez zuela Krimeako erreferenduma onartuko, Ukrainako barne legedia eta nazioartekoa urratzen zituelako. David Cameron Britainia Handiko lehen ministroak eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ohartarazi zuten martxoaren 16an Krimean egingo zuten erreferenduma "legez kanpokoa" izan zitekeela, eta Errusiak bozketa legitimatzeko ahaleginak egiten bazituen "ondorioak" pairatuko zituela[21].

Egun berean, tropa errusiarrek armak erabili zituzten Krimean, base bat hartzeko. Ez zen inor zauritu, eta bertako buruak soldaduekin negoziatu zuen. Gizon armatuek hartu zuten basea, ustez Krimeako Defentsa Errusiazaleko kideak. Ondoren, Errusiako bandera jaso zuten bertan. Halaber, Gutxienez bi kazetari bahitu zituzten Krimean bi gizon armatuk. Bestalde, martxoaren 16ko erreferenduma gainbegiratzeko ikuskatzaileak bidaltzeko eskatu zion Krimeako Parlamentuak Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeari[22].

Martxoak 11

Krimeako Kontseilu Gorenak (Parlamentuak) independentzia adierazpena onartu eta Errusiar Federakundearekin bat egiteko asmoa agertu zuen. Ebazpena Parlamentuko 100 diputatuetako 78k babestu zuten. Krimeako Kontseilu Gorenak onartutako agirian, Kosovoko aurrekariari egin zioten erreferentzia. Juri Klymenko, Ukrainak NBEn zuen enbaxadorea, indartsu saiatu zen independentzia adierazpenari zilegitasuna kentzen, eta Parlamentua bera "erabat ilegitimoa" zela esan zuen[23].

Egun berean, Ukrainako eskualdeek, Krimeak tarteko, ez ziotela Kievek "pistola eskuan" agindutakoari jaramonik egingo azpimarratu zuten, eta Krimea Errusian sartzen bazen agintari berrien "ekintzen" ondorio izango zela esan zuten[24].

Martxoak 12

Krimeako egoera zuzentzea eskatu zion Obamak Errusiari. Kievek, bestalde, amore ez emateko agindu zuen. Barack Obama AEBko presidenteak Jatseniuk Ukrainako lehen ministroa hartu zuen Etxe Zurian, babesa agertzeko[25].

Martxoak 14

Ukrainako Auzitegi Konstituzionalak legez kanpokotzat jo zuen Krimea eskualdeak Errusiarekin bat egiteko igandean egingo zuen erreferenduma. Erabakia berehala sartu zen indarrean. Auzitegiak hauteskunde batzorde guztien jarduna etetea agindu zuen, eta erreferenduma finantzatzea debekatu zien Krimeako agintariei. Hala ere, Krimeako agintariek kontsulta prestatzen jarraitzen zuten[26].

Martxoak 15

Errusiak Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluan betoa jartzeko eskubidea erabili eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) proposatutako ebazpenari betoa jarri zion. Obamaren Gobernuak ebazpen baten zirriborroa aurkeztu zuen Krimean egingo zuten erreferenduma "baliogabekotzat" jotzeko. Samantha Power AEBk NBEn zuen enbaxadorearen esanetan, Errusiak jarritako betoaren ostean, une "tristea eta aintzat hartzekoa" zen. Gerard Araud frantziako enbaxadorea sinesgogor azaldu zen argudio errusiarren aurrean, bere ustean, autodeterminaziorako eskubidea justifikatzen zuen, interesatzen zitzaionean. Bestalde, Krimean bizi ziren ukrainar batzuek salatu zutenez, Krimea Ukrainatik banantzearen alde zeudenak erreferendumeko emaitzak faltsutuko zituzten, Errusiarekin bat egiten zuela bermatzeko.

Ukrainako armadaren tropak eta hegazkinak Arbatskayan, Krimeako penintsula eta Ukrainaren gainontzeko lurralde lurrez lotzen zituen lotura bakarretako batean, sartu ziren. Tropa errusiarrak bertan lehorreratzeko arriskua zela eta hartu zuen neurria Ukrainako armadak. Errusiako 60 militar inguru bertara iritsi eta lubakiak prestatzen hasi ziren. Pare bat ordu beranduago, beste 60 errusiar soldadu Sterlkovoye herrira iritsi ziren sei helikopterotan[27].

Martxoak 16

Krimeako herritarren % 95,5ekak Errusiarekin bat egitearen alde eman zuen boza. Herritarren %82,7k baino gehiagok botoa eman zuen Krimeako galdeketan, 20:00etan hauteslekuak itxi ostean eman zituzten datu ofizialen arabera. Sebastopolen, parte hartzea % 89,51koa izan zen. Guztira, 1.250.426 pertsonak parte hartu zuten galdeketan. Agentzia Errusiarrek egindako inkesta baten arabera, herritarren % 93ak Errusiarekin bat egitearen alde eman zuen boza. 15.000 pertsona inguru Krimeako hiriburuko Lenin plazan bildu ziren galdeketaren emaitza ospatzeko. Milioi eta erdi ukrainar baino gehiagok botoa eman zezaketeen, baina Tartariako gutxiengo batek (% 12) iragarri zuen galdeketaren kontrako boikota egingo zuela. Krimeako agintariek 1.200 hautesleku baino gehiago prestatu zituzten lurralde osoan, eta miliziek istilurik egotea saihestuko zuten[28].

Europar Batasunak ez zuela Krimeako galdeketa onartuko adierazi zuen. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak iragarri zutenez, Errusiako tropei Krimeatik ateratzeko eskatu zieten[29].

Martxoak 17

Europar Batasuneko (EB) Kanpo arazoetako ministroek Errusiako eta Ukrainako 21 buruzagiren aurkako zigorrak ezartzea adostu zuten, Krimeako ezegonkortasunaren arduradunak izatea leporatuta. Bruselan egindako bileran, bisak murriztea eta pertsona horietan lurraldeetan ondasunak blokeatzen erabaki zuten. Barack Obama AEBetako presidenteak Estatu Batuetan aktibo zeuden Errusiako zazpi kargu altu, Dimitri Rogozin Errusiako ministro ordea eta Valentina Matviyenko Errusiako Federazio Batzordeko presidentea barne, eta Ukrainako lau politiko, Viktor Yanukovich eta Sergei Aksionov Krimeako lehen ministroa blokeatu zituen. Horrez gain, guztiei AEBetara joatea debekatu zien. Anders Fogh Rasmussen OTANeko idazkari nagusiak bat egin zuen nazioarteko komunitatearekin, eta herrialde aliatuek Krimeako erreferendumeko "emaitzak aitortzen" ez zituztela azaldu zuen[30].

Egun berean, Krimea Estatu burujabe gisa onartzen zuen agiria sinatu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Ondorioz, Kieveko aginduak alde batera utzita erabakiak hartzeko gaitasuna izango zuen. Putinek sinatutako dekretua berehala sartu zen indarrean. Krimeako Sebastopol hiriari "estatus autonomo berezia" ematen zion dekretuak; izan ere, Errusiak Itsaso Beltzeko Flota bertan zuen[31].

Martxoak 18

Vladimir Putin Errusiako Federazioaren presidenteak honako adierazpena egin zuen: "Krimea errusiarra izan da eta hala izaten jarraituko du". Putinek, hitzaldiaren amaieran, "Sebastopolek eta Krimeak subjektu autonomo gisa Errusiarekin bat egiteko eskaerari oniritzia" ematea eskatu zuen. Azkenik, presidente errusiarrak bi subjektuek Errusiako Federazioarekin bat egiteko agiria sinatu zuen, Sergei Aksionov penintsulako lehen ministroarekin, Volodimir Konstantinov Parlamentu krimearreko presidentearekin eta Alexei Chaly Sebastopoleko alkatearekin batera.

Barack Obama AEBetako presidenteak G7ko, herrialde industrializatuenetako, liderrak deitu zituen Hagan biltzera, Ukrainako krisia aztertzeko eta eman beharreko hurrengo pausoak erabakitzeko. Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak azaldu zuenez, nazioarteko komunitateak ez zuen aintzat hartuko inoiz Krimearen Errusiara "anexionatzeko saiakera". Europar Batasunak ez zuen aitortuko Krimea Errusiara anexionatu nahi izatea, eta "erantzun bateratu" bat hartuko zuen Moskuren aurrean. Bestalde, Anne Brasseure Europako Kontseiluko Batzorde Parlamentarioko presidenteak gaitzetsi egin zuen Krimea Errusiara anexionatzea.

Egun berean, Ukrainako militar bat hil eta beste bat zauritu zen Krimean ustez Errusiako soldaduek Ukrainako unitate militarraren aurka jaurtitako tiroengatik. Erasoa Fotogrametriako unitate militarrean izan zen. Bukatzeko, Ukrainako Defentsa Ministerioak Krimean dauden militarrei armak erabiltzeko baimena eman zien[32].

Martxoak 19

Julia Tymoxenko Ukrainako lehen ministro ohiak Bild egunkari alemaniarrari eskainitako elkarrizketan, "kosta ala kosta", herrialdea defendatzeko eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen erasoari erantzuteko dei egin zuen[33].

Bestalde, tropa errusiazaleek Ukrainako Armadaren bi base indarrez hartu zituzten Krimeako penintsulan. Hain zuzen ere, Novoozernoye herriko basean eta Sebastopol hiriko kuartel nagusian barrena egin zuten. Ukrainako Armadako militarrek alde egin zuten bertatik, amore emanda. Komandanteak barruan zeuden oraindik, eta Krimeako ehunka herritar ere zeuden bertan, mitin bat egiten. Zibilek Errusiako bandera jarri zuten, eta herrialde horretako ereserkia abestu zuten. Manifestariek amore emateko eta eurekin bat egin edo Krimeatik alde egiteko eskatu zieten soldadu ukrainarrei.

Bestalde, Europako Batzordeak Ukrainari epe ertainean 1.000 milioi euro gehiago ematea proposatu zuen, herrialdeari laguntzeko. Lehenagotik 610 milioi euro eman zizkioten Ukrainari. Hogeita zortziek 11.000 miloi emango zizkioten guztira[34].

Egun berean, Krimeak Errusiarekin bat egin eta hurrengo egunean, zibil eta soldadu ukrainarrak bertatik ateratzeko aukera planteatu zuen Kieveko Gobernuak; izan ere, herritarrak egun batetik bestera atzerrian egongo balira bezala sentitzen ziren. Ukrainako soldaduak ere Krimean harrapaturik zeuden. Errusiako indarren presioari aurre egiten jarraitzen zuten. Ukrainako tropek atzera egiteko erabakia berehala hartu behar zutela esan zuen Vitali Klitxko Udar alderdiko buruzagiak. Bukatzeko, Tentsioaren gorakada "arriskutsuaz" ohartarazi zuen Jan Eliasson NBEko idazkariorde nagusiak[35].

Martxoak 20

Svoboda alderdi neonaziaren hiru diputatuk eraso bortitza egin zioten Ukrainako telebista publikoaren zuzendariari, dimititzera behartzeko. Alderdi horrek hiru ministro zituen Kieveko Gobernu europazale berrian. Diputatuek zuzendariaren bulegoan barrena egin zuten, eta kolpeka hasi ziren, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Krimeari buruz egindako agerraldia eskaintzeagatik. Arseni Yatseniuk Ukrainako lehen ministroak gaitzetsi egin zuen gertatutakoa[36].

Egun berean, Errusiako buruzagien aurkako zigor berriak iragarri zituen Obamak. Zerrenda berrian 20 pertsona azaltzen ziren, horietako batzuk Vladimir Putin Errusiako presidentearen adiskideak ziren. Bestalde, AEBetako bederatzi politikariri zigorrak ezarriko zizkien Kremlinek. Bestalde, Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko ikuskatzaileen misio bat Ukrainan zabaltzeko proposamena luzatu zion Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak Vladimir Putin Errusiako presidenteari[37].

Halaber, Ukrainako Parlamentuak Krimearen eta Errusiaren arteko bat-egitea ez aitortzea eskatu zion nazioarteari, eta, ildo horretatik, lurraldea "askatu" arte ez zuela amore emango ohartarazi zuen. Adierazpena Alexandr Turtxynov Ukrainako presidenteak proposatu zuen, eta 303 diputatuetako 274k babestu zuten. Bestalde, Krimeak Errusiarekin bat egiteko prozesu legala aste horretan bukatuko zela adierazi zuen Sergei Lavrov Moskuko Gobernuaren Atzerri ministroak. Trantsizio epe baten ostean, Krimea 2015. urteko urtarrilaren 1ean izango zen, ofizialki, Errusiaren parte. Testuinguru honetan, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusia Moskura joan da, Errusiako agintariekin hitz egitera, tentsioa baretzeko asmoz[38].

Martxoak 22

Errusiak EBk Krimeako krisiagatik jarritako isunak deitoratu zituen. Hala ere, herrialdeak esan zuenez, "Errusiak, Bruselak hartutako erabakiari erantzuteko, eskubidea du"[39].

Martxoak 24

Errusiako Armadak Ukrainako Itsas Armadako Infanteriaren eraikin bat hartu zuen Feodosian (Krimea). Eraso egin zuten eta Ukrainako Armadako hainbat soldadu zauritu eta gatibu hartu zituzten. Feodosiako unitatea Ukrainaren alde zegoen azkenetako bat zen, eta horren kontrako erasoa 05:00etan (02:00 GMT) hasi zen. Errusiako tropek helikopteroak eta ibilgailu blindatuak erabili zituzten mendean hartzeko[40].

Egun berean, Ukrainak amaitutzat eman zuen erresistentzia Krimean. Errusiako tropek "Kosntantin Olshanski" lehorreratze-ontziari eraso egin zioten Krimean. Itsaso Beltzeko Errusiako Flotari oraindik errenditu ez zitzaion Ukrainako azken ontzietako bat zen hori. Alexandr Turchinov Ukrainako bitarteko lehen ministroak Krimean zeuden Ukrainako Indar Armatu guztiek atzera-egitea agindu zuen. Sergeui Lavrov Errusiako kanpo arazoetako ministroak John Kerry AEBetako Estatu idazkariari deitu zion, Krimean izandako erreferendumaren emaitzak onartzeko. Bestalde, Krimean zeuden Ukrainako militarren erdiak Ukrainako Armadari uko egin ziten, eta Errusiako indarrekin bat egin zuten[41].

Krisiaren ondorengoak

Apirilaren 1ean, defentsa kolektiboa areagotzeko neurri gehiago "premiaz" garatzea adostu zuten NATOko Atzerri ministroek. Europako ekialdean soldaduak zabaltzeko aukera ez zuten baztertu, Errusiak Krimea hartu eta gero. AEBetako hamar bat hegazkinek Baltikoko herrialdeetan zaintza misioa indartu zuten. Bestalde, Polonia eta Errumaniara AWACS hegazkinak bidali zituzten Ukrainako aire-espazioa kontrolatzeko. 450 kilometro zelatatzeko gauza ziren erradarrak zituzten AWACS hegazkinek. Halaber, Errusiarekin lankidetza zibil eta militarra bertan behera uzteko erabakia berretsi zuten ministroek[42].

Apirilaren 11ean, Krimeako Parlamentuak Errusiarekin bat egin berri zuen errepublikako Konstituzioa onartu zuen, eta Krimea ofizialki Errusiaren parte zela agertzen zen bertan. Bozketarako izena eman zuten 88 diputatuek (guztira 100 ziren) aho batez bozkatu zuten testuaren alde. Konstituzio berriaren arabera, Parlamentuko diputatuek bost urterako aukeratuko zuten errepublikaren presidentea, eta horrek izango zuen Gobernua osatzeko eta desegiteko gaitasuna. Parlamentuak ere izango zuen Gobernua desegiteko eskumena, Errusiako legedia errespetatuta. Bestalde, diputatu kopurua 100dik 75era jaitsiko zen. Hortik aurrera, Krimeako Parlamentuak ekimenak aurkeztu ahal izango zituen Errusiako Duman. Errusiako prentsaren arabera, Krimeako Parlamentuak 300 bat lege onartu beharko zituen Errusiako legediarekin bat egiteko[43].

Ekainaren 7an, Petro Poroxenko Ukrainako presidente berri izendatuta, inbestidura ekitaldian hurrengoa esan zuen Krimeari buruz: "ukrainarra zen, gaur egun ere bada, eta izango da"[44].

Erreferentziak

  1. «Jatseniuk buru duen gobernuri baiezkoa eman dio Maidanek», EiTB, 2014-02-26
  2. «Talde batek Krimeako Parlamentua eta Gobernuaren egoitza hartu ditu», EiTB, 2014-02-27
  3. «Janukovitxek prentsaurrekoa emango du ostiral honetan Errusian», EiTB, 2014-02-27
  4. «Ukrainak NBEren Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera eskatu du», EiTB, 2014-02-28
  5. «Errusiako Parlamentuak Armada Ukrainara bidaltzea onartu du», EiTB, 2014-03-01
  6. «Armada Krimeatik ateratzeko eskatu dio Obamak Putini», EiTB, 2014-03-02
  7. «Ukraina: 'Errusiak soldaduak Krimeara bidaltzea gerra-deklarazioa da'», EiTB, 2014-03-02
  8. «Ukrainako lehen ministroa: 'Krimea ez zaio inori entregatuko'», EiTB, 2014-03-03
  9. «EB: 'Krimean tentsioa jaitsi ezean ondorioak izango ditu Errusiak'», EiTB, 2014-03-03
  10. «Errusia 'Ukrainaren subiranotasuna' urratzen ari dela salatu du NATOk», EiTB, 2014-03-04
  11. «Putin: 'Kieven Konstituzioaren aurka estatu-kolpe armatua egin zuten'», EiTB, 2014-03-02
  12. «Frantziak eta Alemaniak proposamen bat egingo diote Errusiari», EiTB, 2014-03-05
  13. «Moskuren eta Kieven arteko elkarrizketa eskatu dio Kerryk Lavrovi», EiTB, 2014-03-05
  14. «Errusiarekin duen lankidetza bertan behera utzi du NATOk», EiTB, 2014-03-05
  15. «Krimeak martxoaren 16ean erabakiko du Errusiarekin bat egiten duen», EiTB, 2014-03-06
  16. «Krimeako Parlamentua desegingo duela iragarri du Ukrainak», EiTB, 2014-03-07
  17. «Krimean 30.000 soldadu errusiar daude, Ukrainak salatu duenez», EiTB, 2014-03-07
  18. «Errusiako Dumak krimearren erabakia onartuko dutela esan du», EiTB, 2014-03-07
  19. «Obamak eta Putinek berriz hitz egin dute, baina ez dute urratsik egin», EiTB, 2014-03-07
  20. «Krimeako krisiari irteera baketsua bilatu nahi diote AEBk eta Ukrainak», EiTB, 2014-03-09
  21. «Margallok dio EBko estatuek ez dutela Krimeako erreferenduma onartuko», EiTB, 2014-03-10
  22. «Soldadu errusiarrek armak erabili dituzte Krimeako base bat hartzeko», EiTB, 2014-03-10
  23. «Krimeako Parlamentuak independentzia adierazpena onartu du», EiTB, 2014-03-11
  24. «Janukovitxek 'gerra zibila' bilatzea leporatu dio Ukrainako Gobernuari», EiTB, 2014-03-11
  25. «Krimeako egoera zuzentzea eskatu dio Obamak Errusiari», EiTB, 2014-03-12
  26. «Ukrainako justiziak legez kanpokotzat jo du Krimeako kontsulta», EiTB, 2014-03-11
  27. «Errusiak betoa jarri dio AEBk galdeketaren gainean egindako ebazpenari», EiTB, 2014-03-15
  28. «Herritarren % 95,5ek Errusiarekin bat egitearen alde eman du boza», EiTB, 2014-03-16
  29. «Europar Batasunak ez du Krimeako galdeketa onartuko», EiTB, 2014-03-16
  30. «EBk zigorrak adostu ditu Errusiako eta Ukrainako 21 buruzagiren aurka», EiTB, 2014-03-18
  31. «Krimea Estatu subirano gisa onartzen duen agiria sinatu du Putinek», EiTB, 2014-03-17
  32. «Putin: 'Krimea errusiarra izan da eta izaten jarraituko du'», EiTB, 2014-03-18
  33. «Timoshenko: 'Gure herrialdea defendatu behar dugu, kosta ala kosta'», EiTB, 2014-03-19
  34. «Tropa errusiazaleek bi base indarrez hartu dituzte Krimean», EiTB, 2014-03-19
  35. «Ukrainar guztiak Krimeatik ateratzeko egitasmoa onartu du Kievek», EiTB, 2014-03-19
  36. «Diputatu europazaleek eraso egin diote TB publikoaren zuzendariari», EiTB, 2014-03-20
  37. «Errusiako buruzagien aurkako zigor berriak iragarri ditu Obamak», EiTB, 2014-03-20
  38. «Krimea 'askatu' arte ez duela amore emango ohartarazi du Ukrainak», EiTB, 2014-03-20
  39. «Errusiak EBk Krimeako krisiagatik jarritako isunak deitoratu ditu», EiTB, 2014-03-22
  40. «Errusiako Armadak militar-etxe bat hartu du Krimean», EiTB, 2014-03-24
  41. «Ukrainak amaitutzat eman du erresistentzia Krimean», EiTB, 2014-03-24
  42. «Defentsa kolektiboa sendotzeko neurri gehiago adostu ditu NATOk», EiTB, 2014-04-01
  43. «Ukrainak Donetsken hartutako eraikinak era baketsuan uztea eskatu du», EiTB, 2014-04-11
  44. «Petro Poroxenko Ukrainako presidente berria da dagoeneko», EiTB, 2014-06-07