9P/Tempel 1

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Deep Impact zundak jaurtitako jaurtigailuak, kometaren aurka talka egiten du
Tempel 1 kometaren krater baten xehetasuna, Deep Impact zundatik jaurtitako jaurtigailuak hartua talka baino segundo batzuk lehenago.

Tempel 1, aldizkako kometa bat da (modu formalean 9P/Tempel1 deitua). 1867ko apirilak 3an aurkitu zuen Ernst Wilhelm Leberecht Tempel astronomo alemaniarrak Marsellatik. Aurkitu zenean, kometa, bere periheliora, 5,68 urtetik behin iristen zen. Berriz, 1873an eta 1879an ikusi ahal izan zen. Baina, Tempel 1 kometaren orbita, batzuetan, Jupiterrengana hurbiltzen da, eta honek bere orbita periodoan aldaketak eragiten ditu. Gertakari hau, 1881ean gertatu zen, orbita periodoa 6,5 urterarte luzatuz. Perihelioa ere aldatu zen, 50 milioi kilometro gehiagoan handituz, kometa, Lurretik ez hain ikusgai utziz. Ondorioz, astronomoek, kometaren arrastoa galdu zuten, eta desegin egin zela uste izan zuten. 1960 arte ez zen berriz ikusi, Brian G. Mardsenek berriz aurkitu zuenean, kometaren orbitaren kalkulu zehatzak egitean, Jupiterrek eragindako perturbazioak ere kontutan hartuta. Bere egungo orbita periodoa, 5,5 urtekoa da.

Tempel 1 ez da kometa dizdiratsua: bere gehienezko itxurazko magnitudea, oraingoz, 11koa izan da, begi hutsez ikusi ahal izatekoa baino baxuagoa. Uste denez, bere tamaina 14x4 kilometrokoa da, Hubble espazio teleskopioak argi ikusgarriarekin eta Spitzer espazio teleskopioak argi infragorriz hartutako neurrietan oinarrituta. Behaketa hauek bateratuz, albedo baxu bat ere lortu zen, %4koa baino ez. Gainera, bi eguneko errotazio tasa bat ere adierazi zen.

2005eko uztailak 4an, goizeko 05:52etan, NASAren Deep Impact espazio zundak, Tempel 1 kometaren aurka talka egin zuen jaurtigailu bat bota zuen. Espazio teleskopioek, unetxo batez kometaren dizdira hogeitamarkoiztu zuen gertaera ikusi zuten, Deep Impact zundak, kometagandik 500 kilometrora baino ez zegoena, 1800 kilometroan hedatu zen gas eta hautsezko laino bat sortu zuen talka ikusi zuen bitartean.

Talkaren ondorioz sortu zen kraterraren xehetasun zehatzak oraindik ez dira ezagutzen. Uste denez, 200 metroko diametroa eta 30 eta 50 metro bitarteko sakonera izan dezake, txikiagoa ere izan daitekeen arren, kometaren konposaketa eta egituraren arabera. Misio honen xedea, kometa baten nukleoaren barne konposaketa aztertzea da.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: 9P/Tempel 1 Aldatu lotura Wikidatan