Añanako Gatz Harana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Añanako Gatz Harana
Ikuspegi orokorra Irudi gehiago
Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaAñana
Arkitektura
Deskribapena
Irekitze data2009ko apirilaren 30a
Webguneahttp://www.vallesalado.com www.vallesalado.com

Añanako Gatz Harana Arabako Añana udalerrian dagoen haran txiki irregular bat da, goragune txikiak dituena, ondare-balioa duten hainbat elementu biltzen dituena; bereziki, gatzaga bat. Elementu horiek guztiak gatzarekin lotuta daude, eta gatz-iturburuei eta ondorengo gatz-ustiaketari esker sortu dira.[1] Barnealdeko gatzaga da, plano triangeluarreko haran estu baten hondoko 120.000 m² (gutxi gorabehera) hartzen dituena. Haranaren alderik garaienean dauden lau iturburutako ur gazia erabiltzen da gatza ekoizteko. Horretarako, gatzuna larrainetaraino garraiatzen da. Plataforma horietan, jalkitzen uzten da, eguzkiaren eta haizearen eraginez ura lurrundu dadin eta, hala, gatza atera dadin.

Gatz-ustiaketa IX. mendetik dokumentatua dago, eta, XX. mendearen erdialdean gainbehera-prozesu azkar bat izan ondoren, 2000. urtean erakundeek sustatutako plan zuzentzaile bat abiarazi zen, gatzaga modu integralean berreskuratzeko xedez. Hala, gatz-fabrika zaharra produktu turistiko eta gastronomiko garrantzitsu bihurtu da, 2010etik aurrera gatza komertzializatzen hasi baita, irabazi-asmorik gabe.

1984an, Espainiako Gobernuak monumentu historiko izendatu zuen, eta 1990ean kultura ondasun. 1998an, UNESCOren World Heritage Tentative List zerrendan sartu zuten. 2002an, nazioarteko garrantzia duten hezeguneak babesteko Ramsar hitzarmenean sartu zuten. Eta 2013an, Eusko Jaurlaritzak ere Añanako Gatz Haraneko kultura paisaia kultura ondasun izendatu zuen, monumentu multzo sailkapenaz.[1]

Gatz Haranaren deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batik bat, iturburuek, kanalek, putzuek, larrainek eta biltegiek osatzen dute harana. Egitura horiek denboran zehar bere horretan egon beharrean, gazgileek belaunaldiz belaunaldi garatutako ezagutza enpirikoari esker, etengabe eraldatu dira -ekoizpena areagotze aldera-.

Iturburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Kristobal terrazako iturburua, Gatz Haranaren tokirik garaienean kokatua

Iturburuek berez eta etengabe gesala kanporatzen dute azaleraino, eta beraz, ez dago zulaketak egin edo ponpatu beharrik. Iturburu ugari daude gatz haranean eta inguruetan, baina lau baino ezin dira erabili, horietako emaria iraunkorra delako (2,4 bat libro segundoko) eta gazitasun-maila ia-ia asetasunera heltzen baita (210 gramo litroko).

Santa Engrazia du izena iturburu nagusiak eta, gatzagak igortzen duen ur gazi osoaren ia erdia ematen duelako da garrantzitsuena. Gainera, beste abantaila bat ere badu, haranaren behealdeko kotarik garaienean dagoenez, gesala besterik gabe heltzen baita ia ekoizpen-konplexu osoraino. Iturburu hau Muera ibaiaren sorburutik oso gertu dago eta, egun duen itxura eta historian zehar izan duena oso bestelakoak dira, XVIII. mendearen amaiera aldera uhaldi batek ingurua suntsitu, eta XX. mendeko laurogeiko urteetan egindako zaharberrikuntzak goitik behera itxuraldatu baitzuen. Obra hauek egin ziren arte, lurzoruan irekitako oin angelu zuzeneko zulo bat zen, eta egurrezko egitura batek indartzen zituen horren hormak. Soberako ura, handik metro gutxi batzuetara kokatutako beste irtenbide batean biltzen da.

Gainerako iturburu gazien (La Hontana, El Pico eta Fuentearriba) kanpoko itxura, Santa Engraziakoak mendeetan zehar izan duenaren antzekoa da. Lurzoruan irekitako, eta hondoa eta alboak iragazgaizteko, buztinez estalita dituzten forma ezberdinetako zuloak dira. Lehenengo biek, iturburu nagusiak hornitzen dituen kanal beretara igortzen dute gesala. Baina, Fuentearriba deritzonak, gatz haraneko eremu zehatz batera baino ez du ur gazia igortzen. Azken hau, jabetza pribatukoa izan da eta bereizirik funtzionatu du historikoki.

Gesalaren garraioa: kanalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zurezko kanalak. Iturburuetako gatzuna haran osotik garraiatzen dute

Hainbat dira gesala ekoizpen-txokoetaraino eramateko behar den garraiobidea baldintzatzen duten alderdiak, ahal nola: iturburuak gatz haranaren alderik garaienean egoteak, likidoa gordetzeko biltegien kokalekuak, lurruntze-azaleren hedadurak eta gatzaren ekoizpen-prozesuak berak.

Etengabe eta grabitatearen bitartez garraiatzen da gesala, ‘rollos’ izeneko kanal-sarean zehar. Hasiera batean, lurrean irekitako zanga hutsak baziren ere, XIX. mendearen hasieran harana birmoldatzeko egin ziren obra sakonen ondoren, egurrezko enborrek ordezkatu zituzten horiek. Enbor gehienak pinuzkoak ziren, eta zeioez lantzen ziren kanal irekien itxura eman arte. Enbor bat beste baten atzetik jarri eta egurrean egindako janguneez krokatzen zituzten gazgileek, eta baita, garraio-sistema bikaina eta eraginkorra lortu ere.

Banaketa-sare nagusiak -hiru kilometrotik gorako luzera duena- Santa Engraziako iturburuan du abiaburua. Bertatik kanal bakarra ateratzen da, eta Partidero izeneko kutxatila batean bitan banatzen da, ekialderantz Royo de Suso delakoak eta mendebaldeko alborantz, Quintanakoak isurtzen dutela. Lehenengoa, gesalaren hamabi zatik zeharkatzen dute, eta bigarrena, berriz, hamahiruk. Banaketa-gunetik gertu, Celemin deritzonean, beste bitan banatzen da. Haranaren ekialdea hornitzen duenak gesalaren hiru bosten darama, eta “Quintana” izenari eusten dio, eta erdialderako gesala daramanak, Medio edo Meadero deritzonak, berriz, gainerako bi bostenak.

Gesala biltegiratzea: putzuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur gazia biltegiratzeko putzuak

Gatzaren ezaugarrien alderdirik nagusiena dira biltegiak, eta horiek betetzea gazgileen arteko gatazka gehienen eragile. Izan ere, iturburuek igortzen duen gesal kopurua mugatua da, larrain asko daude eta ekoizpen-jarduera hilabete zehatz batzuetara mugatzen da. Horretxegatik daude, hain zuzen, hainbeste putzu gatzagetan (egun, 848), eta horretxegatik da hain beharrezkoa gesalaren banaketaren gaineko araudi konplexua –maisuaren liburua izenaz ere ezagutzen dena-. Azken horrek, jabetza pribatuko tituluak eta horiek jabeek antzina bereganatutako banaketa-eskubideak jasotzen ditu.

Askotarikoa da putzuen morfologia, baina oro har, lau motatan sailka daitezke: kanpoaldekoak, albateekikoak, berogailuak eta upelekikoak:

  • Kanpoaldeko putzu batzuk lurrean zulatuta daude, eta beste batzuk, horren gainean jasota. Eskuarki, harri-hormez eta buztinaz, edo zurezko egiturez, eraikitakoak dira. Zurezko egiturez egindakoak, prisma-formakoak izaten dira.
  • Plataformek estali ohi dituzte albateekikoak. Eraikuntza-mota korapilatsua dute eta, gehienak, gesala babesteko estalitako eta, aldi berean, gatzaren ekoizpen-eremu gisa erabiltzeko aprobetxatutako kanpoaldeko putzu zaharrak dira.
  • Berogailuak egitura txikiak dira, eta gehienak, egurrez edo adreiluz eginda daude. Larrainera isuri aurretik, likidoa berotzea dute xede, honela, kristaltzea azkartzen baita.
  • “Upelekikoak” dute izena haraneko malden goiko aldeetan kokatutako beste putzu adierazgarri batzuek. Gesala ez da horietara berez heltzen, eta eskuz bete behar dira. Horixe dute hauek ezaugarri. Lan hori egiteko, neguan putzuak betetzeaz arduratzen zen “Zaindari Iturgina” kontratatzen zuen. Hiru hilabete behar izaten zuen horrek, eginkizun hori betetzeko.
Lurrunketa-plataformak, artisau-gatza ekoizten den lekua

Lurrunketa: larrainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baliabide naturalak medio, gesalaren ur-edukia lurruntzean oinarritzen da Añanako gatzaren ekoizpen-prozesua. Horretarako, baltsa edo larrain izeneko azalera horizontaletara isurtzen da gesala. Hamabitik hogei metro koadrora bitarteko azalera izaten dute larrainek. Granjak deitzen dira jabe batek ustiatzen dituen larrain-sortak. Larrainak lekuaren topografiara moldatzen dira, forma zein altuera aldetik, eta ondorioz, gatz haran gehiena betetzen duten irudi konplexuak sortzen dituzte.

Kokalekuaren araberakoak dira dauden 769 larrainen forma eta tamaina. Añanakoa bezalako haran maldatsu batean, azalera horizontaleko plataformak lortu ahal izateko, harri-hormetan eraikitako terrazena izan da gehien erabili den teknika (agirietan, 2.000tik gora jaso dira), eta terrazen gainean, zurezko egiturak finkatzen ziren. Zurezko egitura gehienak, hormetan finkatutako bilbatura horizontal batez osatuta daude, azken hori, aldi berean, zutikoez osatutako beste bertikal baten euskarri izanik. Sestran jarritako ekoizpen-azalerak, berriz, beste bilbatura batez eraikitzen dira. Bilbatura hori, ohol eta petralez egiten da, gainetik, eta iragazgaizteko, buztinezko geruza sendo bat daramala.

Gatz-biltegiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatz-biltegia. Haraneko lurrunketa-plataformen azpian dago

Añanan gatza gordetzeko erabiltzen diren eraikuntzak bi eratakoak dira: publikoak eta pribatuak.

  • Tradizioz, gatzaren monopolioan zehar (1564tik 1869ra) Erregearen Administrazioak kontrolatu eta mantendu zituen lau eraikuntza egon dira. Epealdi horretan, honako izen hauez ezagutzen ziren: “el Grande del Campo”, “la Revilla”, “la Hermita” edo “Santa Ana” eta “Almacenillo del Campo”. Denboraldi bakoitzaren amaieran ekoiztutako oro eta aurrekoetan ezin salduta soberan gelditutakoak edo “masiak”. Guztira, 112 librako 110.113 anega gatz inguru (5.681.830 bat kilogramo) biltegiratu ahal zuten.
  • Bestalde, dokumentazioan “terrazos” izena daramaten biltegi pribatuak, granja bat baino gehiago izan zezaketen uzta-biltzaileenak ziren. Larrainen azpian daude honelako egitura gehienak, terrazetako hormen eta lurruntze-plataformen artean gelditzen ziren hutsuneetan. Eraikuntza-teknika honek betelana errazten du hein handi batean, gatza larrainaren gainazalean irekitako “albate” izeneko zulo txiki batzuetatik bota baino ez zutelako egin behar. Gatza ustiategitik kanpo kokatutako biltegi publikoetara garraiatu edo aletegi haietara eraman arte gordetzea dute xede nagusi.

Garraioa edo aletegietara eramatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatzaren ekoizpen-zikloaren azken urratsetako bat da aletegietan gordetzea (entroje). Gatza zakuetan sartu, eta bizkarrean eramaten zituzten, gizonezko zein emakumezkoek, biltegietara, bide nagusietara edo Muera ibaira, eta horretan datza aletegietan gordetzearen ekintza hori. Azken kasu horretan, zaldi gainean, edo XX. mendean traktoreetan, eramaten zuten uzta azken jomugaraino. Heldutakoan, eta gazgileei ordaindu ahal izateko, ekarritako gatza neurtzen zen, eta honakoa, hiru gizonezkoen artean egiten zuten: Neurtzaileak (Medidor), Laurdenkatzaileak (Cuarteador) eta Almiranteak; azken hau kontabilitateaz arduratzen zen.

Gatza ekoizteko metodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Añanako Gatz Haraneko gatz-ekoizleak gatza artisau-eran ekoizten

Klimaren baldintzen arabera aldatzen da urtero gatzaren ekoizpen-sasoia. Normalean, maiatzean hasi eta urrian amaitzen da, baina ekainetik irailera bitartekoa da epealdirik emankorrena, irailetik aurrerako gau luzeek lurruntze-prozesua atzeratu eta etengabeko euriek atera daitekeen gatz gutxia hondatzen dutelako.

Hainbat urratsez osatuta dago gatzaren ekoizpen-prozesua. Hasteko, larrainak betetzen dira, bi eta lau zentimetro (bi hazbete inguru) bitarteko likido-kopuruz. A. Herránek 1883 urtean gatzagei buruz idatzitako memoriaren arabera, batez beste, hirurogei bat ordu behar zituen gesalak gatzatzeko, eta tenperaturak hiruzpalau gradu igoz gero, ordea, hamar ordu gutxiago behar izaten ziren, baina tenperatura hamasei edo hamazortzi gradutara jaistekotan, hiruzpalau egun oso behar izaten ziren emaitzarik lortzeko.

Eguzkia eta haizea ura lurruntzen hasten direnean, gainazalean kristalak -gatz-loreak deritzenak- eratzen dira, eta elkarri uztartu ahala, handitu egiten dira. Hartzen duten pisuak uraren gainazalaren tentsioa gainditzen dutenean hondora jalkitzen dira, eta amaierako produktuari tanto-erako gatza deritzo.

Ziklo honetan zehar, gesala gatzatzen hasten denean, “nahastu” egin behar da. Honela, uniformeki kristaldu eta produktua ez zaio larrainaren gainazalari (“rechine”) atxikitzen. Gatza gehiegi lehor ez dadin, etengabe ureztatzen dute gazgileek larrainak, berogailu izeneko putzu txikietan aldez aurretik berotutako gesalaz.

Gatza kristaldutakoan, baina ura erabat lurrundu baino lehen, bildu egiten da. Arrabolaren laguntzaz egiten da eragiketa hau, tresna horrekin gatza larrainaren perimetrotik erdira arrastatu eta tontor txiki bat egiten da. Handik, gatza saskitan biltzen da, eta horien zirrikituei esker, gatzak duen ur guztia isuri, eta biltegiratu egiten da. “Gatza sartzea” zeritzon gazgile bakoitzak bere granjan egiten zuen prozesuari, eta larrain gainean zegoen gatza zulo txiki edo albateetatik terrazoetan sartzean zetzan.

Haraneko iturburuen gazitasun-maila oso altua da, ia-ia asetzeraino heltzen dela. Beraz, gesal-emaria txikia bada ere, oso handia da, behar bezalako azpiegiturak erabilita, ekoizteko ahalmena. Añanan atera daitekeen gatz-kopuruaz ohartu ahal izateko, nahikoa datu batzuk azaltzea: gesal litro bakoitzak 200 gramo gatz-eduki du disolbatuta, larrain bakoitzak tona bat gatz ekoitz dezake denboraldiko, eta fabrika osoa, ekoizpen-maila gorenean dagoenean (5.500 larrain inguru martxan), 6.000 tona baino gehiago emateko gai da.

Añanako Gatz Haranaren berreskuratze integrala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bisita gidatuak Gatz Haranean barrena
Añanako Spa Gazia: oinak eta eskuak iturburuetako ur hipergazietan sartzeko aukera
Gatzagen barruan egindako argi- eta soinu-ikuskizuna

1960an, gatza egiteko 5.648 larrain zeuden haranean, eta 2000. urtean, 42k baino ez ziharduten lanean. 2000 urtetik gorako historia dokumentatua duen fabrika honen degradazio-erritmo bizi hura ikusita, gatzaga eta ingurunea babesteko eta berreskuratzeko plana abiarazi zuten erakundeek. Horretarako, 2000. urtean, Arabako Foru Aldundiak Plan Zuzentzaile bat jarri zuen abian. Plan horren helburu nagusia zen haranaren hondamena eragiten zuten arazoak diagnostikatzea eta gatzagak osotasunean berreskuratzeko modurik egokiena zehaztea, hartara gatzaga babesteko, mantentzeko, zaintzeko, erakusteko eta, hura erabiliz, etorkizuneko belaunaldientzako bizirik manten zedila bermatzeko.

Plan Zuzentzailea gauzatzean ikusi zen beharrezkoa zela paisaia bitxi honen balioa jendarteratzeko ardura izango zuen erakunde bat sortzea. Hala, 2009an, Añanako Gatz Harana Fundazioa sortu zen. Fundatzaileak Arabako Foru Aldundia, Añanako Udala eta gatz-ekoizleen Gatzagak elkartea dira. Horrez gain, zenbait laguntzaile estrategiko ere baditu: URA-Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako bi sail —Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, eta Kultura Saila—, eta Vital Kutxa. Plan Zuzentzaileak markatutako ibilbidea betez, interes kultural handiko gune bihurtzen ari da gatzaga: Arabako mendebaldearen dinamizazio ekonomiko eta soziala sustatzeko funtsezko elementu bat da.

Gatz Haranak bizirauteko duen modurik egokiena bere jarduera berreskuratzea da, eta, horrekin batera, proposamen berritzaileekin osatzea, errespetuan, bateragarritasunean eta jasangarritasunean oinarrituz, beti ere, Gatz Harana berreskura dadila eta etorkizunean jarrai dezala bermatzeko.

Añanaren balioa jendarteratzeko xedez, gatz-fabrika kofinantzatzen eta haraneko jarduera birsorrarazten saiatzen ari da, kalitate handiko gatza ekoiztuz eta salduz. Hori guztia bisitaldi turistikoekin osatzen da, urte osoan zehar. Bestalde, gatz haraneko baldintza akustikoak eta paisaia aprobetxatuz, agertoki eta harmaila gisa gatzagak berak erabiliko dituzten hainbat ikuskizun egingo dira.

Arrakasta handia izan duen beste jarduera bat Spa Gazia izan da. Paseo terapeutiko bat da, manilubio bat eta pedilubio bat dituena: han, iturburuetatik zuzenean ekarritako ur hipergazietan sartzen dira eskuak eta oinak. Ur gazitan ibiltzeak gizakiarentzat dituen propietate terapeutikoak berreskuratzea da helburua.

Gatzaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Añanako Artemia parthenogenetica baten argazkia

Aro Triasikoan (duela 251 eta 208 milioi urte inguru), kontinenteek Pangea izenez ezagutzen zen bakar bat osatzen zutenean, ozeano handi baten azpian murgilduta zegoen Gesaltza. Bertako urak lurruntzean, ebaporita-geruza handiak jalki ziren hondoan, eta denboraren poderioz, bestelako geruzek estali zituzten.

Diapiro izenez ezagutzen den egitura geologikoaren ondorio da Añanako gatza. Oro har, dentsitate gutxiagoko material zaharragoak lur-azalera igotzean datza fenomenoa, hau da, likido batean murgildutako ur-burbuila batek egiten duen gorako mugimenduaren antzeko osatuz. Duela 220 milioi urte inguru hasi zen dagokigun prozesu bitxi hau, Triasikoko fazies Keuper-eko arroka ebaporitikoak -5 bat metroko sakoneran kokatutakoak-, lur-azalerantz igotzen hasi zirenean, beraiekin gatz-paisaiaren berezko materialak ekarriz, hots: karniolak, ofitak, kareharriak, tuparriak, buztinak, etab. Prozesu horrek aurrera jarraitzen du, oraindik ere.

Diapiroaren gainean eroritako euri-urak, aurrena, arrokaren gainazaleko geruzak zeharkatzen ditu, eta ondoren, gatz-geruzak, eta ondorioz, berriro ere azaleratzen dira, iturburu hipergaziak sortuz. Añanako iturburuek, batez beste, 3 litro ur gazi ematen dute segundoko, eta horren batez besteko gazitasunak litroko, 250 gramoak gainditzen ditu.

Arreo aintzirarekin osatzen da Diapiroaren inguruko ur-sistema. Aintzira horretako urak ere gaziak dira, ebaporitoen gaineko arro itxian kokatuta baitago. Paleoingurumen eta paleoklimaren inguruko informazio garrantzitsuz betetako gordailuak barne hartzen dituzte aintzirak berak eta Gesaltzak, eta baita, hezeguneetako berezko biodibertsitatea ere. Horiek babesteko beharra dela-eta, nazioarte-mailan garrantzitsuak diren hezeguneen RAMSAR zerrenda barne hartu dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatz-ustiaketaren hastapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Añanako Gatz Harana, Goi Erdi Aroan; kristo ondorengo IX. mendean, gutxi gorabehera

Gaur egungo ikuspegitik, ulergaitza da gatzak, hain ugaria eta merkea den elementu horrek, historian eman izan zaion besteko garrantzia izatea. Hala ere, kontuan hartu behar da gatza ezinbestekoa zela, eta dela, bai hainbat industria-prozesutan, bai gizakien eta animalien elikaduran; are gehiago artean hotz industrialik ez zenean, gatza erabiltzea baitzen elikagaiak kontserbatzeko metodorik eraginkorrenetakoa. Izan ere, hamaika gerra eta bake, heriotza eta goratze, oparotasun eta eskasia, herri nahiz hiriren sorkuntza eta suntsiketa eragin du gatzak, eta nola ez, gutizia; alabaina, baita poztasuna ere. Esaten ari garena frogatzeko, Añanako historiaren errepaso labur bat egitea besterik ez dugu…

Ur gaziko iturburuen inguruan aurkitu diren giza-arrastorik zaharrenak duela 5.000 urte ingurukoak dira. Ordutik, bertako biztanleak garaian garaiko interesetara eta berezitasunetara egokituz joan dira. Burdin Aroan, mendi-hegalen behealdea utzi eta etxebizitzak goiko guneetan, erraz defenda zitezkeen lekuetan, egin zituzten. Erromatar Inperioaren garaian, populatze-sistemak aldaketa handia izan zuen. Añanako gatzak zuen garrantzia medio aski seguru, ustiategitik kilometro gutxira, egun Espejo herria dagoen lekuan, hiri bat sortu zen, Ptolomeo geografo ezagunak Salionca izenez jaso zuena. Hiriaren garapen ekonomikoak inguruko biztanleak erakarri zituen; jende asko, herribildu zaharretako ohiko bizilekuak utzi, eta hiri oparo hartara joan zen bizitzera.

V. mende aldera, sute handi batek Salionca suntsitu zuen. Ez dakigu gertaera horrek zerikusirik ote duen lurraldea erraustu zuten barbaroen inbasioekin; arkeologoek, ordea, dokumentatu ahal izan dute hiria hustu egin zela, eta biztanle asko gatz haranera joan zirela bizitzera eta lan egitera.

Gesaltza-Añanaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Añanako Gatz Harana XII. mendean

Hanianako (Goi Erdi Aroko testuetan izendatzen duten moduan) haranaren ingurualdean han hemenka instalatu zen komunitateak aldaketa handia izan zuen VIII. mendearen eta X. mendearen lehen erdiaren artean. Epe hartan, armada musulmanak lurralde hauetan (arabieraz “Alaba wa-l-Qiba” edo “Araba eta Gazteluak”) zigor-espedizioak egin ohi zituen, eta haietariko biren jomuga nagusi izan zen Añana, 822 eta 865. urteetan. Zenbait faktore tarteko, gatzagak ustiatzen zituen komunitate handi hura funtzionamendu guztiz autonomoko sei herrixkako sare batean zatitu zen.

Añanan indar handia zuten botere feudalek, ustiaketan berrogeita hamar erlijio-erakunde baino gehiagok ziharduten. Alabaina, nola bertako komunitateek hala aristokratek batetik, eta XII. mendetik aurrera erregeek hartu zuten botereak bestetik, botere feudal haien presentzia murriztu zuten. Alfontso I.a Borrokalariak, 1114. urtearen inguruan, Euskal Herriko lehen errege-forua eman zion haranari. Errege-forua jasotzeaz batera, azkeneko aldaketa eman zen gatzagako populatzean. Hain zuzen ere, sei herrixketako biztanleek beren herriguneak utzi eta erregeak Añanako hiribildu harresitua sortzeko hautatu zuen lekura joan ziren bizitzera.

XVI. mendeko gatz-biltegia. Gaur egun, gatz-denda eta bisitariei harrera egiteko gunea da

Gatz-ustiaketaren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboran atzera eginez gero, ikus dezakegu, XIV. mendean, botere txikiagoa zuten erregeek Añana noblezia-jaurgoen eskuetan gera zedila utzi zutela, Las Huelgasko (Burgos) monasterioaren menpean lehenik, eta Sarmiento familiaren agindupean ondoren (Gatzagako Konde titulua hartu zuen familia hark).

Bukatzeko, aipatu beharra dago, XVI. mendearen erdialdera, Felipe II.ak gatzaren monopolioa dekretuz agindu zuela. Monopolioa 1869an amaitu zen, antzinako erregimeneko borboitarren erreformekin. Estatuaren kontrolpean egon zen garai hartan zehar, erregetzak, ordura arte erabilitako produkzio-sistema aldatzera behartu zituen gatzagako langileak. Horrek gatz haran osoaren aldaketa sakona eragin zuen. Gaur egun ikus ditzakegun egitura gehienak garai hartakoak dira.

Gatz-ustiaketaren gailurra eta gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatz Harana ustiapen betean, XX. mendearen erdialdera
Irudi honetan gatzaga zahar abandonatuak ikus daitezke, landaretzak estaliak

XIX. mendearen hasieran, hainbat obra eginarazi zizkieten jabeei, eta horrek galbidea ekarri zion askori. Hala ere, Añanak bere lehiakideei aurrea hartu zien, ekoizpenak nabarmen egin baitzuen gora eta purutasun handiko gatz zuria lortu baitzen. Izan ere, gatz-ekoizleen komunitateak 1851ko Londresko Erakusketa Unibertsalean aurkeztu zuen bere produktua, eta ohorezko aipamena eta brontzezko domina irabazi zituen.

Estatuak monopolioari amaiera eman zionean, gatz-ekoizleek ustiaketaren kontrol osoa berreskuratu zuten. Denboraldi batean negozioa ondo joan zen, inbertsio handia egin baitzen, martxan gatza egiteko 5.000 larrain izateraino; hor jo zuen gailurra ustiaketak. Alabaina, ezerk ezin izan zuen ekidin XX. mendean gertatu zen gainbehera bortitza. Jardueraren gainbehera hainbat faktoreren eraginez etorri zen, besteak beste, kostaldeko gatzagen produkzioan hobekuntzak egin zituzten, gatz-harrien meategietan metodo industrialak erabiltzen hasi ziren, eta trenbide-linea berriak egin ziren, garraioa, eta ondorioz, gatzaren azken prezioa merkatu zen. Horiek horrela, Añanan bertan ere merkeagoa zen Torreviejako gatza, bertako gatzagetan egindakoa baino.

Argazki galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Ajamil, C. I.; Dorronsoro, T.; Gutierrez, F. J.; Llanos, A.; Vidal-Abarca, J., 1988, Salinas de Añana y alrededores: guía para una visita, Vitoria.
  • Arellano Sada, P., 1930, Salinas de Añana a través de los documentos y diplomas conservados en su archivo municipal. Universidad. Revista de cultura y vida universitaria. Zaragoza, 480-538.
  • Azkarate Garai-Olaun, A., 2008, Un Paisaje Cultural Extraordinario, prólogo en Plata, A., Génesis de una villa medieval, Vitoria-Gasteiz.
Dokumentua beheratu
  • Lasagabaster, J.I., Landa Esparza, M., Plata Montero, A., 2008, Salinas de Añana (Álava), en Vayá Carrasco, J.F., Hueso Kortekaas, K. (Coords.), Los paisajes ibéricos de la sal. 1. Las salinas de interior, Guadalajara, pp. 45-57.
Dokumentua beheratu
  • Hueso Kortekaas, K., Carrasco, J.F., 2008, Iniciativas de recuperación de salinas de interior en España, en The articulation of portuguese salt with worldwide routes. Past and new consumption trends. Porto: Instituto de História Moderna/Universidade do Porto, pp. 321-328.
Dokumentua beheratu
  • Landa, M., Lasagabaster, J.I., La recuperación integral del Valle Salado de Salinas de Añana: Gestión y método, en VII Congreso Nacional de Medio Ambiente
Dokumentua beheratu
  • Landa Esparza, M., Plata Montero, A., 2007, El valle salado de Añana. Hacia su recuperación integral, Vitoria.
[1]
  • López Castillo, S., 1984, Diplomatario de Salinas de Añana (1194-1465). San Sebastián.
  • Plata Montero, A., 2003, La aplicación de la Arqueología de la Arquitectura a un complejo productivo, el valle salado de Salinas de Añana (Álava), Arqueología de la Arquitectura 2, pp. 241-248
Dokumentua beheratu
  • Plata Montero, A., 2006, El ciclo productivo de la sal y las salinas reales a mediados del siglo XIX, Vitoria
[2]
  • Plata Montero, A., 2008-2009, Un nuevo reto estratigráfico. El valle salado de Salinas de Añana (Álava), en Krei 10, pp. 89-110.
Dokumentua beheratu
  • Plata Montero, A., Génesis de una villa medieval. Arqueología, paisaje y arquitectura del valle salado de Añana, Vitoria.
[3]
  • Plata Montero, A., 2009, Arqueología de las Salinas. El método de estudio de un paisaje cultural construido, en KOBIE (Serie paleoantropología9 Nº XXVIII, pp. 255-266.
Dokumentua beheratu
  • Plata Montero, A., 2009, Arqueología de un espacio habitado, trabajado y defendido. El sistema fortificado de Salinas de Añana (Álava), en Arqueología de la Arquitectura 6, pp. 117-148.
Dokumentua beheratu
  • Porres Marijuán, Mª. R., 2000, Fueros y sal: controversias fiscales entre la provincia de Álava y la Corona durante el período borbónico, en Cuadernos Dieciochistas,nº. 1, pags. 225-256.
Dokumentua beheratu
  • Porres Marijuán, R., 2003, Sazón de Manjares y desazón de Contribuyentes. La sal en la Corona de Castilla en tiempos de los Austrias, Vitoria.
  • Porres Marijuán, R., 2007, Las reales salinas de Añana (siglos X-XIX), Vitoria.
  • Porres Marijuán, R., 2007, Un impuesto singular: El Diezmo-Señor y la sal en Añana, siglos XVI-XIX, en HISPANA. Revista Española de Historia, vol. LXVII, nº 225, enero-abril, pp. 173-208.
Dokumentua beheratu
  • Ruiz De Loizaga, S., 1984, Documentos medievales referentes a la sal de las salinas de Añana, Hispania 44 (156), 141-205.
  • Sánchez-Fernández, D., Abellán, P., Camarero, F., Esteban, I., Gutiérrez-Cánovas,C., Ribera, I., Velasco, J., Millán, A., 2007, Los macroinvertebrados acuáticos de las salinas de Añana (Álava, España): Biodiversidad y especies indicadoras, en Boletín Sociedad Entomológica Aragonesa, nº 40, pp. 233-245.
Dokumentua beheratu[Betiko hautsitako esteka]
  • Torre Ochoa, J. Mª. (Coord.), 1992, 850 Aniversario del fuero de población de Salinas de Añana, Vitoria.
  • Urquijo, F., 1853, Memoria sobre la Salina de Añana, Salinas de España: memorias redactadas durante los años 1851-1853, t. I, Archivo del Ministerio de Hacienda, sig. 935, 905-942.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]