Associaçom Galega da Língua

Wikipedia, Entziklopedia askea
AGAL» orritik birbideratua)
AGALen egungo ikurra

Associaçom Galega da Língua edo AGAL (Hizkuntzaren Galiziar Elkartea) galizieraren normalkuntza helburu duen elkarte erreintegrazionista da. 1981ean sortu zen.

AGALek galiziera hizkuntza talde galaikoportugesaren parte dela azpimarratzen du. Horrela, galizieraren izaera autonomoa aitortzen badu ere, galiziera hitz egin nahiz idazteko testuinguru lusofonora begiratu beharra aldarrikatzen du. Bestela esanda, AGALen ustez, galiziera hizkuntza-talde galaiko-portugesak Galizian hartzen duen izena da. Horrela, galizieraren idaztarau estandarra (edo RAGen arauak) ez du onartzen eta 1983an galizierarako idaztarau propioak kaleratu zituen, Estudo crítico das normas ortográficas e morfolóxicas do idioma galego izenarekin.

Hizkuntza galaiko-portugesaren nazioarteko bost biltzar antolatu zituzten 1984-1996 artean. Bigarrenean, Txillardegik eta Txepetxek parte hartu zuten 1987 urtean. Hirugarrenean, Julen Arexolaleibak, Joxe Inazio Marko Juanikorenak, Txepetxek eta Koldo Zuazok hitzaldi bana irakurri zuten 1990 urtean. Laugarrenean, Xabier Isasi joan zen, 1993 urtean.

1995etik, Agália hiruhilabetekaria argitaratzen du. Halaber, Universália eta Criaçom liburu bildumak kaleratzen ditu.

2001etik 2007ra, Bernardo Penabade izan zen AGALeko presidente, eta 2007tik aurrera, Alexandre Banhos.

AGALen sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galizieraren arazoei aurre egiteko, egoera politiko berriak (Galiziako Autonomia Estatutua) baliatzeko beharra izan zen 1981eko maiatzean Compostelan egindako hainbat bilkuraren ondorioa. Horretarako, elkarte bat sortzea erabaki zen (AGAL), helburu gisa "galizieraren hizkuntza zein gizarte erreintegrazioa lortzea, eta bereziki, idatzizkio adierazpenetan, hizkuntzalaritzaren arloan eta berezkoa duen kultura-arloan (galiziar-luso-afrikar-brasildarra) erreintegrazioa lortzea" zuena. (AGALen lehenengo Estatutuetatik hartutako hitzak)

AGALen ikur zaharra

Urte bereko ekainaren 9an, sortze-agiria idatzi zen Coruñan: Xavier Alcalá, António Gil Hernández, Manuel Miragaia, José Maria Monterroso eta Joám Carlos Rábade elkarteko kide gisa agertu ziren. Urrian, elkartea legeztatu zuten, eta abenduan, lehenengo Kontseilu Nazionala aukeratu zuten, Xavier Alcalá kide sortzaileak zuzenduta.

1986an, Mesa pola Normalización Lingüística (Hizkuntzaren Normalizaziorako Biltzarra) sortzea babestu zutenen artean egon zen AGAL.[1]

2018an, arau bikoitza (binormatibismoa) programa-ardatz gisa hartzeko apustua egin zuen.[2]

Presidentzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 1981etik 1982ra: Xavier Alcalá (telekomunikazio ingeniaria eta idazlea).
  • 1982tik 2001era: Maria do Carmo Henríquez Salido (hizkuntzalaria, Vigoko Unibertsitateko irakaslea).
  • 2001etik 2007ra: Bernardo Penabade (hizkuntzalaria eta Burelako Perdouro BHIko Galiziera irakaslea).
  • 2007tik 2009ra: Alexandre Banhos (soziologoa eta funtzionarioa).
  • 2009tik 2012ra: Valentim Rodrigues Fagim (hizkuntzalaria eta Ourense eta Compostelako hizkuntza eskoletako portuges-irakaslea).
  • 2012tik 2015era: Miguel Rodrigues Penas[3] (komunikazioan profesional, Através Editora argitaletxeko lehenengo zuzendaria, enpresaria eta PGLko sortzaileetako bat[4]).
  • 2015eko urritik: Eduardo Maragoto[5] (hizkuntzalaria eta Valentziako eta Compostelako hizkuntza eskoletako portuges-irakaslea).

Ohorezko kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere historian zehar, eta lehenengo urteetan bereziki, AGALek hainbat pertsona Ohorezko kide izendatu ditu:

AGAL argitaratzaile gisa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Consorcio Editorial Galegora (Galiziar Argitaletxeen Partzuergoa) sartu ondoren, 2008an, AGALi argitaletxe izaera aitortu zitzaion ofizialki.[6] Hala ere, elkartearen hasiera-hasieratik, Ramom Lôpez Suevosen, Ricardo Carvalho Caleroren, Elvira Soutoren, Carlos Garridoren, Carles Rieraren, Manuel Maríaren, Ernesto Guerra da Calen, João Guisán Seixasen edo Jenaro Marinhas del Valleren saiakera lanak, kongresu agiriak eta olerki-liburuak, antzezlanak edota eleberriak argitaratzen zituen dagoeneko.

Horietaz gain, Agália aldizkaria ere argitaratzen hasi zen 1985ean. Hasieran, hiruhileko maiztasuneko argitaratzeak zituen, baina egun, seihilekokoa da.

2010ean, AGAL Editora izenekoa izatetik Através Editora izenekoa izatera pasa zen, eta bilduma batzuei ere izen berriak jarri zizkieten. Bere estreinaldian, Carlos Taiboren, Séchu Senderen edo Ugia Pedreiraren lanak argitaratu zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Galizieraz) «Carta fundacional». Internet Archivetik berreskuratuta.
  2. (Galizieraz) «O reintegracionismo muda a estratexia e aposta polo binormativismo». praza.gal (Kontsulta data: 2021/01/05) (argitaratze data: 2018/12/03).
  3. (Galizieraz) «A AGAL elegeu um novo Conselho para fortalecer a oportunidade da Lusofonia para a cidadania galega». AGAL (Kontsulta data: 2021/01/05).
  4. (Galizieraz) Miguel Penasen profila AGALen. .
  5. (Galizieraz) Eduardo Maragoto, presidente da AGAL: «A língua é o melhor investimento para viabilizar a cultura galega». AGAL (Kontsulta data: 2021/01/05).
  6. (Galizieraz) «Editora Associaçom Galega da Língua integra-se no 'Consorcio Editorial Galego'». Velho PGL (Kontsulta data: 2021/01/05) (argitaratze data: 2008/12/26).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]