Abdelhamid Ben Badis

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Abdelhamid Ben Badis
Abdelhamid Ben Badis
Datu pertsonalak
Izen osoa Abdelhamid ben Muhammad al Mustafá ben Makki ben Ibn Badis
Jaio 1889ko abenduaren 4a
Constantina (Aljeria)
Hil 1940ko apirilaren 16a
Constantina (Aljeria)

Abdelhamid Ben Badis xekea, arabieraz عبد الحميد بن باديس (Constantina (قسنطينة), Aljeria, 1889ko abenduaren 4a - Constantina, Aljeria, 1940ko apirilaren 16a) XX. mende hasierako aljeriar erreformismo musulmanaren lider esanguratsuenetako bat izan zen. 1931n, Ulema Musulmandarren Elkartea sortu zuen eta ezinbesteko formazioa eman zion 1954ko azaroan altxatzen bukatuko zuen aljeriar mugimendu nazionalari. Haren ideiak politika erreformistaren oinarrian daude, Islama aljeriar herriaren funtsezko bereizgarri bihurtuz eta Frantziarekiko independentzia sustatuz.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Badis 1889ko abenduaren 4an jaio zen Constantinan, Aljeria ipar-ekialdean. Antzinatik zetorren erdi mailako sendia eta Magrebeko talde berberiar handietako bat zen Sanhaya tribu ziriakin loturak zituen. Ifriqiyako emirrak izandakoak ziren, 969an Egipto konkistatu eta 1512ra arte bere agindupean izan zuten fatimien izenean. Baina, 1041ean, Al-Muizz ben Badisek uko egin zion fatimiei obeditzeari eta abbastar Kaliferria onartu zuen. Magreb osoko komendadore egin zuten horrela eta, haustura hark Ifriqiaren independentzia nahiak azaleratu zituen. Ibn Khaldunen hitzetan:

« ... Hau ez da gure sendiaren historia bakarrik. Ipar Afrika musulman osoaren historia da, era berean...  »

Ezer gutxi ezagutzen dugu bere haurtzaroaz. Ziurrenik, Ben Badis turkiar ohituretan hezia izango zen, hori izaten baitzen ohikoena garaiko aljeriar burgesian. Inguru erlijiosoa izan zuen, hori bai, eta heziketa arabiar eta frantsesa jaso zituen. 13 urte zituen Korana ikasten hasi zenean eta tutore aparta izan zuen horretarako: Hamdam al-Wanisi. Maisua, frantses okupazioaren aurrean, hiritar musulmanen eskubideen aldekoa zen erabat eta bizitza osorako eragina izango zuen hark Ben Badis gazteagan. Horrela esaten omen zion maisuak:

« ... Ikas ezak zientzia zientziaganako maitasunagatik, ez derrigorragatik...  »

Ondo ezarritako familia oparoak bideak erraztuko zizkion Ben Badisi administrazio kolonialean. Napoleon III.ak kondekoratu zuen bere aitona, Si al-Makki kadia 1864an. Aita, Muhammad al Mustafá, abeltzain eta jabe aberatsa, gizon handia izan zen Constantinako udalean, Constantinako aga 1929an, ohorezko bachaga 1930ean, Departamentuko hautatuen federazioaren aholkulari, Frantziako Kanpo Merkataritzako aholkulari eta Ohorezko Legioaren Gurutz Handia. Senideetan zaharrena, Mulud al-Zubair, administrazio kolonialeko bizitza sozial eta politikoan sartuta zegoen erabat..., baina Hamdam al-Wanisiren eragina ez zen nolanahikoa izan eta Ben Badisek sekula ez zuela Frantziarentzako lanik egingo zin egin zuen.

« ... Funtzionario ez izateko aholkua eman zidan, nire kideen gehiengoak egiten bazuen ere, ez erabiltzeko nire jakinduria horrelako lana lortzeko...  »

1908an, 19 urte zituenean, aitak Tunisiako Al-Zaytuna unibertsitatera bidali zuen ikastera, heziketa arabiar hizkuntzan hobetzeko asmoz.

23 urte zituen Constantinara itzuli zenean eta dezepzio handia izan zuen segituan: hiriko muftiak ez zion irakaskuntza pribatuan lan egiten utziko. Ben Badisek Ekialde Hurbilean bidaiatzea erabaki zuen, bere formazioa osatzeko. Lehenengo, Medinara joan zen (Saudi Arabia) eta 1904az geroztik hantxe erretiratuta zegoen Al-Wanisi maisua bisitatu. Honek eman zion gomendio gutuna Bahit al-Multii jekearentzako. Halwanen (Egipton) zegoen hura eta Ben Badis hara joan zen, Muhammad profetaren irakaskuntzaren irakurketa eta transmisiorako zertifikatua eskuratuz.

1914an, 25 urte zituenean, Constantinara itzuli zen eta maisu izan zen Meskita Berdean. 29 urte arte hantxe aritu zen.

Lehen Mundu Gerra bukatu berria, Ben Badisek jendaurrera irteteko ordua zela erabaki zuen eta, Martha eta Edmund Gouvion historialariek eginiko eskaintza aprobetxatuz, arabiarrez idazten hasi zen. Idatzi zuen lehen testua Gouviondarren lanaren hasiera izango zen:

« ... Kulturak ahaidetasunak baino gehiago lotzen gaitu. Zientziaz elikatutako pertsonek, arabiarrak izan ala ez, sendi handia osatzen dute. Frantziatik etorria, Gouvionek Magrebeko familia ospetsuen izenak berpizten ditu...  »

Independentziaren alde[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abdelhamid Ben Badis ezkerrean eta Tayeb El Oqbi eskuinean

Pixkanaka, Ben Badis arabiarrek frantsesen okupazioari aurre egiteko kontzientzia zabaltzeko ideia garatzen joan zen:

« ... Musulmanen erreforma liberazio soziopolitikoa baino lehen izan behar du, hau arazoaren atal bat besterik ez baita...  »

Ben Badisek erreformismoa hezkuntzan zentratzen da eta, bere ustez, kolonizatuta dagoen aljeriar herriaren kontzientziazioa ezinbestekoa da independentziaren alde egiteko.

1931n Ulema Musulmanen Elkartea sortu zuenean, teologia erreformistak militante andana baten ideologian eragitea nahi zuen. Mohamed Abdu eta Rashid Ridha maisuak bezala, Ben Badisek espirituaren askatasuna bilatzen zuen eta garaiko eskola musulmanen dogmatismotik aldentzen zen.

Lan arloan Frantziatik aldentzea ere ezinbestekoa zen beretzat.

« ... Egipto eta Tunezko erreformismo erlijiosoek ez zuten arrakastarik izan, funtzionario izateko ahaleginetan baitzebiltzan gehienek, postu onak lortzeko grinan... (...)... Ezinbestekoa da funtzio publiko orotik aldentzea, Islamaren zerbitzuen egoteko...  »

Aldizkariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ash-Shihab aldizkariaren azala

Ben Badisek Islama Aljeriako bandera nazional bihurtu zuen. Amarrukeriaren aurka egin zuen eta aljeriarrak engainatzen zituzten santoien aurka ere bai. Islam garbi bat eskaini zien bere jarraitzaileei eta handik jariatzen ziren metropoliaren kontra altxarazteko oinarri politikoak eta independentzia nahiak. Horixe agertzen zen berak sortutako aldizkari bietan: Al-Muntaqid (Zentsorea) eta Al-Chihab (Meteoroa).

Al-Muntaqid 1924ko uztailean jaio zen eta helburu bikoitza zuen: alde batetik, Islamaren barne berrikuntza sustatu nahi zuen Aljerian eta, bestetik, aljeriarrak kolonizatzaileen laizismotik salbatu nahi zituen. Aldizkariak 5 hilabeteko bizia izan zuen, Frantziak itxi baitzuen gero, Marokoko Rifeko altxamendua defendatzen zuela-eta.

Ben Badisek ez zuen etsi eta aldizkari berri bat atera zuen, Al-Chihab; hileroko hura segituan izan zen erreformista aljeriarren erreferente eta horrela jarraitu zuen II. Mundu Gerra hasieran itxi zuten arte. 1925eko azaroaren 12an hauxe izan zen lehen aleko Ben Badisen editoriala:

« ...Chihab bat, izar bat, askatasunaren, anaitasunaren, berdintasunaren zeruan, Islamaren idealak, frantses askeek aldarrikatu dituzten berberak (...) Chihab bat, suziria, ezjakintasunaren, superstizioaren eta errorearen iluna argitzen duena (...) Chihab bat, meteoro zaindaria, egiazko erlijioa gezurtien mehatxuetatik eta berrikuntza susmagarrien lagunengandik salbatuko duena...  »
« ...Islama nire erlijioa da, arabiarra nire hizkuntza, Aljeria nire aberria...  »
« ...Aljeriak 3 oinarri ditu: etnia berberiarra, hizkuntza arabiarra eta erlijio musulmana...  »

Ben Badis erreformismo aljeriarraren lider bihurtu zen, batez ere, ematen zituen klaseak medio; 200en bat eskoletara joaten zen eta arabiar hizkuntza eta moral erlijiosoa irakasten zituen. Egunean 14 klase ematera iritsi zen eta 300 bat ikasle egon ohi ziren klase haietan.

Aljeriaren eraikuntza nazionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ben Badisek une historiko erabakigarria harrapatu zuen: gerra arteko garaia. Une hartan, elite intelektual aljeriarraren gehiengoak -metropoliak hezia- Aljeria Frantzia bezalakoa izatea nahi zuen eta, oso ezaguna izan zen Ben Badis eta Ferhat Abbasen arteko jendaurreko debatea.

1936an, Abbasek Aljeriako historian ez zegoela nazioa zela esaten zuen aurrekaririk idatzi zuen eta aljeriarrek Frantzia hartu behar zutela aberri. Ben Badisek Aljeriak nahikoa frogatu zuela nazio izateko garapena erantzun zion eta hizkuntza, kultura eta tradizio batua zuela.

Une hartan, Ben Badis nazionalista sekularrak Frantziarekin akordioak lortuko zituzten beldur zen eta horregatik uko egin zion Messali Hadjeren nazionalismo erradikalari. 1936ko ekainean, Ulema Musulmanen Elkartea sendotu zuen, erreformista, asimilazionista eta komunistak batera, Frantziari aurka egiteko. Akordiorik lortzen ez zenez, erreformistak berehala alboratu zuten aliantza politiko hau 1938an.

Ben Badis Constantinan hil zen 1940ko apirilaren 16an, 52 urte zituenean. Maisuaren desagerpenak Ulema Musulmanen Elkartearen gainbehera ekarri zuen, baina bere jarraitzaileen ez dute etsi eta Aljeria izate arabiar eta musulmana izateko lanean diraute.

Korronte islamiar honek Muhammad profetaren irakasketaren hasierara itzuli nahi zuen eta Mohamed Abdu eta Yamal al-Din al-Afganiren aljeriar politikaren nortasunaren berrikuntza sakona suposatu zuen.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]