Abidos (Asia Txikia)

Koordenatuak: 40°11′43″N 26°24′18″E / 40.195277777778°N 26.405°E / 40.195277777778; 26.405
Wikipedia, Entziklopedia askea
Abidos (Grezia)» orritik birbideratua)
Abidos (Asia Txikia)
Kokapena
Estatu burujabe Turkia
Turkiako probintziaÇanakkale probintzia
HiriaÇanakkale
Koordenatuak40°11′43″N 26°24′18″E / 40.195277777778°N 26.405°E / 40.195277777778; 26.405
Map
Historia eta erabilera
Battle of Abydos K.a. 411
Artikulu hau Anatoliako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Abidos».

Abidos[1] (antzinako grezieraz: ΆβυδοςAbydos; latinez: Abydum), Misiako hiri bat izan zen, Helesponton, Negara punta izeneko tokian, asiar zatian, Sestos izeneko antzinako hiriaren beste aldean.

Ziuraski, traziar biztanleriadun hiri bat izan zen, Miletoren kolonia K.a. 700. urtean bihurtu zena. Dario I.a persiar enperadoreak su eman zion Traziara egin zuen bere espedizioan, eszitek okupa ez zezaten (K.a. 512. urtea), baina, ondoren, indarberritu egin zen eta berreraikia izan zen.

K.a. 499. urtean, ioniar matxinadara batu zen baina Dario I.a Handia jeneral persiarrak okupatu zuen K.a. 498. urtean. Pertsiako Xerxes II.ak K.a. 480. urtean, han, txalupa zubi bat eraiki zuen, bere tropek itsasartea beste aldera pasa ahal zezaten (Sestosetik gertu, hiri hau eta Maditos artean).

Atenasen aliatua, Sirakusako setioaren ondoren, K.a. 411. urtean matxinatu zen, eta Espartaren alde agertu zen, Derzilidas espartar jeneralaren mende geratuz. Ondoren, Anatoliako gainontzeko greziar hiriekin batera, persiara pasa zen K.a. 386. urtean.

K.a. 334. urtean Alexandro Handiaren mende geratu zen, eta Mazedoniaren hiri aliatu bezala jarraitu zuen, Antigono I.a Monoftalmosen eskuetara pasa zen, K.a. 305. urtean, bere burua Sardeseko errege izendatu zuena, eta, Issosen K.a. 301ean garaitua eta hila izan ondoren, Lisimako Traziakoaren eskuetara pasa zen, hau, K.a. 281ean, Seleuko I.a Nikatorrek garaitu zuen arte. Seleuko, asiar ondasunetaz jabetu eta Europara pasa zen, non hila izan zen. Hala ere, seleuzidek asiar kostaldea mantendu zuten, Abidos barne. K.a. 200. urtean Mazedoniako Filipo V.ak eraso zuen, eta gogor defendatu zen, baina, azkenik, amore ematea beste erremediorik ez zitzaion geratu. K.a. 196. urtean gertatu zen Erroma eta Mazedoniaren arteko lehen gerraren ondoren, Erromak hiri aske bezala adierazi zuen, Asiako beste hainbat hirirekin batera, eta, ordutik aurrera, Erromaren eraginpean geratu zen. Hiriak, bere lurraldean, urre meatze batzuk zituen, erromatar garaian agortuak zeudenak.

Hiria, XV. mendean Konstantinoplaren erorketa gertatu eta beranduxeago arte existitu zen, baina, otomandarren agintepean, ia desagertu egin zen.

Aidos edo Avido izeneko toki bat izango litzateke antzinako Abidos. XX. mendean Lehen Mundu Gerraren ondoren, toki mugatua izan zen, armada tropak izatea baimentzen zen Dardanelos itsasarteko toki bakarra baitzen, hain zuzen ere, itsasartea estuena zen tokian.

Abidos eta Sestos, Hero eta Leandroren istorioa gertatzen den tokiak dira, Mousaios izeneko K.a. VI. mendeko olerkari greziarrak azaltzen duen bezala. Leandro Abidosen bizi zen, eta Hero Sestosen; Afroditaren jaialdi batean elkar ezagutu eta maitemindu egin ziren. Bisita egiteko, Leandrok, gauero, itsasartea igerian igarotzen zuen, eta Herok dorre batean jartzen zion argia gidatzeko, baina, gau batean, dorreko sua ekaitz baten ondorioz itzali zen, eta Leandro ito egin zen. Bere gorpua hurrengo egunean aurkitu zutenean, Hero itsasora bota zen, bere maitearekin heriotzan batzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]