Adarzabal

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Holozoa

Adarzabal
Adarzabal arra, udan.
Iraute egoera
Sailkapen zientifikoa e
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Artiodactyla
Familia: Cervidae
Generoa: Dama
Espeziea: Dama dama
Linnaeus, 1758.
Hedapen mapa
1- Berezkoa 2- Berezkoa edo oso sarrera goiztiarra 3- Gizakien sarrera XIX. m. baino lehen 4- Gizakien sarrera modernoa

Adarzabala[2] (Dama dama) Cervidae familiako ugaztun artiodaktiloa da. Euskal Herriko zerbidorik handiena da. Dimorfismo sexual handiko animalia da eta gainerako taldekideetatik bereizten duen ezaugarri deigarria du. Izenak berak dioen bezala, adarrak zapal eta zabalak dira. Adarzabalen beste ezaugarri bereizgarria bizkarrean eta alboetan bi sexuetan agertzen diren orban zuriak dira.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamaina handiko animaliak dira, arrek gurutzean 150 cmko altuera lor baitezakete. Emeak, normalean, txikiagoak izan ohi dira eta gutxitan izaten dira 130 cm baino altuagoak. Pisuari dagokionez ere aldakortasuna nabaria da: arrak 55 kg inguruan eta emeak 30 kiloren bueltan.

Urtean zehar 2 ile erakusten dituzte. Udakoa arre-gorriska izan ohi da, bizkarraldean eta alboetan orban zuri ugarirekin. Alboetako orbanak, sabelaldera hurbildu ahala luzatu egiten dira eta elkar ikutzen dute maiz luzetarako marra zuri bat sortuz. Bizkarrean, gainera, sepia koloreko marra bat hedatzen da lepotik buztaneraino, amaiera aldean ilundu egiten dena. Sabelaldea eta zangoen barnealdeak zuriak dira. Neguko ilajea udakoa baino ilunagoa da eta orban zuriak desagertu egiten dira. Ipurtaldeko ezkutua zerbidoen familian beha daitezkenen artean ederrenetariko bat da. Ipurtalde osoa eta iztarren atzealdea hartzen duen orban zuri handia marra beltzez mugaturik dago. Buztana goialdean beltza, eta behealdean zuria da.

Aurrez aipatu bezala, adarzabalen dimorfismo sexuala oso handia da. Tamainaz aparte, arrek udaberrian garatzen duten adarkadura handiak sexuen arteko bereizketa asko errazten du. Udaberrian hasten da sortzen, larruz inguraturiko egitura gisa, eta neguaren amaiera aldera galtzen dituzte guztiz osifikaturiko adar biluziak.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriz Europako mediterraneo inguruko lurralde guztian aurki bazitekeen ere, azken glaziazioan ia desagertu egin zen. Populazio bakan batzuk gelditu ziren Europa hegoaldean isolaturik eta kultura eta herrialde ezberdinek hainbat lekutan egindako sartzeekin, espeziearen banaketa ia Europa guztian zabaldu zen.

Iberiar Penintsulan aspaldi sartu zutela jakina den arren, ez dago data jakin bat adierazterik. XIX. mendean erregetzaren hainbat ehiza-barrutitan eta penintsula erdialdeko mendiguneetan aurki zitekeen. Egun, oraindik ere, ehiza-barrutietan mantentzen da, batez ere.

Euskal Herrian bi populazio nagusi daude. Nafarroan Kintoako mendietan duela mende erdi Andaluziatik ekarri zuten populazioa bizi da. Animalion sartzea oreinekin batera burutu zen. Populazioa nahiko txikia da, ez baitzuten ingurune berrian zabaltzerako orduan arrakastarik izan. Beste populazioa Lokiz mendiaren inguruan dago, Araba hego-ekialdean.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurune mediterraneoko animalia da, tenperatura hotzak eta elurteak jasaten ez dituena. Habitataren deskribapena burutzea zaila da, dietan biltzen dituen landare-espezie kopuru altua dela-eta, baina larreetan basoen irekiguneetan eta arroila eta erreken ertzetan behatu ohi da nagusiki.

Doñanan paduraren ertzeko larreetan ibili ohi da.[3] Udaberrian pinadi itxiak eta harkaitzdun artadiak aukeratu ohi dituzte.[4]

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte guztian zehar, ia bere osotasunean, landare belarkarez elikatzen den animalia da. Hala ere, belarraren eskuragarritasuna urria denean, beste hainbat elikagai-iturri ustiatu ditzake, hala nola, fruituak, hostoak eta kimuak[5]. Madrilen egindako ikerketa batean, artadi bateko hazien dispertsante moduan jokatzen dutela konprobatu da.[6]

Bizimodua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrak eta emeak talde txikietan bizi ohi dira baina normalean bi sexuetako taldeen arteko harremanak araldian besterik ez dira ematen. Taldeon tamaina, batezbeste, 8 banakoren bueltan egon ohi da, baina normalean udan taldeen tamainak handiagoak izaten dira. Adarzabalak udan talde handietan biltzaren arrazoia uraren eskuragarritasunaren jaitsiera izan daiteke, banako gehienak ura eta elikagaiak ugariak diren gune jakin batzuetan kontzentratzen baitira. Neguan, ordea, urarekiko dependentzia ez da horren handia, eta adarzabalak talde txikiagoetan antolatzen dira.

Emeez osaturiko taldeetan aurreko urtean jaiotako kume ar zein emeak egon ohi dira. Arren taldeak, berriz, heldu, subheldu eta gazteez osaturik egon ohi dira. Arren kopula-arrakasta eta tamaina zuzenki proportzionalak dira, ez ordea pisua. Arren pisua, ordea, dominantzia-eskalako maila ezartzerako orduan oso faktore garrantzitsua da. Adarkaduraren tamaina ere ar bakoitzaren maila sozialarekin bat etorri ohi da. Marrualdian arrak emeen taldeetara hurbiltzen dira eta talde mixtoak osatzen dituzte.

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie poligamoa da. Araldia udazkenaren hasieran gertatzen da, iraila bukaeran hasi eta urria amaieran amaitu. Garai honetan ar helduek euren lurraldeak markatu eta gainerako arrekin borrokatzen dute, emeak gorteiatzearekin batera. Emeak erakarri eta arrak urruntzeko marru grabe eta sendoak egiten dituzte eta ez dute apenas jan ez lorik egiten. Nolabaiteko alarma egoera jarrai batean bizi ohi dira araldi garaian. Zenbait guruinen jariakinek ere paper garrantzitsua jokatzen dute komunikazio sexualean.

Emeak lortzeko arrek beren artean egiten dituzten borroketan, arerioa kikiltzeko mugimendu eta portaerak izaten dituzte, eta adarrekin elkarri topeka ibiltzera iritsi daitezke. Era honetako borrokak adin guztietako arretan behatu ohi dira urteko edozein sasoitan, baina aipaturiko moduko intentsitatea ar helduek araldian besterik ez dute izaten. Eme batekin parekatzeko aukerak handitu ahala, borroka-kopurua handitu egiten da, eta borroka- eta ugal-arrakastaren artean erlazio garrantzitsua badela egiaztatu da.

8 hilabeteko ernaldiaren ostean, udaberriaren amaiera aldera emeek kume bakarra erditu ohi dute. Erditzea gertatu baino egun batzuk lehenago emea taldetik urrundu eta isolatu egiten da. Kumeak jaiotzen diren garaia adarzabalen elikadura-eskuragarritasunak goia jotzen duten momentua izan ohi da. Jaio eta berehala, bizpahiru saiakaeraren ostean zutik jartzea lortzen dute eta segituan lortzen dute oinez ibiltzea. Hala ere, lehen egunetan kumea landarediak babes dezakeen sastrakadi eta baso itxietan mantendu ohi da eta amak noizbehinkako bisitak egiten dizkio elikatzeko.

Kumea dagoen lekua sutsuki defendatu ohi dute emeek, bai espeziekide zein bestelako animalien aurrean ere.

Ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrek 15-16 hilabeterekin eskuratzen dute heldutasun sexuala, nahiz eta ez duten ugalketan parte hartzen 5 urte bete arte. Emeak, ordea, kumatzen hasi daitezke behin 16-17 hilabeterekin heldutasuna lortzean.

Emeek, beren energiaren zati handiena kumeak aurrera eramaten agortzen dute (ernaldu, edoskitu, zaindu...).

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai batean otsoa (Canis lupus) zen zerbido honen harrapari nagusia, baina gaur egun bi espezieen bizi-eremuak oso leku gutxitan gainjartzen dira. Iberiar Penintsulan katamotz iberiarra (Lynx pardinus) da adarzabal kumeei erasotzen dien espezie bakarra. Euskal Herrian, ordea, gizakiaren kontrolpean bizi den animalia izaki, ez dauka inolako predazio-arriskurik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Adarzabal Aldatu lotura Wikidatan
  1. The IUCN red list of endangered species
  2. (Euskaraz)  Alberdi Estibaritz, Antton, Adarzabala, EuskalNatura.net - CC-BY-SA, http://www.euskalnatura.net/index.php?option=com_content&task=view&id=794&Itemid=754. Noiz kontsultatua: 2010-03-24 .
  3. (Ingelesez)  Rogers, P. M.; Myers (1980), «Animal distributions, landscape classification and wildlife management, Coto Donana, Spain», Journal of Applied Ecology 17 (3): 545–565 .
  4. (Ingelesez)  Escós, J.; Alados, C. L. (1992), «Habitat preference of Spanish ibex and other ungulates in Sierras de Cazorla y Segura (Spain)», Mammalia 56 (3): 393–406 .
  5.   García-González, R.; Cuartas, P. (1992), «Foods habits of Capra pyrenaica, Cervus elaphus and Dama dama in the Cazorla Sierra (Spain)», Mammalia 56 (2): 195–202 .
  6. (Ingelesez)  Malo, J. E. (2000), «Herbivore dunging and endozoochorous seed deposition in a Mediterranean dehesa», Journal of Range Management 53 (3): 322–328 .

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]