Adolf Hitler

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Adolf Hitler
Adolf Hitler

1934 – 1945
Aurrekoa Paul von Hindenburg (Presidentea)
Ondorengoa Karl Dönitz (Presidentea)

Jaiotza 1889ko apirilaren 20a
Braunau am Inn (Austria-Hungaria)
Heriotza 1945eko apirilaren 30a
Berlin (Alemania)
Alderdi Politikoa Nazi Alderdia
Ezkontidea Eva Braun
Sinadura Adolf Hitler-ren sinadura

Adolf Hitler (Braunau, Austria-Hungaria , 1889ko apirilaren 20 - Berlin, Alemania, 1945eko apirilaren 30) jatorri austriarreko diktadore alemaniarra zen, nazionalsozialismo izeneko ideologiaren sortzaile eta bultzatzaile nagusia. Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistako burua eta Hirugarren Reicheko kantzilerra izan zen.

Jarraitzaileek "Der Führer" deitzen zuten, hau da, buruzagi edo gidaria.

Eduki-taula

Bizitza

Lehen Mundu Gerran gudukatu zen eta Alemaniako burdinazko gurutzea eman zioten bitan.

1923an porrot egin zuen estatu-kolpea jo zuen Munichen. Hala ere, epaitu zutenean ezarri zioten espetxealdia urtebetekoa baino ez zen izan. Kartzelan zegoela, "Mein Kampf" ("Nire Borroka") izango zena diktatu zion bere jarraitzaile Rudolph Hessi. Bertan nazismoaren hezur-mamiak azaldu zituen.

SA eta, geroago, SS taldeak sortu zituen aurkari eta etsai politikoak suntsitzeko.

Hirugarren Reich-a

Sakontzeko, irakurri: Hirugarren Reich

1933an kantzelari izendatu zuten. Berehala, botere guztiak —Reichsführer— bereganatu zituen, beste alderdi guztiak legez kanpo jarri, demokrazia ezabatu eta Gestapo (polizia berezia) eratu. Lehenagotik ahoz eta idatziz egin zituen iragarpenak bete egin zituen.

Juduak eta ezkertiarrak (komunistak batez ere) jazarri zituen, bere ustez bi taldeok Versailleseko kapitulazioaren eta alemaniarren ezbehar guztien errudunak zirelakoan.

Handik gutxira, Franco diktadoreari lagundu zion Espainiako gerran eta bere agindupeko hegazkinek Gernikako bonbardaketa burutu zuten. Ekintza hura probalekua izan zen Mundu Gerrarako. Ondoren, Versaillesko hitzarmenari muzin eginez, arma ekoizpenari ekin zion. Halaber, 1936an Renanian tropak berriz ezarri zituen eta 1938an, gerlara jo gabe, Austria eta Txekoslovakia Alemaniara batu zituen, bere "alemaniar izaera" eta "alemaniar gutxiengoa" aitzakitzat hartuz, hurrenez hurren.

Bigarren Mundu Gerra

Sakontzeko, irakurri: Bigarren Mundu Gerra

1939an Polonia ere inbaditu zuenean, Frantziak eta Erresuma Batuak gerra aldarrikatu zioten Alemaniari. Bost astean Frantzia menderatu zuen Alemaniak, "tximista-gerra" izenez ezagutu zen taktika militarraz baliatuz. Estrategia hartan, tankeen eta hegazkinen egitekoa giltzarri gertatu zen.

Hitlerrek Lehen Mundu Gerrako errendizio ituna izenpetu zeneko tren bagoi berberean izenpearazi zien kapitulazioa frantesei eta, jarraian, bagoia lehertzeko agindu zuen. Okupazioak iraun zuen bitartean, besteak beste, Lapurdiko kostalde guztian bunker ugari altxarazi zituen, aliatuak hortik lehorreratuko zirelakoan.

Franco espainiar agintari faxistarekin elkarrizketa bat izan zuen Hendaiako tren geltokian. Inoiz ez zen ondo argitu bilera hartan zer eztabaidatu zuten eta, gerra amaitutakoan, erregimen frankistak beti esan izan zuen Francok ezezko biribila eman ziola Hitlerren gerran sartzeko gonbitari. Aurrerago jakin da, Espainiako Serrano Súñer (batzarrean bertan izan zen) politikari frankistak berriki argitua, Francoren eskakizunak gehiegizkoak izan omen zirela (batez ere, Afrikako iparraldeako zenbait lurralde eskatu baitzituen laguntzaren ordainetan) eta, gainera, ordu erdiz itxaronarazi omen ziotela Alemaniako buruzagiari. Hura guztia, antza, soberakoa izan zen Hitlerrentzat, eta oihuka hasi omen zitzaion Espainiako diktadore berriari. Francok gutxieneko kolaborazioa agindu zion; eta esku hutsik irten batzarretik.

1940an Hitlerrek Errusiari eraso egiteko agindu zuen, bere aspaldiko iragarpena betez (ekialdea da alemaniarrek hedatzeko duten Lebensraum edo espazio naturala), Britainia Handiaren kontrako guda irabazita zeukalakoan. Dena dela, historialari askoren aburuz, hura izan zen haren hondamendi eta gainbeheraren hasiera.

1940ko ekialdeko kanpaina erdi-porrota izan zen, eta handiagoa 1941ekoa, batik bat Stalingrado garaitzearekin tematu zelako. XX. mendeko negu gorriena egin zuen Errusian eta alemaniarren armak eta uniformeak ezegokiak ziren hotzari aurre egiteko. Bitartean, Stalinek errusiar gudalosteak armaz berriz hornitu, alemaniarrak inguratu eta hesian hartu zituen: milioi laurdenetik gora soldadu irten ezinik geratu ziren. Handik aurrera, Hitlerren gudalosteek atzeraka egin zuten etengabe eta urtebete geroago, britainiar, kanadar eta estatubatuarrek Normandian lehorreratzea lortu zuten.

AEBetako egunkari bat, Hitlerren heriotzaren berri ematen.

Hitlerrek azken egunak bere jauregiaren azpian berariaz eraiki zioten bunker erraldoian eman zituen, alemaniarrek bonbardaketa amaigabeak pairatu behar zituzten bitartean (Dresden egin zuten odoltsuena).

Hitlerrek ez zuen inolako kapitulaziorik onartu. Horren ordez "lur errearen" estrategia agindu zuen (esana zuen "Hondora gaitezke, baina mundu osoa eramango dugu gurekin"). Sobietarrak ingururatzen ari zitzaizkiola, bere buruaz beste egin zuen. Hil aurretik, agindu zorrotzak eman zizkien hurbileko menpekoei hilotza erabat errauts zezaten.

Azterketa desberdinen arabera, heriotzara 20 eta 30 milioi zibil artean bidali zituen Hitlerrek.

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Commons-logo.svg
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak:
Adolf Hitler