Afganistango gerra (1979-1989)
Afganistango gerra (1979-1989) | ||||
---|---|---|---|---|
Sobietar soldadu bat zaintzaldian (1988) | ||||
Data | 1979ko abenduaren 27a - 1989ko otsailaren 15a | |||
Lekua | Afganistan | |||
Emaitza |
| |||
Gudulariak | ||||
Buruzagiak | ||||
Indarra | ||||
| ||||
Galerak | ||||
|
Afganistango gerra (1979-1989), Afganistango sobietar gerra ere deitua, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren armada eta mujahidinen arteko gatazka armatua izan zen, hamar urtez Afganistan hondatu zuena. SESB eta Ameriketako Estatu Batuak nahasirik baitzeuden, Gerra Hotzaren azkenetako krisitzat hartzen da.
Aurrekariak
VII. mendetik aurrera Afganistan herrialde islamikoa izan zen. Mohammed Zahir Shah-ren erregealdian (1933-1973) Afganistango Alderdi Demokratiko Popularra (AADP), komunista, sortu eta indartuz joan zen. 1973ko uztailean Daud Khan lehen ministro ohiak monarkiari amaiera eman zion eta bere burua Afganistango Errepublikako lehenbiziko presidente izendatu zuen. 1978ko apirilean, estatu kolpe baten bitartez, AADPeko idazkari nagusi Nur Mohammad Taraki Kontseilu Iraultzaileko presidente eta Afganistango lehen ministro bihurtu zen. Erregimen komunista honen erabakiek talka egin zuten populazioaren gehiengoaren ohiturekin. 1978ko udan gobernuaren aurkako errebolta bortitzak hasi ziren. Urrian Kunar bailarako nuristaniak altxatu ziren eta matxinada beste talde etniko batzuetara laster zabaldu zen. Urte bereko abenduan Tarakik Sobiet Batasuna bisitatu zuen eta bi gobernuek elkarlan ekonomikoa eta militarra hitzartu zuten.
Sobietar inbasioa
1979ko irailan, Taraki Habanan, Lerrokatu Gabeko Mugimenduaren goi bileran zegoela, Hafizullah Amín lehen ministroak estatu kolpea jo zuen. Taraki irailaren 14an itzuli eta asesinatua izan zen. Aminek errepresio odoltsua abiatu zuen eta, atzerri politikan, Pakistan eta AEBren aldera lerratu zen.
1979ko abenduaren 27an Sergueï Sokolov buru zuten 50.000 sobietar soldaduk, 2.000 tanke eta 200 hegazkinekin Afganistan inbaditu zuten. Airez garraiatutako tropek Kabul okupatu zuten eta operazio berezietako (Spetsnaz) talde batek Amin hil zuen. Kontseilu Iraultzaileak Babrak Karmal jarri zuen presidente.
34 herrialde musulmanetako atzerri ministroek inbasioa gaitzetsi zuten eta "sobietar tropak berehala, urgentziaz eta baldintzarik gabe erretira zitezen" eskatu zuten.[3] NBEren Batzar Nagusiak inbasioaren aurkako protesta egin zuen ebazpen baten bidez[4]AEBek eta bere aliatu batzuek (Alemaniako Errepublika Federala, Kanada, Argentina, Japonia...) boikot egin zieten Moskuko 1980ko Udako Olinpiar Jokoei.
Afganiar erresistentzia
Inbasioaren aurkako erresistentzia oso handia izan zen. Sobietar armadaren armamentuak ez zuen balio lurralde menditsu honetan afganiar mujahidinek erabiltzen zituzten gerrila-taktiken aurka. Inbasioak Umma osoa hunkitu zuen eta herrialde askotako musulmanek (aljeriarrek, filipinarrek, saudiarabiarrek, palestinarrek, egiptoarrek eta baita magrebtar jatorriko europarrek ere) mujahidinekin bat egin zuten. Hauek AEB, Pakistan, Saudi Arabia, Erresuma Batua eta Txinako Herri Errepublikaren laguntza zuten eta CIAk Cyclone operazioa antolatu zuen afganiar mujahidinak armaz hornitzeko.
Afganiar erresistentzian talde asko zeuden, etnia, erlijio eta joera politiko desberdinetakoak. Eskema orokorra horrelakoa izango litzateke[5]:
- Xiitak: alderdi xiita garrantzitsuenak Hezb-e Wahdat, hazara komunitatean oso errotua, eta Harakat-e Islami ziren.[6]
- Sunita tradizionalistak: monarkia berrezarri eta 1973ko estatu kolpearen aurreko egoerara itzuli nahi zuten. Batzuetan elkarren aurkako ideiak bazituzten ere, denak afganiar nazionalistak ziren eta gehienbat paxtunak. Garrantzitsuenak hiru ziren: Sibghatullah Mojaddediren Afganistan Askatzeko Fronte Nazionala, Mugimendu Iraultzaile Islamikoa (Harakat-i-Inqilab-i-Islami) eta, batez ere, Ahmed Gailaniren Fronte Nazional Islamikoa (Mahaz-i Milli Islami) monarkikoa.
- Sunita fundamentalistak: estatu islamikoa eratu nahi zuten. Pastunak eta tajikoak bereizirik zeuden. Burhanuddin Rabbanik sortutako Jamiat-e Islami, nagusiki tajikek eta uzbekoek osatua, iparraldeko gerrilla talderik nagusia zen. Nahiko ongi antolaturik zegoen eta erresistentziako komandante eraginkorrenetako batzuk zituen, hala nola, Ahmad Shah Massoud (Panjshir bailara) eta Ismail Khan (Herat probintzia). Gulbuddin Hekmatyar-en Hezb-e Islami paxtuna eta mendebaldearen aurkakoa zen eta Ittihad-i Islami taldeak, berriz, Saudi Arabiaren laguntza zuen[6] .
- Azkenik, baziren beste talde batzuk ere, hala nola Sholaye Javid (Gar amaigabea) higikundekoak, maoistak eta Txinaren aldekoak.
1984an Abdullah Yusuf Azzam eta Osama bin Ladenek Maktab al-Khidamat taldea sortu zuten, dirua eta mujahidin atzerritarrak biltzeko helburuz. Sobietarren aurkako gerran eragin txikia izan zuen baino geroago Al-Kaidaren aitzindaria izan zen.
Gerraren bilakaera
Lehenbiziko urteetan sobietarrek hiriak eta komunikazio ardatz garrantzitsuenak kontrolatzen zituzten baino herrialdearen zati handi bat mujahidinen eskuetan zegoen. Aldian behin sobietar armadak erasoaldiak egiten zituen erresistentziaren mendean zeuden lurraldeetan. Panjshir bailara estrategikoa, esate baterako, bederatzi aldiz erasotu zuten 1980 eta 1985 artean, baino ezin izan zuten menderatu. Pakistango mugan ere sobietar tropak etengabe jazarriak izaten ziren. Mendebalde eta hegoaldean egoera lasaiagoa bazen ere, Herat eta Kandahar hiriak beti egon ziren, neurri handi batean, erresistentziaren kontrolpean.
1985eko martxoan Mikhail Gorbatxov Sobietar Batasuneko agintaritzara heldu zen. Afganistango egoera ikusirik, urte bateko epean irtenbidea emateko exigitu zuen. Beraz tropa gehiago bidali zituzten, 108.000 izatera iritsiz, eta 1985 urterik odoltsuena izan zen. Hala ere, mujahidinek eutsi zieten eta, Ameriketako Estatu Batuek armaturik, herrialdearen zati handiena kontrolatzea lortu zuten.
1986an Mohammad Najibullah-ek Babrak Karmal ordeztu zuen Afganistango Errepublika Demokratikoaren agintaritzan. Sobietarren Mil Mi-24 helikopteroek eta ehiza-bonbardariek erresistentziaren gotorlekuak eraso zituzten. Hauek, ordea, FIM-92 Stinger lurretik airerako misil amerikarrez hornitzen hasiak ziren eta aireko nagusitasuna berdindu zen.
1988ko otsailan, Massoudekin hitzartutako su-etena baliatuz, Mikhail Gorbatxovek tropak erretiratzea erabaki zuen. 1989ko otsailaren 15ean, Genevako hitzarmena betez[7], sobietarrak Afganistandik irten ziren. Berehala mujahidinen eta gobernuaren armadaren arteko gerra zibila piztu zen. Hala ere, Najibullah-en erregimenak 1992 arte iraun zuen agintean.
Gerraren ondorioak
- Estimazioen arabera milioi bat eta bi milioi afganiar artean hil ziren. Beste 5-10 milioik Iran eta Pakistanera ihes egin zuten (gerra aurreko biztanleriaren herena) eta 2 milioi herrialdearen barnean lekualdatuak izan ziren. 1,2 milioi afganiar (mujahidinak, gobernuaren armadakoak eta zibilak) elbarri gelditu ziren eta 3 milioi, zibilak nagusiki, zauriturik. Ureztatze sistemak oso kaltetuak izan ziren. Afganistango lurretan pertsonen aurkako 10-15 milioi mina gelditu ziren[8].
- 1979ko abendutik 1989ko otsailera arte 620.000 sobietar soldaduk zerbitzatu zuten Afganistanen (aldi berean 80.000 eta 104.000 soldadu artean egoten ziren) eta azken ikerketen arabera 14.427 hil ziren. Armada gorriak 451 hegazkin (333 helikoptero barne), 147 gerra-gurdi, 1.314 gerra-ibilgailu eta 433 kanoi eta mortero galdu zituen.
- Sobietarren aurkako gerraren ondoren gerra zibilak etorri ziren. Mohammad Najibullahen erregimena erori zelarik, mujahidin afganiarren eta boluntario islamista atzerritarren arteko ezin konponduak agertu ziren. 1986an Pakistanek sustengatutako talibanek, atzerritar islamisten laguntzarekin, agintea beren gain hartu eta Afganistango Emirerri Islamikoa ezarri zuten. Mullah Omarrek, talibanen buru erlijioso eta politikoak, herrialde osoan xaria inposatu zuen.
Zinema
Erreferentziak
- ↑ Afghanistan a country study
- ↑ Death Tolls for the Major Wars and Atrocities of the Twentieth Century
- ↑ "Moslems Condemn Soviet Invasion of Afghanistan", Pittsburgh Post-Gazette, 1980ko urtarrilaren 29a
- ↑ "U.N. General Assembly Votes to Protest Soviet Invasion of Afghanistan", Toledo Blade, 1980ko urtarrilaren 15a
- ↑ Afghanistan: J. Bruce Amstutz: The First Five Years of Soviet Occupation
- ↑ a b Human Rights Watch: Blood-Stained Hands
- ↑ UNGOMAP: United Nations Good Offices Mission in Afghanistan and Pakistan
- ↑ Pear, Robert (1988ko abuztuaren 14a). "Mines Put Afghans in Peril on Return". New York Times: p. 9.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Afganistango gerra (1979-1989) |