Afrikako Batasunaren aldeko Erakundea

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Afrikako Batasunaren aldeko Erakundea
Organization de l'Unité Africaine (OUA)

1963 – 2002
Ereserkia
Organisation of African unity.svg
Egoitza Addis Abeba

Afrikako Batasunaren aldeko Erakundea (ingelesez: Organisation of African Unity, OUA) Afrikako estatu arteko erakunde politiko bat izan zen, 1963an sortu eta 2002an desegin zena. Afrikako 53 herrialde izan zituen kide, eta helburu hauek zituen:

  • Afrikako estatuen arteko batasuna eta elkartasuna indartzea.
  • afrikar herrialdeei bizi-baldintza hobeak eskaintzeko lanak koordinatu eta areagotzea.
  • beren subiranotasunaren, lurraldetasunaren eta burujabetzaren alde egitea.
  • kolonialismoa ezabatzea eta nazioarteko lankidetza bultzatzea, Nazio Batuen Gutuna eta Giza Eskubideen Agiri Unibertsala kontuan hartuta.

Hala jaso zuten 1963an Addis Abeban, Etiopiako hiriburuan, erakundea sortzeko izenpetu zuten dokumentuan. Hiri hartan bertan zegoen elkartearen egoitza nagusia. 2002. urtetik aurrera Afrikar Batasuna izatera aldatu zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elkartearen sorreran erabakigarriak izan ziren batasunaren xede panafrikarra, 1950 eta 1960ko hamarraldiez geroztik kontinentearen independentziaren aldeko borrokak erradikalizatzea, eta horrek ekarritako nazionalismoen garapenak eta burujabe egindako herrialdeen joera desberdinak bateratu nahia. Bere konstituzioko printzipio orokorrei harreman kontinentalen printzipio arautzaileak erantsi zizkieten: estatu guztien berdintasuna, mugen ukiezintasuna, barne-iraultzarik ez sorraraztea, eta estatuen arteko arazoak modu baketsuan konpontzea. Nazioarteko erlazioen printzipio erregulatzaileak ere onartu zituzten, Nazio Batuen Erakundearen barruan Afrikar Taldea izenekoak bideratzen dituenak.

Erakundearen lorpenen artean, aipagarriak dira kolonialismoaren aurkako (neokolonialismoa) eta apartheid politikaren aurkako borroken ondorioz lortutakoak. Gainera, Gerra Hotzaren garaian herrialde ez lerrokatuen mugimenduaren barruan egindako borroka handiaren ondorioz, kanpoko esku-sartzeak eragoztea eta bere burujabetza berrestea ere lortu zuen. Hala ere, Afrikako estatuen arteko istilu eta gerretan erakundeak ez du beti berdin jokatu, eta batzuetan parte hartu gabe ere geratu da, erakundeko kideen arteko desadostasunak zirela-eta. Bitartekari-lanak arrakastaz egin zituen 1964-1965 bitartean Aljeriaren eta Marokoren arteko gatazkan; 1965-1967 artean, Somaliaren eta Etiopiaren artekoan, eta Somaliaren eta Kenyaren artekoan; eta 1980. hamarraldian, Txadeko gerra zibilean. Aitzitik, porrot egin zuen Nigeriako Gerra Zibilean (Biafrako Gerra, 1968-1970) bitartekari-lanak egin nahian, eta 1990eko hamarraldian Uganda eta Ruandako gatazketarako indarrak biltzeko ahaleginean.

1981ean, Nairobin (Kenya) egindako Estatu eta Gobernuburuen Batzarrean, giza eskubideen onespena sartu zuten beren oinarrizko hastapenen artean, Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko erakunde askok egindako presioaren ondorioz. Herrien eta Giza Eskubideen Afrikako Gutuna onartu zuten orduan.

Ekonomiari dagokionez, 1963an elkartea sortu zuten 30 herrialde subiranoek konstituzio-gutunean erabaki zuten bezala, batzorde berezi bat eratu zen elkarte ekonomiko bat sortzeko helburuaz, baina 1990eko hamarraldian zehar etengabe atzeratu zen elkarte horren sorrera, kideen arteko desberdintasun handien ondorioz. Eraketako Gutunean adierazten denez, elkartean kide berriak onartzeko, subirano eta burujabeak izan behar dute. Horren ondorioz, XX. mendearen bukaeran 52 herrialde daude bertan; azken sartutakoen artean, Eritrea (1991) eta Hegoafrika (1994). Marokok, berriz, 1985ean elkartea utzi zuen, 1982an Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa onartu zutelako.

Egitura politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organo gorena Estatuburu eta Gobernuburuen Batzarra da. Bilera arruntak gutxienez urtean behin egiten dute, nahiz eta bilera berezietarako deia ere edozein kidek egin dezakeen, kideen bi herenen aldeko botoa lortuz gero. Herrialde bakoitzak boto bat emateko eskubidea du, eta erabakiak bi herenen gehiengoz hartzen dira, prozedurazko gaietan izan ezik, horietarako nahikoa baita gehiengo sinplea.

Ministroen Kontseilua Kanpo Arazoetarako ministroek osatzen dute, eta urtean bitan bildu behar dute biltzar arruntean. Horien eginkizunen artean Estatuburu eta Gobernuburuen Batzarra prestatzea eta haien erabakiak betearaztea daude, Afrikako herrialdeen arteko lankidetzari dagozkienak batez ere. Erabakien onespenerako nahikoa dute gehiengo sinplea.

Jardunbide administratiboetarako idazkari nagusi bat aukeratzen dute lau urtetik behin.

Bestalde, sorrerako gutunean erabakitako bost batzorde espezializatu dituzte: Ekonomia eta Gizarterako, Hezkuntza eta Kulturarako, Osasun, Higiene eta Elikadurarako, Defentsarako eta Zientzia, Teknika eta Ikerketarako. 1964an Justiziarako eta Garraio eta Komunikabideetarako batzordeak gehitu zituzten. Sail horietako ministroek parte hartzen dute, eta Ministroen Kontseiluaren menpe daude. Horiez gainera, Bitartekaritza, Adiskidetze eta Arbitraje Batzordea ere sortu dute, erakundeko kideen arteko desadostasunak konpontzeko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]