Alderdi Komunistaren Manifestua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Agiri Komunista edo Manifestu Komunista, izen osoz Alderdi Komunistaren Manifestua (Das Manifest der Kommunistischen Partei, alemanezko jatorrizkoan), 1848ko otsailaren 21ean argitaratua lehenengo aldiz, komunismoaren ideologiaren oinarriak finkatu zituen agiri politikoa da. Komunisten Ligak Karl Marx eta Friedrich Engelsi Ligaren helburuak eta programa azaltzen zituen aldarrikapena idazteko agindu zien, eta hauek idatzitako agiriak klaserik gabeko gizarte bat lortzeko eta kapitalismoarekin amaitzeko helburuarekin, proletarioen eskutik zenbait ekintza iraultzaile proposatzen zituen. Agiriak proposaturikoak Leninek Errusian gauzatu zituen XX. mendearen hasieran.

Eduki politikoa

Agiri Komunista
Agiri Komunista

Hitzaurrean behar historikoaren gaia jorratzen zen, honako esaldiak laburtua: Orain arteko historiako gizarte guztien historia, klaseen arteko borrokaren historia da.

Agirian deskribaturiko programari sozialismo esaten zaio. Jarraitu beharreko politiken artean lurraren jabetzaren deuseztatzea, zerga progresiboak, hezkuntza publiko eta unibertsala, eta produkzio eta garraio baliabideen nazionalizazioa daude, besteak beste. Politika hauek gobernu iraultzaile batek ezarriko lituzke, eta egileen arabera estatu eta klase gabeko gizarte bat ekarriko lukete, komunismoa hain zuzen ere. Agiri komunistak familia burgesaren deuseztatzea ere aipatzen du, gizarte erlazioak egituratzeko beste erak proposatuz (beranduago amodio askea izendatuko zenaren iturria).

Agiriaren zati garrantzitsu batek, sozialismotik komunismorako trantsizioaz aritzen da:

Garapenaren ondorioz, klase desberdintasunak desagertzen direnean, eta produkzio guztia nazio osoaren esku dagoenean, botere publikoak bere izakera politikoa galduko du. Botere politikoa klase batek besteak zapaltzeko antolatu den boterea baino ez da. Proletargoak, burgesiaren kontrako borrokan, klase bezala antolatzera bultzatuta aurkitzen bada; iraultzaren bitartez klase nagusi bihurtzen bada eta honen ondorioz produkzioaren baldintza zaharrak deuseztatzen baditu, orduan, baldintza hauen deuseztatzearekin batera klaseen arteko kontrakotasunak eta klaseak berak deuseztatuko ditu, eta ondorioz bere nagusitasun bera ere ezeztatuko du.

Sozialismotik komunismorako trantsizio honengatik kritika ugari jaso izan ditu agiri komunistak, batez ere Sobietar aroa hasi zenetik. Anarkista, liberal eta kontserbadoreek beti galdetu izan dute nola izango zen posible estatu iraultzaileak bere botere propioa bertan behera uztea. Izan ere, bai botere-erakarpenaren ikuspegi tradizionalak bai botereari buruzko ikerketa garaikideek aditzera ematen dutenez, badirudi botere politikoa lortu duen talde antolatu orok botere horrek suposatzen duen pribilegioa mantentzeko joera duela, pribilegio horiek bertan behera uzti beharrean (baita pribilegio horiek iraultzaren eta berdintasunaren izenean lortu direnean ere).

Marxisten erantzunaren arabera trantsizioko estatu sozialista hau beti ere demokratikoa izango litzateke, eta boterearen bertan behera uzte hori pixkanaka egingo litzateke, gero eta botere gehiago jendearengan utziz (lehenago jendeak aukeratutako ordezkarien eskutan zegoen boterea). Beste hitzetan, sozialismoa komunismo bihurtzen doa ordezkaritzan oinarritutako demokrazia, demokrazia zuzenean bihurtzen doan heinean.

Agiri Komunistaren zati aipagarriak

Honela hasten da agiria:

« Mamu bat dabil Europaren gainean: komunismoaren mamua. Mamu hori exorzizatzeko aliantza santua egin dute Europa zaharreko potentziek, aita santuak eta tsarrak, Metternichek eta Guizotek, erradikal frantsesek eta txakur alemanek.

Hortik bi ondorio ateratzen dira:

Lehenik eta behin, Europako potentzia guztiek dagoeneko onartu dutela komunismoa potentzia gisa.

Bigarrenik, badela ordua komunistek egun-argitan eta mundu osoaren aurrean adieraz ditzaten beren ideiak, joerak eta helburuak, eta mamu komunistaren legendari aurre egin diezaioten, alderdiaren manifestu baten bidez.

Helburu horrekin elkartu dira Londresen zenbait herrialdetako ordezkari komunistak, eta ingelesez, frantsesez, alemanez, italieraz, flandrieraz eta danieraz argitaratuko den manifestu hau idatzi dute.

I. Burgesak eta proletarioak

Gizateriaren historia osoa, gaur arteko historia, klase-borrokaren historia da. Askeak eta esklaboak, patrizioak eta plebeioak, glebako baroiak eta jopuak, maisuak eta ofizialak. Azken finean, zapaltzaileak eta zapalduak, aurrez aurre beti, etengabeko borrokan tematuta; batzuetan borroka estalia izaten da, beste batzuetan, erabatekoa eta irekia; etapa bakoitzean gizarte-erregimen osoaren aldaketa iraultzailea edo borrokan ari diren bi klaseak deuseztatzea dakarren borroka.

[...]

Orain burgesiarekin aurrez aurre dauden klase guztietatik proletalgoa bakarrik da benetako klase iraultzailea [...]. Erdiko klaseak -fabrikatzaile txikiak, dendariak, artisauak, nekazariak- burgesiarekin borrokan daude erdiko klase gisa irauteko euren kontrako mehatxua delako. Beraz, ez dira iraultzaileak, kontserbadoreak baizik; izatekotan erreakzionarioak dira: Historiak atzera egiteko eskatzen dute. Iraultza moduak erabiltzen dituzte proletalgoan erortzeko beldurra dutelako (...). Erdiko klaseak zituen elementu apal gehienak proletarioek bereganatu dituzte.

Hiri handietako plebea, ustel pasibo hori... iraultza proletarioak mugimendura eraman dezake; hala ere, bizi baldintzek erreakzioaren alde jarriko ditu errazago.

Gizarte zaharreko bizi baldintzak indargabetuta daude proletalgoaren bizimoduan. Proletarioak ez dauka ondasunik; proletarioen famili harremanek ez dute zerikusirik famili burgesekoekin; lan industrial modernoak langilea kapitalaren menpe jartzen du... eta horrek proletalgoarei nazionaltasuna kentzen dio. Legeak, morala, erlijioa, berarentzat aurreiritzi burges hutsak dira [...].

»

Agiria honela amaitzen da:

« Komunistek ez dute duintzat hartzen beren ideiak eta helburuak ezkutatzea. Horregatik adierazten dute beren helburuak egungo gizarte antolaketa bortizkeriaren bidez aldatuz soilik lor daitezkeela. Buru diren klaseek dardara egin dezatela Iraultza Komunistaren aurrean. Proletarioek ez dute ezer galtzerik, lotzen dituzten kateak baino. Badute, ordea, irabazteko, mundu oso bat.

Herrialde guztietako langileak, elkar zaitezte!

»

Herrialde modernoetan eragina

Agiri komunistan proposaturiko hainbat neurrik gaur egun indarrean daude herri kapitalista garatu askotan. Mendebaldeko herrialde kapitalista gehienetan neurri hauek hedatu dira:

  • Zerga sistema progresiboa.
  • Estatuaren bankuen zentralizazioa.
  • Hezkuntza publiko unibertsala
  • Lur-jabetzaren erreforma.

Erreferentziak

Azurmendi, J. 1998: "K. Marxen eboluzioa Manifestu-ra arte. Hegelen idealismotik materialismo historikora" hitzaurrea in Karl Marx eta Friedrich Engels, Alderdi Komunistaren Manifestua, Donostia, Jakin ISBN 84-95234-00-9

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alderdi Komunistaren Manifestua Aldatu lotura Wikidatan