Aglomerazio Elkargo
Aglomerazio Elkargoa[1] (frantsesez Communauté d'agglomération) frantses estatuko berezko fiskalitatea duen EPCI[2] motako udalerriak elkartzeko egitura bat da. Mota horretako hiru mailetatik ertaina da, Hiri Elkargoaren azpitik eta Herri Elkargoaren gainetik.
Orohar hiri continuum batekin bat egiten dute; aldiz, bere osaera, mugak eta sarritan ipintzen zaizkion izen artifizialengatik[3] ez dute beti errealitate natural, sozial, kulturalak... errespetatzen eta hori eztabaida iturria izan ohi da.
Eduki-taula |
[aldatu] Ezaugarriak
1999ko uztailaren 12ko 99-586 legeak[4] araututa, zenbait udalerri elkartzetik sortzen da eta "elkartasun espazio baten barruan hiri garapenerako eta beren lur eremuetarako proiektu komun bat elkarrekin definitzeko" balio du.
Dagozkion udalerriek eta departamenduko prefetak horrelako Elkargo bat sortzea erabaki dezakete hiru baldintza betez gero:
- Gutxieneko biztanleria 50000koa izatea.
- Gutxienez 15000 biztanleko udalerri bat bere baitan izatea; bestela departamenduko hiriburua edo udalerri nagusia egon behar.
- Geografikoki lur-eremu batu eta barrendegirik gabea izatea.
Kasu guztietan ez dira hiru baldintza betetzen eta beste aldetik esan behar da gaur egun Hiri Elkargo diren zenbaitek biztanleria aldetik Aglomerazio Elkargoak izan behar zutela baina 1999ko legea onartu baino lehenagokoak direnez estatus horrekin segitzen dute. Beste aldetik, Hiri Elkargoekin ez bezala, Elkargo mota honetan parte hartzea edo bere barrutik ateratzea neurri handiago batean udalerri bakoitzaren esku dago.
Bigarren mailako Elkargo honek ez ditu Hiri Elkargoek dituzteen botereak; hala ere eragin arlo nagusiak ez dira inportantzia txikikoak: garapen ekonomikoa, espazioaren kudeaketa, etxebizitzaren bidezko oreka soziala lortzea. Beste batzuetan (bide publikoak, saneamendua, ura, ingurumena, ekintza soziala, kirol eta kultura arloko ekipamenduak) aukeran du konpetentzia izatea ala ez baina aholkua da aipatu seietatik gutxienez hirutan Elkargoak konpetentziak eskuratzea.
[aldatu] Zenbat diren
2009ko urtarrilaren 1ean frantses estatuan (Europatik kanpoko koloniak kontatu gabe) mota honetako Elkargoak 174 ziren eta La Roche-sur-Yon 2010ean bihurtu berri da; 22 bat miloi biztanle biltzen dituzte. Kasu batzuetan ez dute departamendu edo eskualdeetako mugekin bat egiten eta bat baino gehiagoko udalerriak biltzen dituzte.
Aglomerazio Elkargoak izateko baldintzak betetzen dituzten oso hiri gutxi geratzen dira estatus hori lortu gabe, dela Herri Elkargo baten barruan daudelako (Auxerre, Saint-Lô, Liborna), dela inongo elkargo motatan ez daudelako (Canas) edota Parisen ingurukoak (bereziki Sena-Saint-Denisen) direlako.
[aldatu] Euskal Herrian bat
Mota horretako Elkargo bakarra dago Ipar Euskal Herrian, Euskal Kosta-Aturri edo (frantsesez Agglomération Côte basque – Adour).
Hurbilen dauden beste Aglomerazio Elkargoak hauexek dira:
- Akize Handiko Aglomerazio Elkargoa
- Marsan Aglomerazio Elkargoa Lo Mont aldean.
- Hegoaldeko Laca d'Arcaishon Aglomerazio Elkargoa.
- Paue-Pirinioak Aglomerazio Elkargoa.
- Aturbe Handiko Aglomerazio Elkargoa.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Berriak adibidez BAB Euskal Herriko kasu bakarrari "Hiri Elkargo" etiketa ipintzen dio baina izen hau egokiagoa da lehen mailako kategoriarako (urbaine) erabiltzea; muturzikin.comek "Aglomerazioko Erkidegoa" proposatzen du baina hiru Communauté motak izendatzeko momentuz "Elkargo" deitzea izan daiteke zuzenagoa. Terminologia, beraz, erabat finkatu gabe dago.
- ↑ Établissement public de coopération intercommunale, "udalerrien arteko kooperaziorako elkarte publikoa".
- ↑ Muturreko adibide batzuk: Europ'Essonne, Agglopolys, Sicoval.
- ↑ "Chevènement legea" izenez ezaguna, orduan Barne Ministroa zenarengatik.