Agustin Ibarrola

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Agustin Ibarrola
Agustin Ibarrola
Datu pertsonalak
Izen osoa Agustin Ibarrola Goikoetxea
Jaio 1930eko abuztuaren 18a
Basauri ( Bizkaia)

Agustin Ibarrola Goikoetxea (Basauri, Bizkaia, 1930eko abuztuaren 18a) euskal herritar margolari eta eskultorea da, abangoardiako «Euskal Eskolako» artistarik aipagarriena Jorge Oteiza, Eduardo Txillida eta Remigio Mendiburu eskultoreekin, eta Amable Arias, Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Luis Zumeta margolariekin batera. Omako basoa da haren obra ezagunena. Ermuko Foroaren sortzaileetako bat da, eta elkartearen logoaren egilea.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basaurin jaio zen 1930eko abuztuaren 18an, langile familia batean. Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen lehen arte ikasketak, eta hamazazpi urte zituela aurkeztu zuen bere lehen erakusketa, Bilbon. 1948an Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak dirulaguntza eman zioten Madrilen ikasketak osa zitzan. Hiri hartan, Vázquez Díazen lantegian izan zen ikasle. Pintore haren eskutik abiatu zen postkubismoaren estetikan, Aurelio Artetaren ildotik. Bere ibilbide artistikoaren hasieran espazio plastiko handiez arduratu zen, eta, hala, mexikar horma pintura, David Siqueiros gehienbat, hartu zuen eredutzat. Siqueirosek hainbat hormatan banatzen zuen irudia, halako moduan non ikusleak espazio fisikoan mugitu beharra zeukan irudia osatuko bazuen; ikuslearen parte hartze hori da Ibarrolaren obraren ezaugarri nagusietako bat azkenaldiko lanetan.

Bilbora itzuli zen 1950. urtean, eta Jorge Oteizarekin izan zen harremanetan ondoko urteetan. Mendearen erdialdean, Arantzazuko basilika berria izan zen Euskal Herriko arte proiektu nagusia. Ibarrola ere, artean oso gaztea eta eskarmentu handirik gabeko artista zela, horma irudien lehiaketara aurkeztu zen 1952an, baina ez zuen lehiaketa irabazi; garai hartan ezagutu zuen Oteiza, hura Arantzazuko eskultura lana egiten ari baitzen.

Parisen eta Equipo 57 taldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisa jo zuen 1955ean, eta orduan murgildu zen benetan abangoardiako artearen teoria eta praktika munduan. 1957an, Equipo 57 abangoardiako taldea sortu zuen, andaluziar pintore batzuekin batera (Pepe Duarte, Ángel Serrano eta Ángel Duarte). Equipo 57 taldearen garaian, konstruktibismoaren inguruko esperimentazio lanetan murgildu zen Ibarrola, eta arrazionalismoari loturiko moldeak hasi zen erakusten.

Equipo 57 taldearen ikerketa teorikoa indarrean zeuden arte mugimenduetatik (informalismo eta abarretatik) aldendu, eta Mortensen eta Vasarely artisten antzeko bideetatik abiatuta, XX. mendearen bigarren hamarraldiko abangoardia historikoei lotu zitzaien; batez ere, bai kontzeptualki bai ideologikoki, konstruktibismoari. Equipo 57 taldea aintzat hartu zuten Parisko abangoardia giroetan, eta kide berriak erakarri zituen, hala nola Jorge Oteiza –taldearen sorreran bakarrik–, Torkil Hansen danimarkarra eta, hilabete gutxi batzuetan, Nestor Basterretxea. Taldearen tesiak manifestu baten bidez ezagutarazi ziren Parisen, 1957an: La teoría de la interactividad del espacio plástico. Equipo 57 taldeko kideentzat, ekintza baten emaitza den bezainbatean zen espazioa espazio, zen estetikoki esanguratsua; bestela esanda, ekintzak sortzen zuen espazioa, edo zegoena aldatzen. Ekintza zen indar espazial eta, horrenbestez, estetiko nagusia. Ildo horretatik, artearen ekintza praktikoaz eta politikoaz, eta gizartearen eta kulturaren eraldaketa aktiboan arteak izan zezakeen zereginaz kezkatzen zen Equipo 57; talde lana hobesten zuen, indibidualismoa arbuiatzen zuen –taldekideen nortasuna desegiteko, taldearen izenarekin izenpetzen zituzten obra guztiak–, eta artearen salerosketari autoritatea eta zilegitasuna ukatzen zion.

Kutsu ideologiko eta dogmatiko handia zuen Equipo 57 taldeak, sobietar tradizio konstruktibista eta iraultzailea berreskuratzen ahalegintzen zen, eta iraultza sozialaren eta kulturalaren arteko lotura ustez banaezina aldezten zuen. Talde horrekin aurkitu zuen Ibarrolak aspalditik bila ari zena: espazioaren eraikuntzarako sistema bat, teoria jakin batean oinarritua. Equipo 57 taldeak erakusketak egin zituen Parisen (aurkezpena, 1957), Madrilen (1957, 1958, 1960), eta Danimarkan (1958).

Grabatugintzan hastea eta Euskal Herrira itzultzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fitxategi:Agustin Ibarrola - Eskultura, 1990, Basauri.PNG
Agustin Ibarrolaren Eskultura obra (1990), Basaurin (Bizkaia). Ibarrola da euskal abangoardiako artista klasikoetako bat, eta nazioarteko artearekin lotura gehien izan dutenetako bat.

1959. urtean grabatugintzan hasi zen, Estampa Popular espainiar taldeko aitzindari José Ortegaren eskutik, eta salaketa politikoa eta soziala sustraitik jaso zituen arte espresionista baten bideetan abiatu zen. 1960. urtean Euskal Herrira itzuli zen, eta langileak eta lantegiak gaitzat harturik, buru-belarri ekin zion lanari. Euskal Herriko langileen egunoroko bizimoduari buruz taxuturiko grabatu eta koadro kolore-hil eta era berean biziek errealismo sozialistaren artista gisa ezagutarazi eta oso ospetsu bihurtu zuten Ibarrola, 1961ean. Horrenbestean sortu zuen Estampa Popular de Vizcaya deituriko taldea, Bilbon. 1962. urtean aurkeztu zuen bere obra Donostian (Bilbon ez zioten horretarako baimenik eman).

Urte berean —1962an— hartu zuten preso, bere ideia komunistengatik. Madrilen epaiketa militarra egin eta bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Izan ere, bere militantzia politikoa zela eta –alderdi komunistako kide zen– hiru aldiz sartu zuten preso: 1962-1965 urteetan, 1967an eta 1973an. Euskal artisten artean, Ibarrola izan zen frankismoaren aurkako borrokan gehien nabarmendu zenetako bat. Espetxean lanean segitu zuen, baina lanak izenpetzea eta kanpora ateratzea debekatu zitzaion. 1963an, Ibarrolaren obraren erakusketak egin ziren Madrilen, Santanderren, Oviedon eta Londresen. Espainiako Alderdi Komunistaren (PCE) bidez, Appel for Amnesty in Spain erakundeak Ibarrolak espetxean egindako 40 grabatuen erakusketa egin zen Londresko Saint George galerian. Grabatu sail hori, Appel for Amnesty in Spainek eta PCEk argitaratua, oso ospetsua egin zen Europan; kartzelako eszena gogorrak ziren, indar handikoak.

1965ean espetxetik behin-behineko askatasunez atera, eta handik gutxira erakusketak egin zituen Madrilen, Bilbon eta, herriz herri, Gipuzkoan. Urte haietan sendotu zen Ibarrolaren eta Gabriel Arestiren arteko harremana (Ibarrolak Arestiren liburuetarako irudiak egin zituen).

Berriro ere egon zen kartzelan Ibarrola 1968an, eta izugarri ugaldu zen handik aurrera haren ekimena: erakusketak herrietan, hitzaldiak, agiriak… Oteizarekin egon zen berriz ere harremanetan urte haietan, Debako Arte Eskolaren inguruan. 1970 ondoko urteetan bere aspaldiko amets bat, Euskal Herriari eta Euskal Herriko langileriari buruzko horma pinturak egitea –hainbeste miresten zituen mexikar horma pintore iraultzaileen antzera–, betetzen saiatu zen, baina frankismoaren muga politikoek, batetik, eta euskal kultura garatu gabearen muga ekonomikoek, bestetik, ahalegina zapuztu zioten. Horren ordez, grabatu mordo bat egin zuen, berak «sakelako horma pinturak» deitu zuena.

1973an berriz atxilotu zuten, Bilboko Unibertsitatean hitzaldi bat egin ondoren, eta eskuin muturreko talde batek erre egin zion Gametxoko bere baserria. Veneziako Bienalean hartu zuen parte 1976. urtean, eta erakusketa handi bat egin zuen Bilbon 1978an.

Eskulturagintzan eta ETAren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Omako baso margotua, Ibarrolaren artelan nagusia (Kortezubi, Bizkaia).

1980an Bilboko Arte Ederretako Fakultateko irakasle izendatu zuten, baita 1985ean fakultatetik kaleratu ere, titulu akademikorik ez zuela eta. 1980an, pintura eta grabatua erabat utzi gabe, eskulturaren munduan barneratu eta guztiz zabaldu zen Ibarrolaren arte ingurua. Burdin xaflak eta hodiak, edota burdinbideetako trabesak erabiltzen zituen eskulturak egiteko. Aipatzekoak dira Kantalazarrako parkeko eskulturak (1990, Basauri), eta Omako basoa (1983-1991), bere obra nagusia, hala nola baso horren bertsio higigarri bat, zurezko totem landuez eta margotuez osatua. Esan bezala, zuhaitzak eta haitzak margotuz Omako basoan egindako lan eskerga du lanik osoena, bere munduaren ikuskera, bere obra guztia eta bera, gizon eta artista gisa, laburbiltzen duena. Beti izan du Ibarrolaren lan artistikoak inguru natural eta sozialarekin harreman estua, baina azken urteotan sakondu egin da harreman hori, eta horren isla zuzenena da Oma basoan, bizileku zuen baserritik hurbil, 1983-1991 bitartean osatu zuen baso hori.

Agustín Ibarrolaren lan biren ikuspegiak. Lehen hiru irudiak Arroken gaineko esku-hartzea obrarenak dira; eta azkena (behean eskuinean), Arroken gaineko esku-hartzea artelanarena.
Agustín Ibarrolaren lan biren ikuspegiak. Lehen hiru irudiak Arroken gaineko esku-hartzea obrarenak dira; eta azkena (behean eskuinean), Arroken gaineko esku-hartzea artelanarena.

Izadi «birjinaz» edo «magikoaz» hitz egiten duten beste artista batzuen aldean, izadiari buruzko askoz ikuskera zuhurragoa du Ibarrolak: gizakiaren etengabeko esku hartzearen emaitza historiko eta kulturala da harentzat basoa. Euskal Herriko paisaia euskal herritarrak bere jakintzaren, gorabeheren eta beharrizanen arabera eraldatua eta etxekotua da. Izadiaren dimentsio gizartekotu horrexek baimentzen eta aldi berean kitzikatzen du artista modernoa paisaian esku hartzera, ingurune naturalean, ingurunetik eta ingurunearekin bizitzeko tradizioa luzatuz eta berrituz. Ibarrolak sarritan azaldu duenez, kulturaren eta izadiaren arteko integrazio estetikoaren gaurkotzea dira berak egiten dituen esku hartze horiek. Ibarrolak kontzeptu espazial gisa darabil basoa. Basoan elkartzen ditu bere planteamendu estetikoak; espazioa eta espazioaren antolamendua eta eraikuntza dira planteamendu horien ardatz nagusiak. Espazioaren eta ekintzaren arteko lotura ageri da berriz ere, obrari batasuna emateko. Lurra eta haitzak irauliz paisaia eraldatzen duten beste artista batzuen aldean, Ibarrolaren esku hartzea paisaian ez da batere gogorra: pinuen azala eta harkaitzen gainaldeak margotu besterik ez du egiten. Obra horren ezaugarri garrantzitsua galkorra izatea da –alegia, izadiak berak suntsituko du–, eta, hortaz, artelanen salerosketaren arbuioa adieraztea. Omako basoko lanak Equipo 57 taldeak aldarrikatzen zuen espazioaren teoriari jarraitzen dio. Lanaren xedea espazioaren izaera dinamikoa erakustea da, landarediaren, eguratsaren eta argiaren, eta margotutako lerroen eta ikuslearen mugimenduen elkarrekiko harreman aldakorren bitartez. Ikusle ibiltariak ibilbide eta ikuspegi desberdinetatik antzematen du obra, halako moduan non obraren egilekide bihurtzen baita.

Beste leku batzuetan ere egin izan ditu Omako basoaren antzeko lanak. 1999ko Donibane egunez, esaterako, Allariz herriko (Ourense) O Rexo zuhaiztian Baso animatua inauguratu zuen, egilearen hitzetan bere bizitzako lanik garrantzitsuena. 300 tona granito eta 200 tona arbel erabilita, inguru naturalarekin bat egiten duten 78 artelan kokatu zituen baso hartan, eguzkiak egunero egin ohi duen ibilbideari jarraituz eta elementu guztiak «ekoinguru» bakar bat sortzeko moduan integratuz.

Urte berean, 1999an, azken hamarkadako lanak biltzen zituen erakusketa egin zuen Madrilgo Arte Ederretako Zirkuluan. Arte y Naturaleza erakusketa aire zabalean espazioaren eta bolumenaren arteko harremanei buruz egin duen lanaren luzapena izan zen. Hirurogei pieza bildu zituen erakusketa hartan: zurezko eta kartoizko objektuak, naturak harrian sortzen dituen zuloen irudi egunkari paperez eginak, eta abar. 2000. urteko udaberrian, kalte larriak jasan zituen Omako basoak hainbat erasoaldi bortitzen ondorioz, eta Euskal Herriko Unibertsitateak hartu zuen bere gain basoa birgaitzea. 2000. urteko abuztuan, bestalde, León Felipe saria eman zion izen bereko fundazioak, kulturaren eta gizartearen alde eginiko lanagatik.

Oroimenaren kuboak, Llanesen (Asturias).

Erakusketei dagokienez, 2000. urteko udazkenean aurreko hamar urtean egindako ia ehun obra ikusi gabe biltzen zituen erakusketa egin zuen Kantabriako Santillana del Mar herrian. Lan eta erakusketa horiez gain, neurri handiko eskulturak lantzen jarraitu du, eta, besteak beste, Llanesen (Asturias), A Coruñan, Telden (Kanariak) eta Leganesen (Madril) ipintzeko eskulturak sortu ditu.

Gasteizen, ETAren biktimen omenezko monumentu bat ere agindu zioten Ibarrolari; 2002az geroztik Forondako atean dago, Ertzaintzaren egoitzaren aurre-aurrean, artelana atentatuetatik babestearren. Bi eskultura ditu: bata, zeramikazko 900 plakaz (ETAk hildako gizabanako bakoitzeko bat) osatutako muinoa da; bestea, burdinazko zutabe biz dago osatua.

Artista lanarekin ez ezik, Agustin Ibarrola ETAren indarkeriaren aurkako militantzian nabarmendu da. Izan ere, ETAren indarkeriaren aurka agertu da sarri, eta Ermuko Foroa elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1998an. 1993an, Ibarrolaren zenbait obrari —bai eta Jorge Oteizarenei eta Jon Iturrarterenei ere— arrazoi politikoengatik atentatuak egin zizkieten Euskal Herrian. 2000. urtean 100 bat zuhaitzen azala suntsitu zuten Oma basoan, eta horietako bi moztu. 2005ean, bere obrak etengabe nozitzen zituen erasoen eta ETAk egin zizkion mehatxuen ondorioz, Euskal Herritik erbesteratuta Muñogalindora (Avila) joan zen bizitzera.

Lan nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Agustin Ibarrola Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]