Ahal Dugu

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Podemos / Ahal Dugu
Idazkari nagusia Pablo Iglesias Turrión
Sorrera 2014ko martxoaren 11
Egoitza nagusia Zurita kalea, 21.
28012 Madril, Espainia
Ideologia politikoa ezker politikoa (de facto), demokrazia
Europar Legebiltzarrean
5 / 54
podemos.info

Ahal Dugu, Espainia osoan Podemos, 2014ko hasieran sortutako ezker politiko erradikaleko talde politikoa da. M-15 mugimendutik eta ondorengo protesta-multzotik abiatuta eta Izquierda Anticapitalista alderdiaren eta ezkerreko zenbait ekintzaile eta intelektualen sostenguarekin sortu zen, aldaketa politiko sakon bat aldarrikatuz eta 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetarako hautagaitza bat aurkezteko asmoarekin. Sare sozialetan zabaldutako mezuetan eta alderdiaren liderrak telebistako eztabaida-saio politikoetan egiten zituen parte hartzeetan oinarrituta,[1] diru eskasarekin, bost eurodiputatu lortu zituen hauteskunde haietan, Espainia osoan 1.200.000tik gora boto eskuratuta (ia boto guztien %8, boto kopuruetan laugarren). Talde politiko apal sortu berri batek lortutako ustegabeko emaitza horiek astinaldi politiko handia eragin zuten Espainian, eta Espainian PP eta PSOE alderdien bipartidismoaren amaiera moduan interpretatu ziren. Bere antolaketan ere, alderdi nagusietatik aldentzen da eta herritarren parte hartze zuzena sustatzen du. Pablo Iglesias Turrión (politologoa, ekintzaile ezkertiarra eta Espainiako hedabideetako eztabaida-saio politikoetako ohiko parte hartzailea) da alderdiaren idazkari nagusia.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pablo Iglesias Turrión, mugimendu honen bozeramaile ezagunena.

Alderdiaren sorreraren abiapuntua 2014ko urtarrilean hainbat gizarte ekintzailek sinatutako Fitxa mugitu: haserrea aldaketa politiko bihurtu manifestuan dago.[2] Berehala, Pablo Iglesias Turrión azaldu zen mugimenduaren bozeramale moduan.[3] Manifestuan herritarren haserrea, M-15 mugimenduan eta beste hainbat mobilizazioetan adierazia, bideratzeko 2014ko maiatzean ospatu behar ziren Europako Parlamenturako hauteskundeetarako ezkerreko hautagaitza bateratu baten beharra aldarrikatzen zen. Ekimenaren aitzindaria izateko eskatu zioten Pablo Iglesias Turrión ekintzaileari manifestua mamitu zen Izquierda Anticapitalista formazioko kide nabarmen batzuek eta beste ezkertiar ekintzaile zenbaitek. Iglesiasek proposamena onartu egin zuen, baldintza zenbaitekin. Horien artean, proiektuarekin aurrera jarraitzeko 50.000tik gora sinadura biltzea ezarri zuten baldintza gisa Iglesiasek eta bere ingurukoek 2014ko urtarrilaren 17an Madrilen burutu zen Podemos alderdiaren aurkezpen-ekitaldian. Sinadurak egunbete eta gutxira bildu ondoren, proiektu politikoa osatzeari ekin zitzaion.

Espektro politikoa eta programak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdiko lehen programa, 2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetarako, era zabal eta irekian eztabaidatu eta bozketaz finkatu zen. Ekonomia arloan, banku publiko baten sorrera, beste bankuen kudeaketaren demokratizazioa, telekomunikazio, energia eta beste sektore ekonomiko estrategikoen kontrol publikoa, errentaren birbanaketarako zerga politikak eta oinarrizko errenta aldeztu ziren. Herritarren partaidetza publikoa aurrekontu eta gobernuan, lobby, monopolio eta oligopolioen kontrola, osasun unibertsala, eta oro har gizarte-berdintasunaren, demokrazia zuzenaren eta erabakitzeko eskubidearen ildotik doazen proposamenak ziren programako beste lerroak.[4]

Bere diskurtsoetan Espainiako trantsizioari «78ko erregimena» deitu ohi zaio, PP eta PSOE alderdietako «kasta» baten eskuetan. Alderdiaren helburua erregimen horri buelta ematea da, instituzio politikoetan gehiengoak lortuz «prozesu eratzaile» berri bat eratzeko, «herriari hitza itzultzeko».[5] Alderdiaren sorrera ekarri zuen manifestua Izquierda Anticapitalista alderdiaren barruan mamitu bazen ere, alderdiaren dokumentu eta diskurtsoetan ez du bere burua ezkertiartzat edo antikapitalistatzat definitzen. Pablo Iglesias liderrak adierazi duenez, termino horiek ez aipatzeak jendearekin komunikazioa erraztea du helburu eta egungo politikaren gakoa «ez da eskuina-ezkerra ardatza, demokrazia diktadurari buruz baizik».[6] Halaber, diskurtso populista aldezten du,[7] bere aurkako kritika moduan baliatu dena.[8]

Bestalde, M-15 mugimenduak nabarmen eragindako formazio politikoa da. Pablo Iglesiasen hitzetan, «M-15 arian dagoen gizartea» da eta Podemos «arian dagoen gizarte horren tresna» da. M-15 mugimenduan jardun zuten erakundeek positiboki baloratu zuten Podemos formazioak 2014 Europako Parlamaneturako hauteskundeetan.[9]

Antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erakundearen bultzatzaileek Podemos «organismo politiko» moduan eratu zela adierazi zuten sorreran, alderdi politikoen ohiko egituretatik aldentzen direla garbi utziz.[10] «Herritarren partaidetzara irekitako espazio» gisa ere definitu dute bere burua. Horrela, mugimendutik erabakiak «herritargoaren partaidetza, gardentasuna eta jendearen azken hitza» kontuan hartuz hartuko direla nabarmendu da. Afiliaturik gabe, «zirkulu» izeneko taldeen bitartez antolatzen da militantzia, eremu geografikoetan banatuta.[11]

Hauteskundeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeak izan ziren Ahal Dugu formazioak parte hartu zituen lehenak; hain zuzen, hauteskunde horietara aurkezteko helburuarekin sortu zen. Hauteskundeetan horietan 5 eurodiputatu lortu zituzten, ustekabean, inkestek 1-2 eurodiputatu aurresten baitzituzten gehienez. [12] [13][14] Guztira 1.245.948 boto lortu zituzten, hauteskunde horietako boto guztien %7,97. Portzentajean, boto gehienak Asturias, Madril eta Kanarietako erkidego autonomoetan izan zituzten, ordena horretan eta %10etik gorako portzentajeaz. Boto kopuru txikienak, portzentajez, Katalunian, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan izan zituzten, %4.66-%6.35 bitarteko portzentajeekin hurrenik hurren. Euskal Autonomia Erkidegoan, 52.386 boto izan zituzten, boto guztien %6.5; Nafarroan, berriz, 20.039 boto, botoen %9.35.

Alderdiaren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuaren 18an, Podemos-Ahal Duguk gobernatzea zuen helburu Euskadiko sumindura ikusita. Bestalde, alderdi guztien arteko elkarrizketaren eta EPPKko presoen sakabanaketa bukaraztearen alde agertu zen, Euskadin bake prozesuak aurrera egin zezan.[15]

Irailaren 15ean, Podemosek Espainiako Estatuko alderdi 'demokratikoena' izan nahi zuen. Egun horretan hasi zen "Si Se Puede" asanblada herritarra, eta bertan ezarriko zituzten oinarri etiko eta politikoak, eta antolatzeko modua.[16]

Irailaren 23an, Podemos udal hauteskundeetara ez aurkeztea proposatu zuen Iglesiasek. Dena dela, hauteskunde autonomikoetan bai hartuko zuen parte alderdi ezkertiarrak.[17]

Urriaren 27an, Pablo Iglesias bihurtu zen Podemosko idazkaria, botoen % 80 jasota. Emaitzei esker, Podemos-Ahal Duguk idazkari orokor bakarra izango zuen. 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira, ez zuten ‘Podemos-Ahal Dugu’ marka erabiliko, baina herri-hautagaitza ezberdinekin bat egitea aurreikusi zuten.[18]

Urriaren 31ean, idazkari nagusia aukeratzeko prozesua hasi zuen Podemosek. Idazkari nagusia ez ezik, zuzendaritzako gainerako kideak ere aukeratzeko prozesuari ekin zion Pablo Iglesias buru zuen alderdiak.[19]

Azaroaren 13an, federalismoaren aldeko hautua egin zuen Monederok Sestaon. Erabakitzeko eskubidearen alde zeudela ere gaineratu zuen Ahal Duguren ordezkariak, “konpondu gabeko arazoa delako”. Bestalde, “prozesu konstituziogile bat zabaldu” beharra ere nabarmendu zuen.[20]

Azaroaren 15ean, Pablo Iglesias Podemosko lehen idazkari nagusia izendatu zuten, babes zabala jaso ostean. 107.311 boz (% 88,6) jaso zituen, on line egindako bozketan. Zuzendaritza berriko kideak ere aukeratu zituzten.[21] Bestalde, Podemosen Zuzendaritza 62 pertsonek osatuko zuten.[22]

Azaroaren 17an, Konstituzioaren 'ate eta leihoak zabaltzea' lortzeko eskaria egin zuen Iglesiasek. Lurraldetasunaz gain, beste gai batzuk ere eztabaidatzeko 'asanblada konstituziogile bat' sortzearen alde agertu zen Podemosko buruzagia.[23]

Bestalde, Euskal Herrian, Irabazi eta Podemos, espazio berean lehian ari ziren, eta Europako hauteskundeetako emaitzek eta azken hilabeteetako inkestek lehia gogorra erakusten zuten «bosgarren espazioa» eskuratzeko.[24]

Idazkari nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz)   «Cinco claves del éxito de la campaña electoral de Podemos», lamarea.com, http://www.lamarea.com/2014/05/26/cinco-claves-del-exito-de-la-campana-electoral-de-podemos/, http://www.lamarea.com/2014/05/26/cinco-claves-del-exito-de-la-campana-electoral-de-podemos/ .
  2. (Gaztelaniaz)   «Mover ficha: convertir la indignación en cambio político», vientosur.info, 2014-01-14, http://www.vientosur.info/spip.php?article8644 .
  3. (Gaztelaniaz)   «Pablo Iglesias presenta la iniciativa PODEMOS», youtube.com, 2014-01-17, http://www.youtube.com/watch?v=R16QC4eBnj8 .
  4. (Gaztelaniaz)   «PODEMOS: DOCUMENTO FINAL DEL PROGRAMA COLABORATIVO», podemos.info, http://podemos.info/wordpress/wp-content/uploads/2014/05/Programa-Podemos.pdf. Noiz kontsultatua: 2014-05-26 .
  5. (Gaztelaniaz)   «Pablo Iglesias defiende un proceso constituyente que “devuelva la palabra al pueblo”», desdesoria.es, 2014-05-02, http://www.desdesoria.es/?p=89165 .
  6. (Gaztelaniaz)   «Pablo Iglesias: “La clave no es un eje derecha-izquierda, sino democracia-dictadura”», andaluces.es, 2014-02-13, http://www.andalucesdiario.es/politica/la-clave-de-este-momento-no-es-un-eje-derecha-izquierda-sino-democracia-dictadura/ .
  7. (Gaztelaniaz)   «Las grietas en el sistema bipartidista y corrupto nos ofrece oportunidades», rebelion.org, 2013-11-25, http://www.rebelion.org/noticia.php?id=177291 .
  8. (Gaztelaniaz)   Elorza, Antonio (2014-05-27), «Pablo Iglesias: videocracia y populismo», elcorreo.com, http://paralalibertad.org/pablo-iglesias-videocracia-y-populismo/ .
  9. (Gaztelaniaz)   «Activistas del 15M y del 22M saludan “con ilusión” la irrupción de Podemos y la caída del bipartidismo», cuartopoder.es, 2014-05-28, http://www.cuartopoder.es/alsoldelacalle/activistas-del-15m-y-del-22m-saludan-con-ilusion-la-irrupcion-de-podemos-y-la-caida-del-bipartidismo/2300 .
  10. (Gaztelaniaz)   Rodríguez, Teresa (2014-04-01), «Es hora de novedades políticas, las necesitamos», Viento Sur, http://www.vientosur.info/spip.php?article8901 .
  11. Podemos-en Facebook orria, 2014-05-28ko argitalpenak.
  12. (Gaztelaniaz)   «La recuperación económica impulsa el voto del PP y hunde más al PSOE»], La Razón, 2014-05-19, http://www.abc.es/espana/20140519/abci-encuesta-europa-201405171900.html .
  13. (Gaztelaniaz)   «Abstención récord y resultado ajustado», El País, 2014-05-18, http://politica.elpais.com/politica/2014/05/17/actualidad/1400354645_373918.html .
  14. (Gaztelaniaz)   «El auge de los minoritarios lastra al PSOE y a su líder», El Mundo, 2014-05-19, http://www.elmundo.es/album/espana/2014/05/19/537908a8e2704ecb7a8b4573.html .
  15. «Podemos-Ahal Duguk gobernatzea du helburu Euskadiko sumindura ikusita», EiTB, 2014-08-28
  16. «Podemosek Espainiako Estatuko alderdi 'demokratikoena' izan nahi du», EiTB, 2014-09-25
  17. «Podemos udal hauteskundeetara ez aurkeztea proposatu du Iglesiasek», EiTB, 2014-09-23
  18. «http://www.eitb.com/eu/albisteak/politika/osoa/2674402/pablo-iglesias--podemosahal-duguren-idazkari-nagusia-izango-da/», EiTB, 2014-10-27
  19. «Idazkari nagusia aukeratzeko prozesua hasiko du gaur Podemosek», EiTB, 2014-10-31
  20. «Federalismoaren aldeko apustua egin du Monederok Sestaon», EiTB, 2014-11-14
  21. «Pablo Iglesias Podemoseko lehen idazkari nagusia, babes zabala jasota», EiTB, 2014-11-15
  22. «Hau da Podemosen Zuzendaritza», EiTB, 2014-11-15
  23. «Konstituzioaren 'ate eta leihoak zabaltzea' proposatu du Iglesiasek», EiTB, 2014-11-17
  24. Jokin Sagarzazu, «Irabazi eta Podemos, espazio berean lehian», Berria, 2014-11-18

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ahal Dugu Aldatu lotura Wikidatan