Aiako harria
|
||||
|---|---|---|---|---|
Aiako harria, eta atzealdean Kantauri itsasoa |
||||
| Garaiera | 837 m | |||
| Gailurra | Erroilbide m | |||
| Koordenatuak | 43°16′57.94″N 01°47′02.77″W / 43.2827611°N 1.7841028°WKoordenatuak: 43°16′57.94″N 01°47′02.77″W / 43.2827611°N 1.7841028°W | |||
| Mendilerroa | Aiako Harriaren natura parkea | |||
| Kanpo loturak | Mendikat Luberri |
|||
Aiako harria[1] Gipuzkoako mendigunerik zaharrena dugu, Aiako Harriaren natura parkearen barnan. Oiartzun, Irun eta Lesakaren (Nafarroa) artean kokatuta dago. Beste mendi guztiak ez bezala, ez da sortu orogeniagatik, baizik eta granitozko intrusio batengatik.
Bertan, bista izugarriez gozatzeko aukera dago eta horretarako natura parkea bihurtu zuten, Urdaburu mendiarekin batera. Honekin batera, bere faunaz gozatzeko aukera ere ematen du.
Eduki-taula |
Mendigunea[aldatu]
Mendigune hau hiru tontorrez osatuta dago, 4 kilometroko luzaera gorabeheratsuarekin, garaienak 837 metro neurtzen dituela: iparraldekoa Hirumugarrieta (Aiako Harria) (806 m), erdialdekoa Txurrumurru (821 m) eta hegoaldekoa Erroilbide (837 m).
Natura parkea[aldatu]
Aiako harriaren natura parkeak 6.913 hektareako zabalera du. Gipuzkoako Bidasoaldea, Oarsoaldea, eta Donostialdea eskualdeak hartzen ditu barne, Irun, Errenteria, Oiartzun, Donostia eta Hernani udalerriek osatzen dutelarik. Ekialdean, Bortziriekin (Nafarroa) eta iparraldean Hendaiako Kantonamenduarekin (Lapurdi) egiten du muga.
Aiako harria mendiguneaz beraz gain, beste tontor hauek osatzen dute parkea: Zaria (635m), Bunanagirre (781 m), Bianditz (797 m), Errenga (786 m), Irupagoeta (534 m), Erlaitz (498 m), Pagogaña (480 m), Urdaburu (599 m) eta Aldura (537 m).
Arditurriko meatzegunea[aldatu]
Aiako harriaren natura parkeko sarreretako batean dago Arditurri meatzegunea. Erabateko meatze paisaia eskaintzen du, oraindik ikusgai baitira zerura irekitako harrobiak, probetxuzko mearik ez zuten harri hondakinen zabortegiak, ustiapen garaiko eraikinak, eta garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea (gaur egun bidegorri bilakatua).[2]
Interpretazio zentroa meategiko laborategia izan zen eraikinean dago, eta meazuloan barrena bisitaldi gidatua egiteko aukera ematen du.[2][3]
Erreferentziak[aldatu]
- ↑ Euskal Herriko mendien katalogoa, Euskal Mendizale Federazioa, 2009. Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen oniritzia du.
- ↑ a b Gipuzkoako museoak: Arditurriko Meatze Gunea, Gipuzkoakultura.net ataria.
- ↑ Arditurri: meazuloetan barrena, Arditurriko interpretazio zentroaren webgunea.
Ikus, gainera[aldatu]
Kanpo loturak[aldatu]
- (Euskaraz) Aiako Harria euskal-herria.org web gunean
- (Gaztelaniaz) Aiako Harria Natura Parkearen aspektu geografikoak