Aizpitarte baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Baserriaren ikuspegia

Aizpitarte baserri barrokoa da, Aian kokatua (Gipuzkoa), XVIII. mendekoa.

2006ko urtarrilaren 10n, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikina, harri-hormaz egindako oinplano angeluzuzeneko baserria, Kurpidea bailaran dago, aldapa handiko gune batean. Bi solairu, ganbara eta sotoa ditu. Estalkia hiru isurkikoa da.

Hego-mendebaldera begira dagoen fatxada nagusiaren beheko solairuan, etxebizitzara sartzeko bi orriko ateak dituzten bi sarbide ditu, bai eta beste sarbide txikiago bat ere. Alde honetan hiru leiho tartekatu daude.

Lehen solairuan, estalkipean, lau leiho erregular azaltzen dira. Ipar-mendebaldeko fatxada oso behea da lurzoruaren aldaparen ondorioz. Bertan, zurezko bi orri dituen harlanduz inguratutako atea dago.

Atearen gainean, eta fatxadaren neurria kontuan hartuta, armarri handia aurkituko dugu. Aipatutako guztiaz gain, fatxada honetan bi leiho txiki daude. Ipar-ekialdeko fatxadako beheko solairuan ate bat dago. Fatxada horretan ere bost leiho daude, bi beheko solairuan eta hiru estalkipean. Alde honetan ere itsututako atari zahar bat agertzen da. Hego-ekialdeko fatxada, lurzoruaren aldaparen ondorioz, oso garaia da. Alde horretako beheko solairuan, sotorako sarrera eta bost leiho-bao diferente daude; lehen solairuan berriz, lau leiho.

Baserriaren armarria

Fatxada honetako bao guztiak harlanduz inguratuak daude.

Eraikinak oso oinplano erregularra du, eta haritzezko sei ardatz-zutabe ditu. Zutabeak, eraikinaren egitura jarri eta mihiztatzen den harrizko zapata-oinarrien gainean daude. Beheko solairutik hasi eta ganbarara heltzen diren habeak eusteko besoak ditu. Ganbaran, zutabeez gain, estalkia eusteko petralen gainean beste hainbat zutabe partzial daude. Egiturak, arotzeriako arte-markak ditu.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]