Ajax (mitologia)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Aiax Akilesen hilotza eramaten. Hermesek (ezkerrean) eta Ateneak (eskuinean) babesten dute.
Poussinen Aiax Handiaren suizidioa.
Artikulu hau greziar mitologiaren pertsonaiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ajax».

Ajax[1] mitologia grekoko elezaharretako heroia da. Ajax Oileorengandik bereizteko Ajax Handia edo Ajax Telamonio deitzen zitzaion. Mitologiaren ikuspegitik, Herakles mitologiako heroiak eman zion izena. Herakles Telamonen laguna zen eta Zeusen arranoa (Ajas) sorbalda gainean jarri zitzaiola ikusi zuenean iragarpen bat egin zuen: "Telamon, seme bat izango duzu eta agertu berri zaigun arranoaren izenetik Ajax deituko dute." Akilesen atzetik, gerrari indartsuena izan zen. Troiako gerra mitikoan parte hartu zuen bere anaia Teukrorekin batera.

Adore eta trebetasun handiz borrokatu zen gerran. Homeroren Iliadan garaiera handia eta sekulako indarra zuen gerraria bezala deskribatzen da. Iliadan kontatzen diren batailetan ez zuten behien ere zauritu eta jainko grekoen laguntzarik jaso ez zuen pertsonaia handietako bakarra da. Izandako garaipen guztiak gizaki izaerari bakarrik zegozkion heroi bakarra zen. Akiles moduan, Ajax Kiron zentauroak trebatu zuen. Ajax, zalantza gabe, gudu-zelaiko errege garrantzitsuenetakoa zen, baina, ez Nestor, Idomeneo edo Menesteo bezain jakintsua eta ezta ere Diomedes, Odiseo edo Palamedes bezain trebea.

Troiako gerran Hektorren aurka bi aldiz borrokatu zen. Lehenengoa, garailerik egon gabe egun osoa iraun zuen borroka bat izan zen. Bigarrena, Troiakoak akeoen kanpamentuan sartu ziren batean izan zen, bi gerrariak itsasontzi grekoetan borrokatu zirenean. Ajaxek ia hilik utzi zuen Hektor, Troiako printzea bera baino handiagoa zen arri bat jaurti ziolako gainera. Akilesek gudu-zelaia utzi egin zuen Agamenonekin haserretu zelako eta grekoak atsekabetuta zeuden.

Akilesen heriotzaren ostean, Ajaxek eta Odiseok Akilesen armadura eskatzen dute. Eztabaida baten ondoren, Odiseok jasotzen du armadura eta Ajax erabat haserretuta lurrera erortzen da. Lurretik zutitzean, amorruaren amorruz zoratuta zegoen eta artalde bat erasotu eta ardi guztiak hil zituen akeoen buruzagiak zirelakoan. Lotsa eta desohorean ez bizitzeagatik bere buruaz beste egin zuen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ajax (mitologia) Aldatu lotura Wikidatan