Alberto Schommer
Alberto Schommer (Gasteiz, Araba, 1928ko abuztuaren 9a) argazkilaria da. Argazkigintza artistikoa jorratu du bere ibilbide profesionalean, erakusketa eta liburu anitzetan parte hartuz. 1960ko hamarkadan Orain abangoardia taldeko partaide izan zen. Arabako Urrezko Domina eman zioten 1994an. Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiako kidea izendatu zuten 1996an. 2009an Espainiako Arte Ederretako Merezimenduaren urrezko domina jaso zuen.
Eduki-taula |
[aldatu] Bizitza
Txikitan margolaritzak eta eskulturak berarengan interesa sortu bazuten ere, laster hasi zen argazkigintzaren mundua ezagutzen, bere aita, Alberto Schommer Koch, argazkilaria ere baitzen. Kolonian eta Hanburgon hasi zen, 1952tik aurrera, argazkigintza ikasten, eta 1960an Parisen osatu zuen bere prestakuntza.
1960 aldera ekin zion argazkigintza profesionalari. 1966an, Joaquín Fraile, Juan Mieg eta Carmelo Ortiz de Elguea arabar pintoreekin batera, Orain abangoardia taldeko kide izan zen; besteak beste, artea eta kultura herritarrei hurbiltzea zuen helburu talde hark, eta Schommerrek ere sinatu zuen ezagutzera eman zuen Manifestua, eta orobat parte hartu zuen Orainek Donostian eta Gasteizen eratu zituen erakusketetan.
Schommerrek, bere garaiko pintoreekin harreman estua izateaz gain, arlo horretan ere prestakuntza sakona zuen, eta hasieratik igarri zen hori bere argazkigintzan. Berrogei urteko ibilbidean, izugarrizko aldaketak ezagutu ditu Schommerrek argazkilaritzan: Polaroid kamera, kamera konpaktua, teknologia digitala...
Argazkigintzaren alor gehien-gehienak landu ditu, nahiz eta bere lanik ezagunenak erretratuen alorrean egin. 1975ean, Los retratos psicológicos izeneko liburua kaleratu zuen. Frankismo amaierako pertsonaien argazkiak kaleratu zituen liburu hartan, eta horren atzetik etorri ziren garai hartako gizartearen galeria paregabea osatzen zuten La Iglesia española en levitación, Grupos políticos eta Desmontaje del Franquismo argazki bildumak. ABC egunkarian lehenik eta El País egunkarian gaur arte, ez dio inoiz utzi unean uneko pertsonaiarik garrantzitsuenen erretratuak argitaratzeari, txuri-beltzean gehienetan, eta pertsonaia aztertzeko gaitasun izugarriaz.
Schommerrek hogeita hamar liburutik gora kaleratu ditu, horietako asko gai desberdinei buruzko bilduma moduan. Hor dira, esaterako, Euskal Herriko hiriburuei eskainitako bildumak, Espainiako monumentu nagusiei buruzkoak, eta abar. Euskal Herriko paisaiak beti izan ditu gogoko. Besteak beste, Azul (1994), Berde (1996) eta Itsasoa (1999) trilogia osatzen duten liburuetan azaldu du zaletasun hori. Hainbat hiriri buruzko saioak ere egin ditu, erreportaje moduan emanak: New York, Erroma, Madril, Habana. Hain zuzen ere, Habanari eskainitako argazki bildumagatik Espainiako Argazkigintza Sari Nazionala eman zioten 1999an. Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Errege Akademiako kide da, eta bera da argazkigintzak erakunde horretan duen ordezkari bakarra. Egun, Espainiako argazkilaririk ezagunenetakoa da Alberto Schommer nazioartean, eta haren lanak munduko museo garrantzitsuenetan daude ikusgai.
[aldatu] Liburuak
Alberto Schommerren liburu ezagunenak hauek dira:
- Araba Zabaldua (1980)
- La vida en los museos (1998)
- Autobiografía de un madrileño (2000)
- Egipto: Lo eterno (2000)
- Shanghai (2000)
- Brasil: El hombre que veía demasiado (2000)
- El arte de la mirada (2002)
- Paisajes ordenados (2002)
- Alberto Shommer (Photobolsillo) (2002)
- Metrópolis. Archivo municipal de Vitoria-Gasteiz (2003)
- La belleza oculta: Libia ND/DSC (2004)
- Gorputz bizia: Gasteizko Santa Maria katedrala (2007)
- Primera época (2007)
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Alberto Schommer Argia astekarian
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.