Albrecht von Wallenstein

Wikipedia, Entziklopedia askea
Albrecht von Wallenstein

Albrecht von Wallenstein (Hermanic, Bohemia, 1583ko irailaren 24a - Eger, gaur Cheb, 1634ko urriaren 25a) txekiar jatorriko militar alemaniarra izan zen.

Biografia

Jean Husen jarraitzaile gisa ezaguna zen etxe noble bateko semea zen. Jesuiten eraginez katoliko egin zen. Bolonian eta Paduan egin zituen ikasketak. Estiriako dukearen aginduetara zegoela (1615-1617), turkiarren eta veneziarren aurkako guduetan parte hartu zuen. Bien bitartean, Lukrezia Nikosia lehen emazteak hiltzean utzitako dirutzarekin gudaroste pribatu ahaltsua osatu zuen.

1618an Fernando II.a Habsburgokoaren aginduetara jarri zen. Danimarkarrak Alemaniako iparraldean menderatu ondoren, Friedlandgo duke (1624) izendatu zuten. Ondoren, protestanteen aurka lorturiko garaipenengatik Saganeko eta Mecklenburgeko dukerriak eskuratu zituen. Printze katolikoek, Wallensteinen aginpide gero eta handiagoaren beldurrez, Ratisbonako dietan bere karguetatik kentzea lortu zuten (1630). Baina Tillyko kondea hil ondoren (1632), Suediako Gustabo Adolforen garaipenek hartaraturik, Fernando II.ak laguntza eskatu zion berriz Wallensteini.

Tropa katolikoen buruzagi nagusia zela, Gustavo Adolforen gudarostearen aurka borrokatu zen Lützeneko Guduan (1632). Suediarrek galera handiak jasan arren, erregea ere bertan hil zelarik, azkenik katolikoek atzera egin behar izan zuten. Etsaiekin elkar hartu nahirik, Fernando II.ak hilarazi zuen haren ofizial baten bidez.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Albrecht von Wallenstein Aldatu lotura Wikidatan