Martin arrantzale

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alcedo atthis» orritik birbideratua)
Martin arrantzale
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaCoraciiformes
FamiliaAlcedinidae
GeneroaAlcedo
Espeziea Alcedo atthis
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Elikadura iturri nagusiaOsteiktiea
Masa4,3 g (pisua jaiotzean)
Zabalera25 cm
Kumaldiaren tamaina6,5
Errute denbora19,5 egun
Martin arrantzalea lumak atontzen.

Martin arrantzalea (Alcedo atthis) alcedinidae familiako hegaztia da, Eurasia, Iparraldeko Afrikan eta Asia hegoaldean bizi dena[1]. Euskal Herrian urte osoan ikusten dira martin arrantzaleak, baina neguan populazioa handitu egiten da.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz ur eta martin terminoak eta antzekoak konbinatzen dituzten zenbait izen ditu txori honek: (Ur)markinete, (Ur)martinete, Aniltxori, Endari-txori, Errekatxori, Kulaberde, Markiñota, Martin-polit, Martin arrantzale, Martintxo, Martintxori, Sanmartintxo, Ur-makinista, Ur-martin, Ur-mikelete, Urtxori...[2]

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegazti koloretsua da. Burua, bizkarra eta buztana urdinak ditu, eta luma batzuek dizdira metalikoa dute. Azpialdea berriz laranja bizia da. Buruan eta eztarrian kolore zuriko lerro batzuk ere baditu. Buru handia du eta mokoa ere oso luzea da, buztana aldiz oso motza[3]. Hankak ere oso motzak dira, kolore gorri bizikoak. 15-19 zentimetroko luzera duen hegazti txikia da eta hego-zabalera 25 zentimetrotakoa da. 34-46 gramo artean pisatzen ditu[4].

Sexu dimorfismo handirik ez du, diferentzia aipagarri bakarra mokoaren azpialdea arrak beltza duela eta emeak laranja kolorekoa. Gaztek lumaia urdina baino turkesa kolorekoa izaten dute, eta hankak ilunagoak izaten dituzte[5].

Hegaldi azkarra eta zuzena du eta dizdira urdin bat baino ez da ikusten sarritan[6].

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizilekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aintzira, padura, ibai eta erreketan aurkitzen da baina gizakiak egindako urtegi, ubide eta askatan ere ikus daiteke. Kalitate oneko ura behar du, hori dela eta ibai edo aintzira baten uren kalitatearen indikatzaile aproposetako bat da[7]. Landaretza sarria du gustoko ur ertzean, pausaleku aproposak ere behar ditu eta habia egiteko lurrezko ezpondak[5].

Itsasoaren mailatik hasi eta 1.000 metrotako altueraraino iristen da bere bizilekua.

Migrazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neguan populazioa handitu egiten da, iparraldetik aleak etortzen direlako, han ibaiak izoztu eta arrantzatzerik ez baitu[6]. Munduko beste toki batzuetan migrazio luzeak egiten ditu. Gauez mugitzen da eta Siberia aldeko martin arrantzaleek 3.000 kilometro ere egiten dituzte hegoalderantz[3].

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian herrialde guztietako ur masetan ikus daiteke, hegazti txiki honek eskatzen duen baldintza bakarra ur masa zertxobait geldoa izatea eta kutsaduraz libre egotea. Kantauri isurialdean zein mediterraneo isurialdean ikus daiteke. Txori hau behatzeko pazientzia izan behar da, normalean adar batean geldi-geldi pausaturik dagoelako eta hegan egiten duenean ziztu bizian arrantzatzeko da.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin arrantzalea arraina harrapatu berri.

Arrain txikiak jaten ditu, hortik bere izena. Arrantzale oso aktiboa da, egunero bere pisuaren %60a beste jan behar baitu, horregatik arrain ugari dagoen ibai eta errekak aukeratzen ditu. Ibaiaren ertzetako zuhaitzetako adarretatik behatzen du eta arraina ikusterakoan eraso azkarra egiten du, arrakasta tasa handia duena. Arraintxoa harrapatu duenean zuhaitz adarrera itzultzen da eta harrapakina kolpeka hil ondoren mokau bakarrean irensten du. Martin arrantzalearen dietaren %65-a osatzen dute arrainek eta hauetaz gain intsektuak, krustazeo txikiak, zapaburuak eta moluskoak ere harrapatzen ditu[5].

Industrializazioaren urteetan, Euskal Herrian, habitat asko galdurik, teiltatu putzudunetan elikatzen biziraun izan dute gune industrialetan[8].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ugalketa garaian oso lurraldekoia bihurtzen da, elikagai kopuru handia behar baitu berarentzat eta kumeentzat. Habiak elkarrengadik gutxienez kilometro batera jartzen dituzte, baita 3'5 kilometrotara ere.

Eztei dantza arrak hasten du. Emearen atzetik abiatzen da eta behin eta berriz deitzen dio. Ondoren arrantzaturiko arrainak ematen dizkio erritual gisa. Emeak onartzen badu berehala kopulatzen dute[3].

Lurrezko ezponda batean tunel luze bat egiten du arrak, 60-90 cm ingurukoa, amaieran egindako gelan kokatuko du habia. Emeak 4-8 arrautza zuri jartzen ditu bertan eta guraso biek txitatzen dituzte 19-21 egunetan zehar. Txitak jaio eta 23-27 egunetan zehar gurasoek elikatuko dituzte. Sasoi berean bigarren kumaldi bat izatea ohikoa izaten da, baita aurreneko txitak habiatik atera aurertik ere. Horretarako bigarren tunel bat egiten du aurrekoaren ondoan[5]. Habian zabor ugari pilatzen da, arrain hondarrak eta egagropilak[9].

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean Systema naturae liburuan eta Gracula atthis izena eman zion[10][11]. Gaur egun Alcedo atthis izena du, hegaztiaren latinezko izena zen Alcedo (grekeraz ἀλκυών, halcyon) eta Atthis Lesboseko emakume eder bat zen, Saforen maitalea[12].

Zazpi azpiespezie ezagun ditu:[13]

Euskal Herrian dituen izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Martin arrantzaleak izen ugari ditu euskaraz.

Euskal Herrian zehar hainbat izen ematen zaio[14]:

  • (Ur) Markinetea, Markiñota, (Ur) Martinetea, Ur-martina, Martintxoria (Bizkaia, Deba arroa, Urola Kosta, Goierri)
  • Martin pexer (Lapurdiko Hirigunea)
  • Aniltxoria (Arratia)
  • Endari txoria (Lea Artibai)
  • Errekatxoria (Tolosaldea, Arratia, Plentzia, Gorbeia ingurua)
  • Kulaberdea (Bidasoa Beherea, Lea Artibai)
  • Sanmartintxo (Bidasoa Beherea)
  • Ur makinista (Durangaldea, Debabarrena)
  • Ur mikeletea (Gorbeia ingurua)
  • Urtxoria

Kontserbazio egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu mailan "kezka txikia" gisa sailkatuta dago IUCN-ren zerrenda gorrian. Hala ere aipatu beharra dago bere ekosistemaren suntsiketak eta kutsadurak arrisku larria suposatzen dutela. Errekak, ibaiak, estuarioak eta ur geldoko ur masak atsegin dituenez, hauen kutsadurak arazo larria suposatzen du, ezin ahaztu nahiko babestuak egon arren, hezeguneak eta ibaiak kaltebera egoeran dauden ekosistemak direla. Beraz, hegazti koloretsu honen biziraupena bermatzeko, bere ekosistemak osatzen dituzten hezeguneak, errekak, ibaiak, urmaelak eta bestelako ur masak garbi eta kutsaduraz kanpo mantendu behar dira.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Cocker, Mark; Mabey, Richard. (2005). Birds Britannica. Chatto & Windus ISBN 0701169079..
  2. «Martin arrantzalea» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-03).
  3. a b c Fry, C. Hilary; Fry, Kathie; Harris, Alan. (1999). Kingfishers, Bee-eaters and Rollers. London: Christopher Helm. ISBN 978-0-7136-5206-2..
  4. Snow, David; Perrins, Christopher M., eds. (1998). The Birds of the Western Palearctic (BWP). Oxford: Oxford University Press ISBN 978-0-19-854099-1..
  5. a b c d «Martín pescador común» SEO/BirdLife.
  6. a b «Tximista urdina - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-21).
  7. Peris, S. J.; Rodriguez, R.. (1996). Some factors related to distribution by breeding Kingfisher (Alcedo atthis L.). Ekologia Polska. 54 (1–2), 31-38 or..
  8. «ur-makinista | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-03).
  9. Coward, Thomas Alfred. (1930). The Birds of the British Isles and Their Eggs. Frederick Warne.
  10. Linnaeus, C. (1758). Systema naturae per regna tria naturae, secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis. Tomus I. Editio decima, reformata. Holmiae. (Laurentii Salvii), 109 or..
  11. Cottrell, G. W.; Greenway, James C.; Mayr, Ernst; Paynter, Raymond A.; Peters, James Lee; Traylor, Melvin A.; University, Harvard. (1945). Check-list of birds of the world.. Harvard University Press, (Noiz kontsultatua: 2019-12-21).
  12. «BTO BirdFacts | Kingfisher» app.bto.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-21).
  13. Clements, J. F. 2007. The Clements Checklist of Birds of the World, 6th Edition. Cornell University Press. Downloadable from Cornell Lab of Ornithology
  14. «Martin arrantzalea» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]