Alderdi Federalista (AEB)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alderdi Federalista» orritik birbideratua)
Alderdi Federalista (AEB)
Datuak
Motaalderdi politikoa
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Ideologiatraditionalist conservatism in the United States (en) Itzuli, Zentralismoa, Protekzionismoa, Industrializazioa eta Zentralismoa
Kokapen politikoazentro-eskuin eta eskuin politiko
Agintea
LehendakariaAlexander Hamilton, John Jay, John Adams, Charles Cotesworth Pinckney (en) Itzuli, DeWitt Clinton (en) Itzuli eta Rufus King (en) Itzuli
Egoitza nagusi
Historia
Sorrera1792
Sortzailea
Desagerpena1824

Alderdi Federalista Ameriketako Estatu Batuen errepublikako lehen gobernua eratzean George Washingtonen inguruan sortutako alderdi politikoa izan zen. 1824an desegin zuten. Estatu Batuetako lehenengo alderdi sisteman kokatzen da (1820 arte).

Eraketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1787an Ameriketako Estatu Batuetako konstituzio liberala aldarrikatu zen eta, berehala, George Washington izendatu zuten lehenengo presidente. Estatu berria eratzeko orduan, gobernu zentrala indarrez eta eskumenez betetzearen auzia piztu zen. Horretarako, berriz, garrantzizkoa zen finantzabideen kontrola izatea, eta Alexander Hamiltonek, gobernuko Diruzaintza Idazkariak, banku zentral bat sortzea proposatu zuen. John Adamsek ere bat egin zuen harekin.

Alexander Hamilton, konstituzioaren defendatzaile izandakoa, bere aldekoak bilatzen hasi zen errepublika berri osoan zehar, eta bereziki banku-gizonetan, aristokrazian eta merkatari handietan aurkitu zuen babesa. Era horretan sortu zen Alderdi Federalista, nahiz eta garai hartan alderdiaren ideia errepublika berrirako finkatu gabe zegoen (prentsa 1794an hasi zen "federalista" izena erabiltzen). Batez ere Ingalaterra Berrian aurkitu zituen jarraitzaileak, iparraldean alegia, eta gutxi, berriz, hegoaldeko estatuetan.

Printzipio nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Adams, alderdikidea eta Estatu Batuetako bigarren presidentea

Alderdi Federalista banku zentralaren aldekoa zen, baita produktuen gaineko zergen eta Britainiar Inperioarekin harreman onetan izatearen aldekoa. Horrenbestez, Jay Hitzarmena sinatu zuten britainiarrekin 1794an, Alderdi Errepublikano berriak guztiz gaitzetsitakoa, errepublikar balioak saldu zituelakoan. Elitistak ziren, eta demokraziaren kontrakoak, ulertuz herrian oinarritutako gobernua ezjakintasunaren, jendailaren boterea zela (mob rule). Hain zuzen, errepublikazaleei 'demokrata' eta 'jakobino' deitzen hasi zitzaizkien, asmo ezkor batez. Hori dela eta, herritik urruti zirelako irudipena handituz joan zen, eta indarra galtzen joan ziren behin gobernua galdutakoan (1801).

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin gobernua Thomas Jeffersonek hartutakoan, Alderdi Federalista indarra galtzen joan zen, eta Britainiar Inperioarekin piztutako gerran (1812), gerraren kontra agertu ziren. Horren arrazoi nagusietako bat zen britainiarrek, itsas blokeoa ezarrita, itsas merkataritza zapuzten zietela, bereziki iparraldeko estatuei (federalisten gune sendoena). Bestalde, Bankuaren auzian, federalistek aliatu hartu zuten Britaniar Inperioa, eta ez etsai. Behin Alexander Hamilton hildakoan (1804ko uztailean), alderdia erreferentzia garbirik gabe geratu zen eta, Alderdi Errepublikanoa New Orleanseko guduko balentriekin puztua zela (1815), Alderdi Federalistarenak egin zuen gerraosteko giroan (1816tik aurrera).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]