Aldosterona

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Aldosteronaren egitura kimikoa

Aldosterona giltzurrungaineko guruinaren azalak jariatzen duen hormona esteroidea da, mineralokortikoideetako familiakoa. Giltzurrunetan potasioaren kanporatzea eta ur eta sodioaren birxurgapena eragiten du, organismoaren oreka hidrikoa mantenduz. 1953. urtean Simpson eta Tait ikerlariek isolatu zuten lehenengoz.

Aldosteronak presio arteriala igotzen du. Hau jaisteko erabiltzen diren zenbait botikak, aldiz, aldosteronaren jarduera eragozten dute.

Egitura kimikoari dagokionez hormona esteroidea da, hots, talde ziklopentano-perhidrofenantreno du egitura nagusitzat (17+3 C). Liposolugarria da eta kolesteroletik abiatuta sintetizatzen da, hormona esteroide guztien antzera.

Hormona adrenokortikotropikoak (ACTH-k, hipofisiak jariaturiko hormonak) aldosteronaren sintesia bultzatzen du. Potasioaren gehiegizko kontzentrazioak ere efektu bera du aldosteronarekiko.

Aldosteronaren odol-kontzentrazioa txikia da Addisonen gaixotasuna dagoenean, eta handia Connen gaitzan. Addisonen gaixotasunean, hain zuzen, hipofisiak ACTH hormona gehiago ekoizten du aldosteronaren eza konpensatzeko; ACTH-k melaninaren sintesian ere parte hartzen duenez, gaitz horrek jota dauden gaixoek melanina ugari dute azalean (hortik datorkie Addisonen gaixotasunaren eriei azalaren kolorazio berezia)