Aleazio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Altzairua burdinaz eta karbonoz osatutako aleazio bat da. Karbonoa %0,02 eta 1,7 artean dauka.

Aleazioak bi elementu kimikoren edo gehiagoren nahasteak dira, elementuetako bat metala denean eta material berriak ezaugarri metalikoak dauzkanean. Substantzia metaliko berriak bere osagaiek ez dauzkaten ezaugarriak eduki ohi ditu (batzuetan oso ezberdinak).

Ezaugarri nagusiak

Gehienetan aleazioak beste elementu batzuen ezaugarriak hobetzeko sortzen dira. Esaterako, altzairua bere osagai nagusia den burdina baino gogorragoa da. Aleazio baten ezaugarri fisikoak, hala nola dentsitatea, erreaktibotasuna, Young-en modulua edo eroankortasun elektriko eta termikoa, ez dira askorik aldatzen jatorrizko elementuekin konparatuz gero, baina ingeniaritzarako dituen propietateak, hala nola trakzioarekiko erresistentzia edo zizailaketarekiko erresistentzia, asko alda daitezke. Honen zergatia aleazioa osatzen duten elementuen atomoen tamaina ezberdintasuna izan daiteke; izan ere, atomo handiagoek konpresio-indarra sortzen dute inguruko atomoetan, eta atomo txikiagoek trakzio-indarra sortzen dute. Horri esker, aleazioek elementu puruek baino hobeto jasaten dituzte deformazioak, azken hauetan atomoak askeago mugitzen baitira.

Aleazioek ezberdintasun handiak erakuts dezakete ezpurutasun-kantitate txikiak gehituta ere. Esaterako, aleazio ferromagnetiko erdieroaleetan ezpurutasun txikiak sartuz propietateak asko aldatzen dira[1][2].

Zenbait aleazio bi metal edo gehiago nahastuz sortzen dira. Letoia kobrea eta zinka nahastuz sortzen da. Brontzea eztainuz eta kobrez osatutako aleazio bat da.

Metal puruetan ez bezala, aleazio gehienek ez daukate urtze-puntu bakarra, baizik eta urtze-tarte bat. Tenperaturen tarte horretan materiala egoera solido eta egoera likidoaren nahaste bat da. Urtzea hasten den tenperaturari solidus deitzen zaio, eta urtzea amaitzen den tenperaturari liquidus.

Sailkapena

Aleazioak beren osagai-kopuruaren arabera sailka daitezke. Bi osagai dauzkan aleazioari aleazio binario deitzen zaio, hiru dauzkanari aleazio ternario, etab. Beste modu batera ere sailka daitezke, eraketa-metodoaren arabera: ordezkapen-aleazioak osagaien atomo-tamaina antzekoa denean eta atomo batek beste bat ordezkatzen duenean sortzen dira, eta aleazio interstizialak osagai baten atomoak besterarenak baino askoz txikiagoak direnean eta atomo handiagoen arteko tarteetan sartzen direnean osatzen dira. Letoia, adibidez, ordezkapen-aleazio binarioa da.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aleazio Aldatu lotura Wikidatan