Aleksandr Stepanovitx Popov
Aleksandr Stepanovitx Popov (Turinskiye Rudniki, Perm, Errusia, 1859 - San Petersburgo, Errusiar Inperioa, 1906) errusiar fisikaria eta ingeniaria izan zen.
Biografia [aldatu]
Sobietar Batasun ohian irratiaren asmatzailetzat hartua izan da. Izan ere, G. Marconi italiar asmalariaren berririk izan gabe egin zuen lehenengo irrati-hargailua (1896).
1877an matematika-ikasketak egiten hasi zen San Petersburgoko Unibertsitatean. Berehala hasi zen ingeniaritza elektrikoan lan egiten, hain zuzen ere, gerraontzietarako tresna elektrikoak egin behar zituzten ikasleei eskolak ematen. Garai horretan ezagutu zituen H. Hertz alemaniar fisikariaren ikerketak (uhin elektromagnetikoak).
1895ean eguratsaren nahasketa elektrikoak aztertu zituen, eta sari bat eman zioten ekaitzak antzematen zituen tresna bat asmatzeagatik. 1896an uhin hertziarren igorpena frogatu zuen. Urte berean X izpiei buruzko azterketak egin zituen.
Errusiar armadarekin batera zenbait aurrerapen egin zituen, eta hark egindako irrati bidezko komunikazioek gero eta leku zabalagoa hartu zuten.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.