Alexander Fleming
Alexander Fleming (East Ayrshire, Eskozia, 1881eko abuztuaren 6a - London, 1955eko martxoaren 11a).
Penizilinaren aurkitzailea izateagatik egin zen ezagun 1928an.
Biografia
Fleming Ayrshire-n jaio zen Eskozian 1881ean eta Londresko St.Mary's School-en egin zituen modu bikainean Medikuntza ikasketak. St.Mary ospitalean txertoen ekoizpen eta hobekuntzarako aritu zen lanean lehen mundu gerra hasi arte.
Lehen Mundu Gerran mediku ibili zen, Frantzian. Bertan harrituta geratu zen infektatutako zauriek eragiten zituzten heriotza guztiekin. Hor hasi zen infekzioak ikertzen, soldaduen zauriak zirela-eta. Gerra amaitu ondoren St.Mary hospitalera itzuli zen infektatutako zauriek sortzen zuten agonia ekiditeko antiseptiko baten bila.
Aurkikuntzak
Fleming-ek burutu zituen bi aurkikuntzak 20. hamarkadakoak dira, eta ezustekoak izan baziren ere, mediku eskoziar honen behatzeko gaitasuna eta aparteko sena azpimarratzekoak direla esan daiteke.
Lehen aurkikuntza, lisozimarena, bere sudurreko muki bat doministiku baten ondoren Petri plaka batetara erortzean gertatu zen. Plaka horretan bakterioen hazkuntza bat zegoen, baina egun batzuk geroago bere sudurreko fluxua erori zen tokian bakterioen deuseztea eman zela konturatu zen.
Bigarren aurkikuntza 1928ko irailean izan zen. Garai hartan bakterio batzuekin (Staphylococcus aureus) laborategian esperimentuak egiten ari zen. Bere laborategiaren azpian Penicillium notatum-ekin lan egiten zuen beste laborategi bat zegoen. Fleming oporretara joan zen bakterio kultiboak zituzten petri plakak jasotzea ahaztuta eta itzuli zenean onddo baten hazkuntza eman zela ikusi zuen bere plaketan. Onddo horren inguruan bakterioen hazkuntza inhibituta zegoen gainera. Penicillium notatum mikrobioen aurkako efektua duen substantzia bat ekoizten duen onddo bat da, hain zuzen ere, penizilina.
Fleming-ek 1929an "British Journal of Experimental Pathology" aldizkarian argitaratu zuen, Penicillium notatum izeneko onddoarekin egindako azterketen ondoren, Penizilinaren aurkikuntza, Medikuntzaren historian mugarria izan dena.
Antibiotiko honek interes handia piztu zuen Bigarren Mundu gerran. Ernst Boris Chain eta Howard Walter Florey kimikari estatu batuarrek penizilinaren purifikazioarko metodo bat garatu zuten bere sintesi eta banaketa komertziala ahalbideratu zituena.
1945ean Medikuntzako Nobel saria lortu zuen, Ernst Boris Chain eta Howard Walter Florey-rekin batera.
Alexander Fleming 1955ean hil zen bihotzeko baten ondorioz eta London-go San Pablo Katedraleko kriptan ehortzi zuten heroi nazional gisa.
Bere penizilinaren aurkikuntzak medikuntza modernoarentzat aldaketa handia suposatu zuen eta harekin batera "antibiotikoen aroa" izenekoa hasi zen.
Ikus, gainera
Kanpo loturak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alexander Fleming |