Alfonso Irigoien

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hainbat euskaltzain Arantzazun, 1972. urtean. Goian ezkerretik eskuinera: Koldo Mitxelena, Iratzeder, Jean Haritxelhar, Alfonso Irigoien, Luis Villasante, Jose Maria Satrustegi, Patxi Altuna eta Imanol Berriatua. Behean: Juan San Martin, Jose Luis Lizundia, Joseba Intxausti eta Xabier Kintana.

Alfonso Irigoien Etxebarria[1] (Bilbo, Bizkaia, 1929ko azaroaren 14a - 1996ko abenduaren 16a) euskalaria, euskal idazlea, olerkaria, margolaria eta eskultorea izan zen. Euskaltzain osoa. Bertsolari txapelketen antolatzaile, bultzatzaile eta epaimahaikidea. Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariaren bultzatzailea. Deustuko Unibertsitateko Euskal Filologiako irakaslea.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilbon jaioa, gurasoak euskaldunak zituen. Ama bizkaitarra zuen, Arratiako Areatzakoa, eta, aita, ostera, Debakoa, Elorriaga bailarakoa. Umetan, udaldiren bat edo beste Alfonsok aitaren baserrian —Debako Elorriaga bailarako Lopertzan— igaro zuen. 1936ko gerrako unerik latzenetan amaren partetiko Areatzako Uparan Erdiko baserrian izan zen. Umetako hizkera, beraz, batez ere Arratiakoa izan zuen.[2]

Gerra osteko garai zailetan, Alfonsok artean hamalau urte betetzeko zituela, lanean hasi behar izan zuen, Bilbon. Lanera abiatu aurretik, baina, Matematikak eta Fisika ikasteko eskola batzuetara joaten zen. Kontabilitatea ikasi ondoren, sail horretan lanean ere jardun zuen, 1947an, hemezortzi urte zituela. Hala ere, 1954an utzi zuen gogoko ez zuen lanbide hori. Garai hartan Euskaltzaindiaren egoitzara Erribera kalekora, maiz egiten zituen joan-etorriak, eta Azkuerekin ere solastatzen zen. Lekeitioko maisu erraldoia artean zahartua zen, eta burua ere galduxea bide zuen. Azkue 1951. urtean hil zen, eta 1955ean Alfonso Euskaltzaindiko langile gisa hasi zen, eta 1957ko uztailean euskaltzain urgazle izendatu zuten. Garai hartan ezagutu zituen gerraostean hainbat lan egindako euskaltzaleak: Eusebio Erkiaga, Federiko Krutwig, Jon Etxaide eta abar. Euskaltzaindiko orduko egoitzan euskarazko eskolak eman zituen, Xabier Peñarekin, Patxi Goenagarekin eta Eusebio Erkiagarekin batera. Nazario Oleagaren laguntzaile ere izan zen, Euskera aldizkariko —Euskaltzaindiaren aldizkari ofizialeko— idazkaritza lanak eginez 1956tik 1971ra. Nazario Oleagaren heriotzaz gero, 1963tik aurrera Euskaltzaindiko bigarren idazkari izan zen, eta 1966an idazkariorde izendatu zuten. Euskera aldizkariaren zuzendaria izan zen hamabost urtean.[2]

Euskara kontuetan autodidakta izan zen, berak eskueran zuen Azkueren bibliotekako irakurle eta aztertzaile aspergaitza izan baitzen. 1956tik aurrera Euskera-n hainbat lan argitaratu zituen, eta 1958an, gerora argiago agertuko zuen ikerlari sen handia eta begi zorrotza erakusten duen artikulu bikain bat: «Curiosidades y observaciones sobre el dialecto vizcaíno literario».[2]

Lehen lerroan, Luis Villasante eta Juan San Martin, Euskaltzaindiak Euskal Herriko erakunde publikoekin akordioa sinatu zuen egunean. Haien atzean, Federico Krutwig, Patxi Altuna, Alfonso Irigoien eta Pello Salaburu.

Bertsolaritzaren aldeko lan handia egin zuen 1950. urtetik aurrerakoetan, bultzatzaile eta antolatzaile. Bizkaiko lehen bertsolari-txapelketa antolatu zuen 1958an, Bilboko jaietan.[3] Gai-jartzaile ere aritu zen sarritan.

Ikastolen mugimenduari ere bere emaitza egin zion Alfonsok, berak Bizkaiko Diputazioan egindako gestioei esker Juliana Berrojalbiz andrea aurrera atera nahian zebilen Resurreccion Maria Azkue ikastola, Bizkaian legez onartu zen lehenbizikoa, 1958an ireki baitzen. Ikastetxe hori geroago Lauroko ikastola bilakatuko zen.[4]

1962an, ikasketa ofizialak egitea erabaki zuen Alfonsok, eta, batxilergoko irakasgai guztiak banan-banan gaindituta, ia 33 urte zituela joan zen Filosofia eta Letretako ikasketak egitera, Salamancako Unibertsitatera.[2] Euskaltzain osoa izan zen, eta Euskal Filologiako katedraduna Deustuko Unibertsitatean. Garbizalekeriaren aurkakotzat jotzen zuen bere burua.[5]

Euskal morfologia eta deklinabideari buruzko lan jakingarriak eman zituen argitara. Beste lan ugari Anaitasuna, Egan eta Euskaltzaindiaren Euskera agerkarietan plazaratu zituen. Poesia-sari ugari jaso zituen, eta zenbait poema-bilduma argitaratu zituen: No zen to. Herrian gara bizi (1979). Horretaz gainera, Sorterriaren alde autobiografia lana idatzi zuen. Zendu zen arte jarraitu zuen ohikoak zituen alorrak lantzen, morfologia, toponimia eta onomastika hizkuntzalaritzari dagokionez, eta poesia literaturgintzaren alorrean. De re philologica linguae vasconiacae liburu-saila osatzen duten aleak, esaterako, 1988tik 1996ra bitartean eman zituen argitara (1988, 1991, 1993 eta 1996). 1990. urtean Hi eta ni garade zu, to ez date no argitaratu zuen, eta 1991koa da Sobre toponimia del País Vasco Norpirenaico lana. 1993an Toponimia Vasca y dialectología argitaratu zuen, eta 1996an Bibliako eta Grezia zaharreko pertsona-izenak (Nombres de persona de la Biblia y de la antigua Grecia).

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alfonsok, bere azken urteetan, bizitza osoan kulturaren alde egindako lan eskerga eta etengabeagatik esker oneko zenbait omenaldi izan zituen. Bertsolariek, 1993an, aita Santi Onaindiari eta Alfonso Irigoieni beren omenaldi bihoztia eskaini zieten. 1996ko uztailaren 12an, Alfonso hil zen urte berean, Derioko XXVII. Udako Euskal Ikastaroak gorazarre hunkigarria eskaini zion.[2]

Hil ondorenean Deustuko Unibertsitateak bertako irakasle maitatuari askotariko omenaldi eta esker-emateak egin zizkion. 1997ko apirilean «Alfonso Irigoienen ekarriaz» izenburuko mahai ingurua eratu zen, Deustuko paraninfoan. Hango jardunaldiko testuak Enseiukarrean aldizkariko 13. zenbakian argitara ziren. Hil eta lehenengo urtean Alfonsoren lan sortarik bikain edo umatuenak argitara ziren Opera selecta deitu liburuan. Heriotzaren bigarren urtean, haren irakasle-lagunek, herrikoek zein erbestekoek, berak jorratu zituen ikerbideetatik lan-sorta ederra eskaini zioten. Mendebalde Kultur Elkarteak ere, bere lehen jardunaldietako Mendebaldeko euskara XX. mende goienean liburua, Alfonso Irigoieni eskaini zion, liburuaren atarian «Anbotopean» olerkia agertzen zuela.[2]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saiakera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autobiografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. a b c d e f Xabier KALTZAKORTA eta Mikel ATXAGA: Alfonso Irigoien, Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1999.
  3. Joxerra Garziaren Bat-bateko bertsolaritzaren historia: Proposamen bat izeneko artikulua
  4. Federico KRUTWIG eta Xabier KINTANA: «Alfonso Irigoien Etxebarria», Euskera, XLII. zenbakia (2. aldia), 1996.
  5. Alfonso Irigoieni egindako elkarrizketa, ikasbil.org webgunea.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]