Alfontso Irigoien
Alfontso Irigoien Etxebarria (Bilbo, Bizkaia, 1929ko azaroaren 14a - 1996ko abenduaren 16a) euskal idazle eta hizkuntzalaria zen.
Eduki-taula |
[aldatu] Biografia
Filosofia eta Letretako ikasketak egin zituen Salamancako Unibertsitatean. Euskaltzain osoa eta Euskaltzaindiko idazkaria izan zen, eta Euskal Filologiako katedraduna Deustuko Unibertsitatean. Garbizalekeriaren aurkakotzat jotzen zuen bere burua[1].
Bertsolaritzaren aldeko lan handia egin zuen 1950. urtetik aurrerakoetan, bultzatzaile eta antolatzaile. Bizkaiko lehen bertsolari-txapelketa antolatu zuen 1958an, Bilboko jaietan[2]. Gai-jartzaile moduan ere aritu zen sarritan. Euskal morfologia eta deklinabideari buruzko lan jakingarriak eman zituen argitara. Beste lan ugari Anaitasuna, Egan eta Euskaltzaindiaren Euskera agerkarietan plazaratu zituen. Poesia-sari ugari jaso zituen, eta zenbait poema-bilduma argitaratu zituen: No zen to. Herrian gara bizi (1979). Horretaz gainera,Sorterriaren alde autobiografia moduko lana idatzi zuen. Zendu zen arte jarraitu zuen ohikoak zituen alorrak lantzen, morfologia, toponimia eta onomastika hizkuntzalaritzari dagokionez, eta poesia literaturgintzaren alorrean. De re philologica linguae vasconiacae liburu-saila osatzen duten aleak, esaterako, 1988tik 1996ra bitartean eman zituen argitara (1988, 1991, 1993 eta 1996). 1990. urtean Hi eta ni garade zu, to ez date no argitaratu zuen, eta 1991koa da Sobre toponimia del País Vasco Norpirenaico lana. 1993an Toponimia Vasca y dialectología argitaratu zuen, eta 1996an Bibliako eta Grezia zaharreko pertsona-izenak (Nombres de persona de la Biblia y de la antigua Grecia).
[aldatu] Lanak
[aldatu] Saiakera
- De Re Philologica linguae vasconicae (1986)
- De Re Philologica linguae vasconicae. II (1987)
- Pertsona-izenak euskaraz nola eman (1994, Deustuko unibertsitatea)
- Kultura-hitzak euskaraz (1995)
[aldatu] Poesia
- Herrian gara bizi (1979, Leopoldo Zugaga)
- Orbel eta orri (1980, Egilea editore)
- Hi ta ni garade zu, to ez date no (1989, Wilsen)
[aldatu] Autobiografia
- Sorterriaren alde (1976, Kriselu)
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo-loturak
- (Euskaraz) Alfontso Irigoien literaturaren zubitegian
- (Gaztelaniaz) Alfontso Irigoien Auñamendi entziklopedian
- (Gaztelaniaz) Alfontso Irigoieni buruzko monografikoa Bidegileak Bilduma.