Alfred Dreyfus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alfred Dreyfus

Alfred Dreyfus (Mulhouse, Frantzia, 1859ko urriaren 9a - Paris, Frantzia, 1935eko uztailaren 12a) Frantziako armadako kapitaina izan zen. 1894. urtean Guyana Frantsesean espetxeratu zuten, ustez Alemaniaren aldeko espioitzan jardun zuelako. Handik bi urtera, Picquart komandanteak Esterhazy hungariar komandantea (frantses herritartua) salatu zuen, lehenago Dreyfusi leporatutako espioitza lanen egiletzat. Esterhazy komandantea errugabetzat jo zuten. Dreyfusen senide aberatsek Dreyfus afera (frantsesez: l'affaire Dreyfus) iritzi publikoaren aurrean jarri zuten, eta Frantzia Dreyfusen aldekoen (intelektualak, sozialista erradikalak, errepublikano moderatu antimilitaristak) eta aurkakoen (nazionalismo eskuindarra, antisemita eta katolikoa) artean banatu zen.

1898. urtean, afera faltsifikazio baten ondorioa zela jakin zen, Henry izeneko koronel batek egina; faltsifikazioaren egileak bere buruaz beste egin zuen gero. Gerrako ministro Cavaignac-ek dimisioa aurkeztu zuen Dreyfus auzia berriro aztertu zenean (1899). Dreifusek zigor arina jaso zuen, baina laster kendu zioten. 1906. urtean, Frantziako Auzitegi Gorenak Dreyfusi eginiko lehen epaiketa indarrik gabe utzi eta kapitaina lehengo gradura ekarri zuen atzera. 1930. urtean argi geratu zen benetako erruduna Esterhazy komandantea izan zela. Dreyfus afera Frantziako III. Errepublikak izan zuen krisi politiko larrienetako bat izan zen, eskuineko indarren eta ezkerrekoen arteko aldea biziki areagotu zuena.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alfred Dreyfus Aldatu lotura Wikidatan