Alfred Schnittke

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alfred Schnittke.

Alfred Schnittke, errusieraz Альфре́д Га́рриевич Шни́тке (Engels, Saratov barrutian, Sobietar Batasuna, 1934ko azaroaren 24a - Hanburgo, Alemania, 1998ko abuztuaren 3a) errusiar musikagilea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo musika-ikasketak Vienan egin zituen, 1946tik 1948ra bitartean. Moskura itzuli zenean, Evgeni Golubev eta Nikolaï Rakoven ikasle izan zen Urriko Iraultzako Musika Akademian, 1958. urtera arte. 1961. urtetik aurrera, orkestrazioa eta konposizioa erakutsi zuen Moskuko kontserbatorioan, eta 1972an bertako irakasle izendatu zuten. 1980an Vienako Musikhochschuleko irakasle bihurtu zen. 1990ean errusiar eta alemaniar hiritartasun bikoitza hartu zuen, eta Hanburgon hartu zuen bizilekua. Mundu osoan aritu zen, eta interprete handienek jo zuten haren musika: Rostropovitx, Rojdestvenski, Kremer, Youri Bashmet, Gutman, Kronos laukotea, Alban Berg laukotea, Borodine laukotea. 1992tik 1994ra, gaixorik, musika idazten jarraitu zuen, eta hala idatzi zuen 9. sinfonia (1996-1997).

Schnittkeren lehenengo lanak nahiko konbentzionalak izan ziren, Prokofieven eragin nabarmena zutenak: "Kontzertua biolinerako 1" (1957), "Kontzertua pianorako" (1960), "Sonata biolin eta pianorako 1" (1963). Ondoren, idazketa seriala aurkituta, ganbera-musikaren forma zorrotzetara egokitu zuen: "Harizko laukotea 1" (1966), "Elkarrizketak", biolontxelo eta zazpi tresnetarako (1965). Poloniako eskolak erakarri zuen, eta Lutoslawskiren eraginpean, lirismo pertsonalagorantz bideratu zuen bere hizkuntza. "1. Sinfonia" (1969-1972) garai horren lan adierazgarriena da, eta debekatu egin zuten Sobietar Batasunean. Hala ere, Shnittkeren musika Mendebaldean jotzen hasi zen, eta Xostakovitxen ondorengotzat hartzen zen. Erlijioa gero eta leku garrantzitsuagoa hartzen hasi zen bere lanetan: requiem bat atera zuen Shillerren Don Carlos lanerako egindako musikatik eta "2. sinfonia" lanerako meza latinoaren testua hartu zuen. Poliki-poliki katolizismora jo zuen (1983). 60ko hamarraldiaren bukaeratik aurrera, Schnittkek hainbat jatorritako osagaiak nahastu zituen bere musikan, vienar balsak, tangoak, rocka eta abar. Dena dela, estilo desberdin anitzeko hizkuntza hori desagertu egin zen 80ko hamarraldian, eta musika egituratuago baterantz egin zuen. Garai horretako musikaren erakusgarri da (K)ein Sommernachtstraum (1985) orkestrarako lana.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alfred Schnittke Aldatu lotura Wikidatan