Algonkin-euskara pidgina
| Algonkin-euskara | ||
|---|---|---|
| Non mintzatzen den: | Kanada | |
| Eskualdea: | Ternua, Quebec, Labrador penintsula, Eskozia Berria (batez ere Cape Breton uhartea), Brunswick Berria. | |
| Hizkuntza galdua: | Bai | |
| Hizkuntza familia: | Euskara? | |
| Estatus ofiziala | ||
| Hizkuntza ofizialtzat duten lurraldeak: | ||
| Erakunde araugilea: | Ez | |
| Hizkuntza kodeak | ||
| ISO 639-1: | ez du | |
| ISO 639-2: | gehitzeko | |
| ISO 639-3: | — | |
|
|
||
| Oharra: baliteke orri honek Unicode kodearekin emandako NAF fonetika ikurrak edukitzea. | ||
Algonkin-euskara izan zen míkmaqek, innuek eta Ternua eta Labradorko beste amerindiarrek eta euskal baleazaleek erabilitako pidgin hizkuntza, geroago frantziarrek ere erabiliko zutena inguru haietara joan zirenean baleak harrapatzera eta larruekin tratuak egitera[1].
Hiztegia nagusiki mikmakerako, innuerako eta euskarako hitzek osatu bazuten ere, zenbait gaskoi hitz ere bazituen, Ipar Euskal Herrian gaskoiz ere egiten zenez gero. Euskaldunak 1527 inguruan iritsi bide ziren eskualde hartara, eta 1530 inguruan hasi zirelarik pidgina erabiltzen, honen urrezko aroa 1580 eta 1635 artean izan zen.
Garai hartako iturri independente batzuek pidgin baten berri ematen dute, baina hitz solte batzuk (30 inguru) eta zenbait esaldi baino ez zaizkigu ailegatu. 1612an Marc Lescarbotek "Histoire de la Nouvelle France" liburuan aipatzen du bertakoek hizkuntza bat erabiltzen zutela kanpotarrekiko hartu-emanetarako, euskararekin nahasita zegoena.
Eduki-taula |
[aldatu] Historia
1000. urtean, Kristobal Kolon Amerikara iritsi baino bost mende lehenago, bikingoak egungo L'Anse aux Meadows herrian kokatu ziren. Hala ere, ez ziren luzaroan egon.
1412an, Grundarfjörðuretik 500 itsas milia mendebaldera hogei euskal baleontzi direla diote berriemaile islandiarrek[2]. Hala ere, lehen agiri hauek ez dute esaten beste lurralderik aurkitu zutenik Ipar Atlantikoan.
XV. mendean, euskaldunak balea ehizan eta bakailao arrantzan zebiltzan eta arrantza-postu aurreratuak ipini zituzten Labradorren eta Ternuan[3]. Postu horietatik handiena Red Baykoa izan zen, 900 lagun ingururekin. Arrantzale europarrek, batez ere portugaldarrek eta espainiarrek, gero bisita ugari egin zizkieten Ternuako arrain sardeei.
Hori dela eta, Ingalaterra eta Frantziako koroek Ipar Amerikara espedizioak bidali zituzten, Indietarako bide laburragoa aurkitzeko ez ezik, arrantza eskualdeak kartografiatzeko asmoarekin. Frantsesak San Laurendi golkoan kokatu eta Kanadako lurra bereganatzeari ekin zioten.
[aldatu] Pidgina
Amerindiar herritarren eta euskaldunen arteko hartu-emanak pidgin bat sorrarazi zuen[4][5]. Honek hiztegi murritza eta gramatika oinarri-oinarrizkoa zituen, eta elkarrengandik hain diferenteak ziren hizkuntzetan egiten zuten bi gizataldeen artean komunikazioa errazteko asmatu zen.
Ziurrenik, míkmaq eta innu (orduan Montagnais deituak) herriak izan ziren euskaldunekin harreman estuena izan zutenak. Batzuk euskaraz eta besteak hizkuntza algonkinoetan mintzo zirenez gero, merkataritza hartu-emanak errazteko bien arteko hiztegi mistoa sortu zuten[4].
Hizkuntza algonkinetan zein euskaraz aditz pasiboa izateko A itsasten bada ere, ezin da esan euskara bezalako hizkuntza isolatua Amerikako hizkuntza aurreeuropar batekin inongo loturarik duenik[6] Pidgin berria sortu behar zen, bi giza-taldeen arteko hizkuntza-hesia hautsiko bazen[4], eta lehenago euskal arrantzaleek dagoeneko sortua zuten beste pidgin bat Islandia mendebaldeko fiordoetan, euskaran eta islandieran oinarriturik.
Michel Usereauk dio: «euskal amerindiar kreolera bat ez da inoiz izan. Hala ere, imajina liteke harreman baketsuak izan zituzten herrien artean, hala nola euskaldunak eta amerindiarrek, pidgin bat garatzea? Peter Bakker Amsterdamgo Unibertsitateko ikerlariak baietz uste du. »
Urte askotan zehar, historialariek uste izan dute Amerikan frantsesezko pidgin bat zegoela[4], baina behin pidgin honen lexikoa ikusita, euskarazkoa zela frogatu zen.
Pidgin honen hiztun ezagunena Mathieu da Costa izan zen, Kanadan bizi izandako lehen beltza. Interprete hau «ziur asko frantsesa, nederlandera, portugesa eta «euskal pidgina» ezagutzen zituen. Izan ere, dialekto hau duda barik bertoko herriek erabiltzen zuten merkataritza-hizkuntza erabilena zen.»[7]
[aldatu] Morfologia
Pidginaren hitzek euskarazko morfologiari jarraitzen diote: ia hitz guztiek <A> dute itsatsita bukaeran. Adibidez, <kapitaina> hitzak (frantsesezko capitaine edo gaztelaniazko capitán hitzetik hartua) erromantze hizkuntzetan ez du <A> itsatsirik; pidginezko capitaina hitzak, aldiz, bai[4].
[aldatu] Aipamenak
Esteban Garibai historialariak 1571n Anberesen liburu bat argitaratu zuen, euskara ikasteko zaila ez zela frogatzeko asmotan. Horretarako, Kanadako amerindiar herriak aipatu zituen adibide gisa:[8]
| « | ...puesto que los marineros de la provincia de Gipuzkoa y del señorío de Bizkaia y el País de los vascos van cada año a la tierra recientemente descubierta Ternua para pescar y cazar, los salvajes de aquella región aprendieron su lenguage cántabro [hau da, euskara] a pesar de la breve comunicación, de tan poca duración, que mantienen con la gente de aquí una sola vez al año, durante un período de menos de tres meses. Y si esa gente privada de razón y organización es capaz de aprenderlo, cuanto más fácilmente podría la gente de vida respetable de nuestro viejo mundo. | » |
Lope Martinez de Isasti lezoar historialariak 1625ean honela idatzi zuen:[3]
| « | ...en region tan remota como Terranova han aprendido los salvages montañeses con la comunicación que tienen con los marineros bascongados, que van cada año por el pescado bacalao, que entre otras cosas preguntándoles en bascuence: nola zaude, como estás: responden graciosamente: Apaizac obeto, los clérigos mejor: sin saber ellos, qué cosa es clérigo, sino por haberlo oido. Hablan y tratan con los nuestros, y ayudan á beneficiar el pescado en la ribera á trueque de algun pan bizcocho y sidra que allá no tienen ellos. | » |
Euskalerritar baleazaleek kristautasuna ere eraman zuten hara. Hau da míkmaq herritar batek europar misiolari bati esandakoa:[9]
| « | Noukhimami Jesus, ïagoua Khistinohimaonitou Khik hitouina caié Khiteritamouïn. Ca cataouachichien Maria ouccaonia Jesu, cacataouachichien Joseph aïamihitouinan. Jesus ene jauna, irakatsi zure hitzak eta zure nahia! Maria, Jaungoikoaren ama! Jose ona! Nitaz otoitz egin! |
» |
Egun ia ez dugu beste aztarnarik pidgin honi buruz. Gainera, hauek beste hizkuntzetan daude eta ez dituzte hitz solte batzuk baino jasotzen. 1616an misiolari jesuita batek idatzirik utzi zuen Eskozia Berriko Port-Royaleko amerindiarrek frantziarrak agurtzeko adesquidex hitza erabiltzen zutela. 1603an Taduzaken zegoen misiolari frantziarrak aipatu zuen Montagnais amerindiarrek frantziarrak agurtzeko ania hitza erabiltzen zutela, haien arteko harremanetan, aldiz, nichtais hitza zerabiltenean.
[aldatu] Adibideak
[aldatu] Hitz solteak
Pidginak euskarazko hitzak ez ezik frantsesetik (garramersies: grand merci, eskerrik asko) eta portugesetik (macharoa: passaro, hegaztia; chave: saber, jakin) ekarritako hitzak ere erabili zituen[8]. Hona hemen euskarazkoak:
| Urtea | Algonkin hizkuntza (mikmakera) |
Euskara |
| 1603 | matachia | patatxa, txanpon |
| 1612 | matachiaz | patatxa, txanpon |
| 1613 | souricoua | zurikoa |
| 1613 | pilotoua | pilotua |
| 1616 | adesquidex/s | adiskide |
| 1616 | bascua | euskalduna |
| 1616 | chabaya | xabaia, basatia |
| 1618 | atouray | atorra |
| 1618 | baccalaos | bakailao[10] |
| 1618 | endia | handi |
| 1618 | escorken | moskor |
| 1618 | canadaquoa | kanadakoa |
| 1618 | kessona | gizona |
| 1618 | mercatoria | merkateria |
| 1618 | muschkucha | biskotx |
| Datu gabe | ania (Innu) | anaia |
| Datu gabe | capitaina | kapitaina |
| Datu gabe | caracona | gari ona/ogia |
| Datu gabe | carcaria/ircay | irri-karkara |
| Datu gabe | castaigne | gaztaina |
| Datu gabe | chimonutz | txima luze |
| Datu gabe | echpata | ezpata |
| Datu gabe | elege | errege |
| Datu gabe | makia | makila |
| Datu gabe | maria | balea |
| Datu gabe | martia | marta/lepahoria |
| Datu gabe | orignak | oreinak |
| Datu gabe | tabaguia | tapakia/aterpea |
| Datu gabe | barilia | barrika |
[aldatu] Esaldiak
Lehen aipatu dugun bezala, Ternua eta Labradorko amerindiarrek ez zuten kreolera oso bat eratu, baizik eta mikmakerazko eta euskarazko hiztegietatik (frantses eta montagnais hizkuntzek kutsatuta) hartutako hitz solte edo esaldi batzuk.[8]
Hona hemen algonkin-euskarazko esaldi batzuk:
- Algonkin-euskara => For mi presenta for ju biskusa eta sagarduna.
- Euskara => Bizkotxo eta sagardoa emango dizkizut.
- Algonkin-euskara => Bocata for me attora.
- Euskara => Ikus iezadazu nire atorra.
- Algonkin-euskara => Ania, kir capitana?
- Euskara => Anaia, kapitaina al zara?
- Algonkin-euskara => Ania capitana ouias amiscou.
- Euskara => Anaia kapitaina kastor haragia.
- Algonkin-euskara => Endia chave Normandía.
- Euskara => Frantsesek gauza asko dakite.
- Algonkin-euskara => Gara gara ender-quir gara gara.
- Euskara => Gerra izango dugu.
- Algonkin-euskara => Nola zaude? Apezak obeto.
- Euskara => Nola zaude? Apaizak hobeto.
- Algonkin-euskara => Maloes mercatora.
- Euskara => Malo Deunakoak merkatari bidegabekoak dira.
[aldatu] Eragina eskualdeko toponimian
Hona hemen eskualdean euskal jatorria edo euskaldunak zein pidgin honen hiztunak bertan zegoelako toponimoak[11][12]:
- Quebec
- Baie-aux-Basques, Charlevoix-Esteko Saint-Siméon herrixkatik gertu.
- Exafaud-aux-Basques, Charlevoix-Esteko Saint-Siméon herrixkatik gertu.
- Anse-aux-Basques, Baie-Comeautik gertu
- Île-aux-Basques, Trois-Pistoles ondoan[13].
- Tadoussac
- Les Escoumins. Samuel de Champlainen esanetan euskal kokagune nagusia[14]
- Barachois (Barratxoa)[15]
- Uli-Zulo
- Burua-Aundi
- Etxalde-portu
- Anton portu
- Barba Zulo
- Lobeeta
- Samaded
- Fortea Bay (Blanc Sablon)
- Urdazuri, Grande-Échourie, 17 kilometroko luzera duena Baie du Havre-aux-Basques[16]
- Ternua
- Bay of Biscay
- Port au Choix (Portutxoa)[15]
- Barachois (Barratxoa) eta Barachois Point (Saint-Mary's Strait)
- Port-à-port (Opor-portu)[15]
- Port-aux-Basques
- Biscay Bay
- Placentia (Plazentzia)
- Île-aux-Basques
- Bonne Bay (Baia Ederra)
- Ourougnousse (Renews)
- Barbochino (Saint Barbe
- Bizkaia Berria
- Labrador[18]
- Balea Baya (Red Bay)
- Lili (Lily island)
Batzuen ustez, Quebeceko hiriburuaren lehendabiziko izenak, Huron herriak jarritako Hochelaga euskararekin lotura ere badu, -aga leku atzizkia duelako.
[aldatu] Pidginaren azken erabilera
Ezin da esan pidgin hau nozi desagertu zen, hala ere 1710ean ere erabiltzen zutela esan daiteke. Peter Bakker ikertzaileak Kanadako mendebaldeko amerindiar herriek "hala moduko lingua franca, euskara eta beste hizkuntza basatiak osatuta" erabiltzen zutela esaten zuen agiria topatu zuen.
Bestetik egungo mikmakeraren zenbait hitz euskarazko maileguak dira. Adibidez:
- alkandora edo atorra, egun atlei eta XVII. mendean atouray izan zen.
- errege, elegewit.
- Frantzia, Plansia euskarazko "Prantzia" hitzetik ekarria.
[aldatu] Bibliografia
- Koldo Mitxelena (1984): "Lingüística inmanente y lingüística trascendente", "Julio Urquijo" Euskal Filologiaren Seminoarioaren Urtekaria, 18, 251-266. orr, Donostia, Gipuzkoako Foru Aldundia.
- Peter Bakker (1989): "The language of the coast tribes is half basque", Antropological linguistics 31: 117-147. orr.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Luistxo Fernandez: Basque-Icelandic and Basque-Algonquian pidgin languages eta Muturzikin: Euskal Pidginak!
- ↑ Mark Kurlansky "The Basque History of the World", 1999, ISBN 0-8027-1349-1
- ↑ a b zientzia.net: Ameriketarekiko antzinako harremanak
- ↑ a b c d e Michel Usereau: "Euskal-amerindiar piddina" Montréal, 2003ko urtarrila
- ↑ Stephen Adolphe Wurm, Peter Mühlhäusler, Darrell T. Tyron "Atlas of languages of intercultural communication in the Pacific, Asia, and the Americas" 1115. orr. Online
- ↑ C.C. Uhlenbeck: "Le caractère passif du verbe transitif ou du verbe d'action dans certaines langues d'Amérique du Nord"
- ↑ Patrimoine Canadien: Qui était Mathieu da Costa?
- ↑ a b c Vascos en América (sí, otra vez)
- ↑ The Jesuit Relations: and Allied Documents Travels and Explorations of the Jesuit Missionaries in New France 1610—1791
- ↑ Bakailaoa arrantza egiteko guneak sekretuak ziren XVI. mendeko mapetan. Ternuak "Uharte Mamua" ezizena zuen euskal arrantzaleen artean. Egungo izena lehendabizikoz 1508an Joao Vaz Corte-Realek erabili zuen. Ikusi Mythical Islands
- ↑ Peter Bakker, (2002), "Amerindian tribal names in North America of possible Basque origin", Artiagoitia, X., Goenaga, P., Lakarra, J.A. argitaratutako "Seminario de Filologia Vasca Julio de Urquijo", Donostia 47-59. orr
- ↑ Recherches amérindiennes au Québec Troc, trafic et commerce 1994 (XXIV. Liburukia). Artikuluak: Laurier Turgeon: "Vers une chronologie des occupations basques du Saint-Laurent du XVIe au XVIIIe siècle : Un retour à l'histoire" eta Peter Bakker "La traite des fourrures et les noms de tribus: quelques ethnonymes amérindiens vraisemblablement d'origine basque dans le Nord-Est". Lapurpena online frantsesez
- ↑ Trois Pistoleseko Euskal Interpretazio Zentroa
- ↑ Encyclopédie canadienne: Les Basques dans le site de l'« Encyclopédie canadienne »
- ↑ a b c ‘Apaizac Obeto’ espedizioa, Kanada, 2006
- ↑ Wikimapia: Baie du Havre-aux-Basques
- ↑ On the trail of the basque whalers: Logbook
- ↑ Twentieth-century Shore-station Whaling in Newfoundland and Labrador Anthony Bertram Dickinson, Chesley W. Sanger