Ali Akbar Khan
(Izen goitia: Khansahib edo Ustad) Bengalar musikagilea (Ekialdeko Bengala, 1922 - 2009). Musikagilea ez ezik, sarod musika tresnaren interprete eta irakaslea izan zen. Indiako iparraldeko musika jotzeko erabiltzen den harizko tresna da saroda, eta Khanek Estatu Batuetan ezagutarazi zuen. Jendaurreko lehen ekitaldia hamahiru urte zituela egin zuen Allahabaden. 1955ean, Estatu Batuetara joan zen New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan ekitaldi bat ematera. Estatu Batuetako telebistan agertu zen lehen artista hindua izan zen, eta mendebaldeko merkatuan Indiako musikaren disko bat argitaratu zuen lehena. Kalkutako Musika Eskola sortu zuen 1956an, eta, handik bi urtera, Ali Akbar eskola ezarri zuen Kalifornian. Suitzan ere ireki zuen beste bat. Hauek dira bere lanik aipagarrienak: Journey (1990), Garden of dreams (1993), Legacy (1997) eta Passing on the tradition (1998).
[aldatu] Kanpo loturak
(Ingelesez) http://www.aacm.org/
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.