Alicia Markova

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alicia Markova, 1940
Alicia Markova

Alicia Markova (Jaiotza-izena: Lilian Alicia Marks; Londres, 1910 - 2004) britainiar dantzaria izan zen. Oso gazterik egin zuen debuta, hamalau urterekin, Diaghileven Ballet Errusiarrekin (1925-1929); baina lehenengo arrakasta George Balanchineren eskutik iritsi zitzaion, Urretxindorra balletarekin (1926). Diaghilev hil eta Ballet Errusiarrak desegin zirenean, Rambert Balletean eta Londresko Vic-Wellsen (1931-1935) jardun zuen, azken horretan prima ballerina gisa. Bera izan zen Giselle eta Beltxargen aintzira dantzatu zituen lehenengo dantzari ingelesa. 1935. urtean bere dantza-konpainia sortu zuen, Anton Dolinekin batera, Markova-Dolin Ballet taldea. Handik hamar urtera, London Festival Ballet izena hartu zuen. Markova errepertorio erromantikoko dantzari gisa nabarmendu zen; mugimenduen arintasuna, adierazpen samurra eta interpretaziorako grazia zituen ezaugarri nagusiak. Haren lanen artean aipagarriak dira, besteak beste, Beltxargen aintzira, Silfideak, Intxaur kraskailua, Pas de quatre eta abar, baina, zalantzarik gabe, Giselleren paperak eman zion XX. mendeko dantzari onenetakoaren ospea. Giselle interpretatzen hasi eta handik zortzi urtera Giselle eta neu izeneko liburua eman zuen argitara (1960). 1963. urtean amaitu zuen bere karrera dantzari gisa, baina, harrezkero, New Yorkeko Metropolitan Opera Ballet taldearen zuzendari izan zen (1963-1969). 1986. urtean Markova Remembers autobiografia eman zuen argitara.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alicia Markova Aldatu lotura Wikidatan