Aljeriako Gerra Zibila

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
1997 eta 1998an 50 hildako baino gehiago izandako sarraskiak.

Aljeriako Gerra Zibila 1991n hasi zen Aljeriako gobernuaren eta matxinatu islamisten arteko gatazka armatua izan zen. Amaiera 2002an iritsi zen, Askapenerako Armada Islamdarra (AIS) errenditu zenean. Nolanahi ere, maila baxuko gatazkak dirau oraindik ere hainbat zonaldetan. Hainbat estimazioren arabera, 150.000 eta 200.000 arteko hildakoak utzi ditu gerrak.

Gatazka 1991ko abenduan hasi zen, gobernuak Asanblada Nazionalerako hauteskundeak bertan behera utzi zituenean, lehendabiziko emaitzek Askapenerako Fronte Islamdarraren (FIS) garaipena erakutsi ostean. FIS legetik kanpo utzitakoan eta kide asko atxilotutakoan, islamistek gobernua zein haren aldekoen aurkako kanpaina armatuari ekin zioten. Talde armatu andana sortu ziren; garrantzitsuenak Mugimendu Armatu Islamdarra (MIA), mendialdean aritzen zena, eta Talde Armatu Islamdarra (GIA), hirietan aritzen zena. Hasiera batean, gerrilla islamisten jomugak armada eta polizia izan ziren, baina hainbat taldek berehala zibilen aurka ere jo zuten.

1994an, gobernuaren eta atxilotutako FIS buruen arteko elkarrizketak erpinera iristen ari zirenean, GIAk FISen kontra egin zuen. MIAk eta beste zenbait talde txikiagok FISen alde egin zuten, Askapenerako Armada Islamdarra (AIS) osatuz. Bake elkarrizketek porrot egindakoan eta Liamine Zéroual jenerala 1995eko hauteskundeetan presidente ateratakoan, GIA eta AISren arteko gatazka areagotu zen. Hurrengo urteetan, sarraski latzenak gertatu ziren Aljerian, batzuetan auzo edo herri osoak suntsituta. GIAri egotzi zitzaizkion batik bat, nahiz eta beste iturri batzuek gobernuko indarren parte hartzea iradokitzen duten.

Armadaren aldeko alderdiak, Batzar Nazional Demokratikoak (RND), 1997ko parlamenturako hauteskundeak berriro irabazi zituen. AISek, bi alderdien jomugan, 1997an Gobernuarekin alde bakarreko su-etena aldarrikatu zuen. Aldi berean, sarraskien politikak GIAren barne zatiketa eragin zuen. 1999an, Abdelaziz Bouteflika presidente berria hautatu eta gutxira, gerrilla gehienetako kide frankok amnistia lortu zuten, bizitza zibilera itzulita. Bortizkeriak behera egin zuen, gobernuaren aldeko garaipenerako. GIAtik armatuta geratzen ziren kideak hurrengo urteetan atxilotu zituezten, eta, 2002rako, praktikan desagertuta zeuden.

Hala ere, bortizkeria ez da erabat desagertu, GIAko zatiketa batek, Borrokarako eta Otoitzerako Talde Salafista (GSPC) izenekoak, oraindik borrokan jarraitzen du, amnistia arbuiatuta. Kabiliako zonaldean oinarrituta, 1998an GIAtik aldendu zen zibilak erasotzeagatik. 2003an, publikoki Al-Kaidarekin egin zuen bat.