Aljeriako historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Aljeriako historia zonalde askotatik etorritako herriek markaturik dago. Neolito garaietatik berbere herriak mantentzen dira Aljerian, nahiz eta egun gehiengoak arabieraz hitz egin. Baina lurralde horiek kartagotarrek, erromatarrek, bizantziarrek, arabiarrek, otomandarrek eta frantziarrek konkistatu dituzte, eta, hortaz, bere eragina utzi dute.

Arabiarren aurreko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berbereak gutxienez K. a. 10.000tik bizi dira Aljeriako lurraldean. K. a. 1000 ondoren, kartagotarrak kostaldean finkatu ziren. Gerra Punikoetan, berbereek Kartagotik independentzia eskuratzeko abagunea hartu zuten, eta Antzinako Erromako garaipenarekin, berbere erresumak, Numidia esaterako, sortu ziren. Edonola ere, K. a. 200tik aurrera Erromako Errepublikak garaitu zituen. Mendebaldeko Erromatar Inperioaren gainbeherarekin, berbereek eta vandaloek hartu zuten lurraldearen kontrola, harik eta Bizantziar Inperioko Justinianus I.ak menderatu arte.

Arabiarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arabiarrak VIII. mendean etorri ziren. Bizantziar armadak garaituta herrialdearen gaineko kontrola bereganatu zuten, baina berbeerek erresistentzia gogorra erakutsi zuten hamarkada batzuetan Kusayla eta Kahina gisako buruzagien gidaritzapean. Hala ere, urte batzuk geroago batera bihurtu ziren musulman berbereak. Herrialdeko gobernuan leinuak joan leinuak etorri, lurraldea arabiatu zen. Almoravidek eta almohadek, berbere leinuek, bakea eta garapena ekarri zuten. Baina azken horien gainbeherarekin, ondorengoen borrokaleku bilakatu zen Aljeria.

Otomandar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. eta XVI. mendeetan, Espainiar Inperioak kostaldea erasotzeari ekin zion. Baina Aljeria Otomandar Inperioak bereganatu zuen 1517an Khair ad-Din eta Aruj anaien bidez. Aljeriako iparraldeko muga modernoak ezarri zituzten, eta kostaldea kortsarioen babesleku bilakatu zuten. Berbere piraten erasoak Mendebaldeko Europan 1816 arte baino ez ziren bukatu, Britainia Handiak eta Herbehereek Aljerko portua eta ontziteria pirata suntsitu zutenean.

Frantziar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abd al-Kadir

Kotsula iraindu zuten aitzakian, Frantziak Aljer hartu zuen 1830ean. Marokon eta Tunisian ez bezala, Aljerian konkista motela, luzea eta bortitza izan zen. Izan ere, Aljeriako populazioaren herena hilik suertatu zen. Erresistentzia gogorra izan zen, batez ere Abd al-Kadir teologo eta idazleak gidatua. Konkista XX. mendearen hasieran baino ez zen burutu, azken tuaregen erorketarekin. Bitartean, Aljeria Frantziako beste zati bat bilakatu zuten frantziarrek. Frantzia, Italia, Espainia eta Maltatik etorritako milaka migratzaile Aljeriako kostaldeko ordokian eta hirietan finkatu ziren. Amankomuneko lurra bahitu zuen gobernu frantziarrak, kolonoen esku uzteko. Nekazal teknika modernoak erabili arren, Aljeriako egitura soziala kaltetuta atera zen okupazio garaian, batez ere lurren bahiketak zirela eta. Europar jatorrizko jendeak, 1962ko independentizaren ostean pieds-noirs (oin beltzak) izena izango zituztenek, Frantziako hiritartasun osoa jaso zuten. Bitartean, Aljeriako musulman gehienei, baita Frantziako Armadako soldadu ohiei ere, hiritartasuna edo bozkatzeko eskubidea ukatu zitzaien. Egoera hori Frantziako Laugarren Errepublikaren amaierarekin bukatu zen.

Askapen Nazionaleko Fronteak (FLN) 1954an Aljeriako Independentziaren Gerra hasi zuen gerrila kanpainaren bidez. Gerra latzaren amaierako, Charles de Gaullek aljeriarrei erreferenduma eskaini zien, eta, independentzia osoa alde handiz atera zen nagusi. Milioi bat lagun pieds-noir delakoak eta harkinak (Frantziaren aldeko soldadu aljeriarrak), biztanleriaren %10 inguru, herrialdetik Frantziara joan zen. Uste bezala, Aljerian geratu zirenek FLNren errepresioa jasan zuten: 50.000 eta 150.000 lagun bitartean hil zirela estimatzen da.

Estatu independientea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Aljeriako Gerra Zibila»

FLNko burua Ahmed Ben Bella Aljeriako lehen presidentea izan zen. Houari Boumediennek, defentsa ministroak kargutik kendu zuen 1965ean. Lehenengoaren gobernua diktadura modukoa izan arren, ezaugarri hori bigarrenarekin areagotu zen. Izan ere, armadak paper garrantzitsuagoa jokatu zuen, legezko alderdi bakarraren kaltetan. Petrolio industria nazionalizatu zen, eta, herrialdeko baliabide nagusi eta ia-ia bakarra bilakatu zen. 1973ko krisialdiaren ondoren onurak ekarri bazituen ere, 1980ko hamarkadan prezioak amildu zirenez ekonomiak ondorio txarrak pairatu behar izan zituen.

Boumedienne 1978an hil arren, Chadli Bendjedid ondorengoaren politika ez irekiagoa izan. Burokrazia areagotu eta ustelkeria zabaldu ziren. Industralizazioak eta krisiak eraginda, 1980ko hamarkadan bi protesta-mugimendu sortu ziren: ezkertiarrak, tartean berbereen nortasunaren defendatzaileak, eta integrista islamdarrak. Biek alderdi bakarreko sistemaren aurka egin zuten, baina elkarren aurka ere borrokatzen ziren. Protesta masiboek sistemaren amaiera ekarri zuten, eta 1991rako lehendabiziko hauteskunde demokratikoak egin ziren. Islamistek lehenengo txanda irabazita, militarrek eskua sartu zuten eta bigarrena bertan behera utzi zuten. Ondorioz, Bendjedidek boterea utzi zuen eta gerra zibila piztu zen.

Aljeriako Gerra Zibila 1991n hasi zen Aljeriako gobernuaren eta matxinatu islamisten arteko gatazka armatua izan zen. Amaiera 2002an iritsi zen, Askapenerako Armada Islamdarra (AIS) errenditu zenean. Nolanahi ere, maila baxuko gatazkak dirau oraindik ere hainbat zonaldetan. Hainbat estimazioren arabera, 150.000 eta 200.000 arteko hildako utzi ditu gerrak.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Aljeriako historia Aldatu lotura Wikidatan