Almeida Garrett

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau idazle portugaldarrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Almeida».

João Baptista da Silva Leitão de Almeida eta beranduago Almeida Garrett-eko bizkondea, (Porto, 1799ko otsailaren 4a — Lisboa, 1854eko abenduaren 9a) idazle eta antzerkigile erromantiko, mintzalari, erresumako pare, ministro eta estatu-idazkari portugaldarra. Antzerkiaren bultzatzaile bikaina Portugalen, erromantizismo portugesaren pertsonarik ospetsuenetakoa, berak proposatu zuen D. Maria II Antzoki Nazionalaren eraikuntza eta Arte Dramatikoko Kontserbatorioa sortzea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almeida Garretten litografia, Pedro Augusto Guglielmik egindakoa (Portugalgo Liburutegi Nazionala). João Baptista da Silva Leitão de Almeida Garrett Porton jaio zen, 1799ko otsailaren 4an. Nerabe zelarik Azoreetara joan zen bizitzera, Terceira uhartera, Napoleon Bonaparteren tropa frantsesek Portugal indarrez hartu zutenean. Han, bere osaba D. Alexandrek hezi zuen, Angrako gotzaia zenak. Luisa Castelo bere neska-laguna ere bertan utzi zuen haurdun. Berehala, 1816an, Coimbrara joan eta azkenean Zuzenbidean matrikulatu zen. 1821. urtean, O Retrato de Vénus argitaratu zuen, horren eraginez bere aurkako auzi eskea aurkeztu zuten, non materialista, ateo eta ezmoralatzat jo zuten. Urte horretan bertan ere Almeida Garrett abizena erabiltzen hasi ziren bera eta bere familia.

Borroka liberaletan presentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almeida Garrettek 1820ko liberal iraultzan hartu zuen parte; ondoren, 1823an, Ingalaterrara erbesteratu zen, Vilafrancadaren ondoren. Aurretik, 14 urte besterik ez zituen Luísa Midosi gaztetxoarekin ezkondu zen. Ingalaterran, mugimendu erromantikoarekin harremanetan jarri zen; Shakespeare, Walter Scott eta beste autore batzuk ezagutu eta Erdi Aroko gaztelu eta eliz eta abadia gotikoak bisitatu zituen. Bizipen horiek bere beranduagoko obran islatuko ziren. 1824an Frantziara alde egin zuen. Bidaia hartan Camões (1825) poema ezaguna idatzi zuen, eta baita horren ezaguna ez izanagatik garrantzi gutxiagokoa ez den Dona Branca (1826) ere. Olerki hauek, eskuarki, Portugalgo literatura erromantikoko lehenengo lantzat jotzen dira. 1826. urtean jaioterrira deitu zuten eta hara bueltatu zen azkeneko emigratzaleekin. Han kazetaritzan aritu zen eta O Português (1826-1827) egunkaria eta O Cronista (1827) astekaria sortu eta zuzendu zituen. 1828an, D. Miguel errege absolutista itzuli zenean, Portugal utzi behar izan zuen berriro. Urte horretan bertan, jaio berria zuen alaba hil zitzaion. Ingalaterran berriro, Adozinda (1828) argitaratu zuen. Alexandre Herculano eta Joaquim António de Aguiarekin batera, Mindelo-ko lehorreratzean eta Portoko setioan parte hartu zuen 1832 eta 1833 urteetan.

Bizitza politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almeida Garrett, Alexandre Herculano eta José Estêvão de Magalhães Portugalgo Errepublikako Biltzarreko Passos Perdidos aretoan.

Liberalismoaren garaipenak berriro Portugalera itzultzeko aukera eman zion, Bruselasen kontsul orokor eta negozioen arduradun moduan egonaldi labur baten ondoren. Schiller, Goethe eta Herder irakurri zituen bertan. Portugalen zenbait kargu politikotan aritu zen eta, 30 eta 40ko hamarkadetan nazioko hizlaririk nagusienetako gisa nabarmendu zen. Bere ekimenez sortu ziren Arte Dramatikoko Kontserbatorioa, Antzokien Ikuskatze Orokorra, Panteoi Nazionala eta D. Maria II.a Antzoki Nazionala, Lisboan. Garrettek antzoki bat sortu baino, produkzio dramatiko nazionala berritu nahi izan zuen batez ere, atzerrian indarrean zeuden kanonen arabera. Karlisten garaipenaren eta Costa Cabralen gobernurako itzuleraren ondoren, eta 1852ra arte Almeida Garrett bizitza politikotik aldendu egin zen. Halere, 1850. urtean, beste 50 pertsona ospetsuekin batera prentsa askatasunaren aurkako proposamenari buruzko protesta bat idatzi zuen.

Garrett limurtzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garretten bizitza bere obra bezain liluragarria izan zen. 20 eta 30eko hamarkadetan iraultzaile, beranduago erabateko dandi bezala nabarmendu zen batez ere, dotoretasunaren eredu eta goi gizarteko aretoetan printzipe bihurtuz. Amodio ugari izan zituen gizona izan zen, gizon fatal moduko bat. Luisa Midosi emaztearengandik banandu ondoren ‑1822. urtean ezkondu zen berarekin, neskak 14 urte zituela‑, Adelaide Pastor anderearekin hasi zen bizitzen ohaidego‑harremanetan, 1941ean honen heriotza iritsi zen arte. 1846. urtearen ondoren bere musa Luz-eko bizkondesa izan zen, Rosa Montufar Infante, 1837. urtetik Joaquim António Velez Barreiros armada portugaldarreko ofizialarekin ezkondutako andaluziarra; Folhas caídas estasi erromantikoen inspiratzaile izan zen. Portugalgo D. Pedro V erregearen dekretuz, 1851.eko ekainaren 25ean Garrett Almeida Garrett-eko Bizkonde egin zuten bizirik zegoelarik (beranduago bitan berritu zioten titulua). 1852. urtean, Saldanhako dukea gobernuko presidente zela, egun gutxi batzuz Kanpo Arazoetako ministro kargua izan zuen. 1854. urtean hil zen, minbiziak jota, Lisboan, orain Saraiva de Carvalho izena duen kalean kokatutako etxean, Campo de Ourique-n.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugalgo antzerkia birsortzeko bere proiektuari hasiera eman zion. 1838. urtean Um Auto de Gil Vicente eszenaratu zuen, pixka bat lehenxeago Filipa de Vilhena eta 1842.ean, O Alfageme de Santarém, denak Portugalgo historiari buruzko obrak. 1844. urtean argitaratu zuen bere maisulana, Frei Luís de Sousa. Otto Antscherl kritikari alemaniarrak antzerki erromantikoak sortutako lanik bikainentzat izan zuen. Antzerki lan hauek literatura portugaldarraren norabidea aldatu zuten, ez gaien aukeraketagatik bakarrik (historia nazionala hobetsi zuen aintzinate klasikoaren gainetik), baita akzioaren askatasunagatik eta elkarrizketen naturaltasunagatik ere.

Prosa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almeida Garrett Barata Feyo eskultoreak egindako lanean 1843. urtean, Garrettek Romanceiro eta Cancioneiro Geral argitaratu zituen, Portugalgo poesia herrikoien bildumak, eta 1845.ean O Arco de Santana-ren lehenengo liburukia (bigarrena 1850.ean argitaratuko zen), Victor Hugoren Notre Dame de Parisek inspiratutako eleberri historikoa. Lan hau Portoko Erdi Aroko giroaren birsortzeagatik baino, prosaren kalitateagatik da liluragarria, aurreko konbentzioetaik urrundu eta ahozko hizkuntzatik askoz gertuago baitago. Hurrengo lanak, Viagens na minha terra, are espresio handiagoa eman zien joera hauei. Nahastekako liburu honetan bidai-, arte-, paisaia- eta ohitura-irudipenak nobela erromantiko batekin elkar lotzen dira, non egilearen garaiko gertaerak deskribatutako lekuetatik gertu jazotzen diren (beste berrikuntza bat, nobela historikoa nagusi baitzen orduan). Narratibaren naturaltasunak lan honen konplexutasuna ezkutatzen du, oso estilo, narratzaile, gai eta egoera dikurtsibo desberdinak aldizkatu eta gurutzatzen baitira.

Poesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poesian ere oso berritzalea izan zen Garrett. Bere bizitzaren azkeneko aldian argitaratutako bi antologiek (Flores sem fruto, 1844, eta Folhas Caídas batez ere, 1853) ordura arteko poesian ia ezezagunak ziren espontaneotasun eta xalotasuna erabili zituen. Adierazpen pertsonal grinatsuko poemekin batera, paregabeko soiltasunezko maisulan txikiak sortu zituen, poesia herrikoiaren eta Erdi Aroko kantigaren gertukoak, «Pescador da barca bela» esate baterako. Metrikarekin duen askatasuna, hiztegi arrunta, subjetibotasunez beteriko erritmo eta puntuazioa dira lan hauen ezaugarririk garrantzitsuenak.

Portugalgo literaturan duen garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean eta ia XX. mende osoan, Garretten lan literarioa portugesez egin den handienetakoa izan da orokorrean, Camõesenaren atzetik hurrengoa. XX. mendeko kritika ordea, eta João Gaspar Simõesek nabarmen, iritzi hauek zalantzan jarri zituzten eta Garretten lanen alderdirik ahulenak nabarmendu. Hala ere, bere lanak betirako izango du dagokion lekua Portugalgo literaturaren historian, ekarri zituen berrikuntzengatik eta hauek atzetik zetozen idazleei irekitako bide berriengatik. Garrett, bere obra zeharkatzen duen berekoitasuna kontuan hartuta ere, Portugalgo erromantizismoaren autorerik adierazgarrientzat jo daiteke.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Almeida Garrett Aldatu lotura Wikidatan