Alonso Ertzilla
Alonso Ertzilla Zuñiga (Madril, Espainia, 1533 - Madril, Espainia, 1594) euskaldun familia batetik zetorren espainiar poeta izan zen.
Biografia [aldatu]
Gurasoak, Fortun Gartzia de Ertzilla eta Leonor Zuñiga, Bermeokoak zituen. Filipe II.a Espainiakoaren zerbitzari izan zen, eta haren laguntzaile joan zen Ingalaterrara eta Flandriara egin zituen bidaietan. Bohemiako erregeen zerbitzuan jarri zen ondoren. 1555-1563 urteetan Txileko konkistan parte hartu zuen. Handik itzultzean, María de Bazán emakume aberatsarekin ezkondu zen.
Txileko konkista gai hartuta, La Araucana poema epiko ospetsua ondu zuen, hiru zatitan, 1569tik 1589ra bitarteko urteetan. Araukaniarrak eta beren buruzagi Kaupolikan, konkistatzaileen kontra adore handia erakutsi zutenak, dira poema horretako benetako protagonista, obra Filipe II.a erregeari eskainia bada ere.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.