Amale Arzelus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amale Arzelus Arrieta
Amale Arzelus Arrieta
Datu pertsonalak
Jaio 1924ko otsailaren 19a
Donostia (Gipuzkoa)
Hil 2015eko irailaren 28a
Donostia (Gipuzkoa)
Lanbidea Euskaltzale eta irrati esataria, ikastola klandestinoetako andereñoa, Euskerazaintzako kidea.

Amale Arzelus Arrieta (Donostia, Gipuzkoa, 1924ko otsailaren 19a2015eko irailaren 28a) euskaltzalea eta irrati esataria izan zen. Irratiz euskaraz aritu zen lehen emakumea.[1]

Biografia

1924an otsailaren 19an jaio zen Donostian, Ander Arzelus Luzearren eta Amalia Arrietaren sendian. Txikitatik, bere aitaren eskutik, euskararen aldeko lanetan aritu zen, bai euskal irratian, bai antzezlanetan (Neskamearen marmarrak antzerkitxoa berak antzezteko idatzi zuen bere aita Luzearek). 1932ko martxoaren 2an euskarazko lehen irratsaioa egin zuten Luzearrek eta Joseba Zubimendik, Donostiako Union Radio irratian. Amale, 8 urte besterik ez zituela, irratiz euskaraz aritu den lehen emakumea izan zen. Aitak idatzitako bakarrizketa, antzezlan eta hitzaldien esatari izan zen haurra, garaiko euskal kulturaren izen handien artean. Haiengandik ikasitako euskararekiko maitasunari eutsi zion bizitza osoan; esatari, antzezle, andereño eta Euskarazaintzako kide gisa, nagusiki.[2]

Irratsaio hartan, mikroaren aurrean pasa ziren, besteak beste, Xabier Lizardi, Aitzol, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Toribio Alzaga, Elbira Zipitria, Tomas Garbizu, Jean Lafite... Orduko prentsak, ordea, izartzat Amale neskatoa jotzen zuen.[3][4]

1936ko Gerra Zibilean, Bilbotik igaro ondoren Ipar Euskal Herrira, Askainera joan zen sendi osoarekin, aita izan ezik, Santoñan preso hartu baitzuten, eta 1944 arte kartzelaturik eduki.

1948an, Elbira Zipitriarekin batera, ikastola klandestinoak sortu zituzten Donostian, bakoitzak bere etxean. Urte berean Andoni Zinkunegirekin ezkondu zen, eta urtebete geroago haien 9 seme-alabetako lehen semea jaio zen, Ander.

1968 arte jarraitu zuen haur-ikastolekin, eta ordutik aurrera adinekoekin jarraitu zuen beste urte askoan.

Euskerazaintzako kide izan zen bere azken eguneraino. 2015eko irailaren 28an hil zen.

Erreferentziak

  1. «Amale Arzelus, irrati bidez hitz egin zuen lehen emakumea», Faktoria, Euskadi Irratia, 2012-02-14.
  2. «Amale Arzelus: “Aitarengandik jaso nuen euskararekiko maitasuna”», Irutxuloko Hitza, 2012-02-28.
  3. Urtzi Urkizu: «Euskarazko lehen irratsaioa aireratu zela 80 urte beteko dira gaur», Berria, 2012-03-02.
  4. Koldo Ordozgoiti Juanenea: «Euskara hegaz: euskal irratiak 80 urte»], Euskonews & Media, 615. zenbakia, 2012-03-02.

Kanpo loturak


Biografia Artikulu hau biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.