Amaltea (satelitea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Amaltea (satelitea) 
Behaketa
Itxurazko magnitudea (V)14,1
Gorputz-gurasoaJupiter
AurkitzaileaEdward Emerson Barnard
Aurkikuntza-data1892ko irailaren 9a
Aurkikuntza-lekuaLick behatokia
Honen izena daramaAmaltea
Orbitaren ezaugarriak
Apoapsis182.840 km
Periapsis181.150 km
Ardatzerdi handia181.400 km
Eszentrikotasuna0,00319
Orbita-periodoa0,49817943 egun
Makurdura orbitala0,374 °
Ezaugarri fisikoak
Erradioa83,45 km
Bolumena2.430.000 km³
Masa2,1 Zg
Albedoa0,09

Amaltea (grekoa: Αμάλθεια), edo Jupiter V, Jupiter planetaren satelite natural bat da.

Ezaugarri fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galileo zundak hartutako Amaltearen irudiak; satelitearen forma irregularra erakusten dute

Amalteak forma irregularra du (250 × 146 × 128 km). Haren gainazala oso gorria da; eguzki-sistemako gorriena da, Marte baino are gorriagoa. Jatorrizko sufreagatik edo izoztuta ez dagoen beste material batek eraginda izan daiteke. Berdegune distiratsu batzuk ere baditu. Satelitearen bi hemisferioak asimetrikoak dira. Beti planetaren aurrez aurre dagoen aldearen hemisferioa 1,3 aldiz distiratsuagoa da atzealdekoa baino.

Gainazala kraterrez josia dago, eta krater batzuk oso handiak dira: Pan kraterrak 100 km-ko diametroa du, eta 8 km sakon da. Gea kraterrak 80 km-ko diametroa du, eta, ziur asko, Pan baino bi aldiz sakonagoa da. Bi mendi handi ere baditu, 20 km-ko garaierakoak.

Galileo zunda 2002ko azaroaren 5ean 160 km-ko distantziatik pasatu zen haren inguruan, eta ibilbidearen desbideratzea erabili zen satelitearen masa kalkulatzeko. Bolumena, zundak hartutako irudietatik ondorioztatu zen. Hala kalkulatu ahal izan zen dentsitatea: (0,857±0,099) ×103 kg/m³. Satelitearen konposizio zehatza ezezaguna bada ere, dentsitatearen balioa jakinda, ondoriozta daiteke satelitea izotzez osatuta dagoela gehienbat, eta beste material ezezagun batzuen parte ere baduela. Holako konposizioa izateak adierazten du ez zela sortuko orain dagoen posizioan, zeren eta, hala izatera, Jupiterren hasierako beroak urtu egingo baitzukeen. Litekeena da, beraz, urrutiago sortua izatea edo Jupiterren grabitateak harrapatutako objektu bat izatea.

Amalteak orbita ia zirkularra du, Jupiterretik oso hurbil, eta Jupiterren Gossalmer eraztunaren parte da. Amaltearen gainazaletik ikusita, Jupiterrek zeruaren zati handi bat hartuko luke (46 gradu); Ilargia, Lurretik ikusita, baino 92 aldiz handiagoa litzateke, eta Ilbetea baino 900 bat aldiz distiratsuagoa.

Amaltearen taldeko satelite nagusia da. Errotazio-periodoa eta orbita-periodoa berdinak dira, hau da, sinkronoak dira: bere buruaren inguruan bira oso bat egiten du planetaren inguruan bira oso bat egiten duen bitartean. Beraz, aurpegi bera erakusten dio beti planetari.

Aurkikuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edward Emerson Barnard-ek aurkitu zuen, 1892ko irailaren 9an, Kaliforniako Lick behatokian, teleskopio bat erabiliz. Jupiterri aurkitutako lehenengo satelitea izan zen Galileo Galileik 1610ean lau satelite galileotarrak aurkitu zituenetik. Halaber, zuzeneko behaketa bidez, eta ez argazkiak aztertuta, aurkitutako azken satelitea izan zen.

Izendapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amaltea satelite-izena mitologia grekoko Amaltea pertsonaian du jatorria; Amaltea ninfetariko bat zen, eta Zeus edoskitu zuen jainkoa haurra zenean. 1975ean eman zion,ofizialki, Nazioarteko Astronomia Batasunak Amaltea izena, baina askoz lehenagotik hala izendatu ohi zuten astronomoek modu informalean, nahiz eta, ordura arte, Jupiter V izendatu ohi zen formalki.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]