Ambrogio Lorenzetti

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xirkan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 15:15, 19 otsaila 2016
Ambrogio Lorenzetti
Ambrogio Lorenzetti
Datu pertsonalak
Izen osoa Ambrogio Lorenzetti
Jaio 1285-1290 aldean
Siena (Gaur egun Italia)
Hil 1348ko ekainaren 9a
Siena (Gaur egun Italia)

Ambrogio Lorenzetti (Siena, 1285-1290 aldean - Siena, 1348ko ekainaren 9a) italiar margolaria izan zen, Pietroren anaia gaztea. Hasieran, Florentzian egin zituen lan batzuk, baina 1332az geroztik Sienan aritu zen. Sienako eskolako margolari garrantzitsuenetako bat izan zen.

Bizitza eta lanak

Gorde den Ambrogioren lan zaharrena 1319an margotutako Ama Birjina bat da, Florentziatik gertuko Vico d'Abateko parrokian dagoena. Lan horretan ikusten da Ambrogiok, ziur aski, Giottoren Florentziako jarraitzaileekin ikasi zuela margotzen. Pietroren kasuan ez bezala, ez da Duccioren eraginik nabaritzen Ambrogioren margolanetan. 1326 aldera, anaia Pietrorekin aritu zen Sienako San Frantzisko komentuko freskoetan. 1332 inguruan Florentzian zegoen, eta han margotu zuen gaur Uffizi Galerian dagoen Ama Birjina, San Nicola eta San Procolo triptikoa eta San Nicola di Bariren bizitzako lau pasarte.

Handik hamar bat urtera hasi zen Sienako Jauregi Publikoko Bederatzien Aretoko freskoak pintatzen. Hiriko eta landako gobernu onaren eta tzarraren alegoriak eta eragiteak (Allegoria del Buono e Cattivo Governo e dei loro Effetti) izeneko fresko bikain eta ospetsu horiek, artearenetik ez ezik, ikonografiaren eta dokumentuen ikuspegitik ere berebiziko interesa dute. Jauregi bererako egin zuen Maestà bat 1340an. 1342koa da, berriz, Florentziako katedraleko San Kreszentzioren aldarerako margotu zuen Tenpluko aurkezpena (Uffizi Galeria). 1344 ingurukoak dira Sienako Pinakotekan dagoen Iragarpena, eta Massachusettseko Cambridgeko Fogg Art Museumen dagoen Gurutziltzatze bikaina.

Anaia Pietro bezala, 1348ko izurritean hil zela uste da.

Iruditegia

Erreferentziak