Amendüze

Koordenatuak: 43°21′17″N 1°02′34″W / 43.3547°N 1.0428°W / 43.3547; -1.0428
Wikipedia, Entziklopedia askea
Amendüze
 Euskal Herria
Map
Kokapena
Herrialdea Nafarroa Beherea
UdalerriaAmendüze-Unaso
Administrazioa
Posta kodea
Herritarraamendüztar
Geografia
Koordenatuak43°21′17″N 1°02′34″W / 43.3547°N 1.0428°W / 43.3547; -1.0428
Demografia

Amendüze Amendüze-Unaso udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean. Herri honek, Unaso gabe, 1846 arte aparteko udalerria osatu zuen.

Herritarrei "amendüztar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 35 km daude.

Izenaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dokumentazio historikoan lekuizen hau forma desberdinetan agertzen da: Sanctus Joannes de Mindus (1160an), Amindux (1316an), Aminduch (1350ean), Aminduz (1413an), Mendux (1413an), Sent-Johan de Mendux (1472an Okzitaniako Bastidaxarreko notarioen idazkietan), Armendux (1513an Iruñeko dokumentazioan), Amenduxs (1600ean Paueko Comptos Ganberako tituluetan) eta Amendux (1621ean Martin Bizkaikoak bildua).[1] Hainbat kasutan gertatzen den bezala, etxe noble edo jauregi batek zeukanetik eman zitzaion izena herriari.

XVI. mendean Nafarroa Garaian, dela Iruñean dela Erriberan topatzen dugun Amendux abizendun olerkariaren familiaren jatorria herri hau dateke.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amiküze eskualdea historikoki zatituta zegoen hiru eremuetatik Barhoa izenekoan kokatuta dago. Herriaren mugak hauexek dira: ekialdean Biduzez beste aldera Zohazti; iparraldean Gabadi; ipar-mendebaldean pittin bat ikutzen ditu Labetzeko lurrak eta gehiago Altzümartakoak; mendebalde/hego-mendebaldean Garrüze eta hegoaldera hurbilen dagoen eta udalkidea duen herria, Unaso alegia.

Aipatu herri guztiak amikuztarrak dira.

Auzoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrian ezarrita dagoen panel batean beste auzo hauek nabaritzen dira: Gabadiko mugetan herritik ipar-ekialdera bai Hiriberri (Biduzetik hurbil) bai Autxitxia eta ipar-mendebaldean Landazahar, etxe noblea zen; herritik Biduzerako bidean Eihera.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altuera apaleko lurrak dira baina etengabeko gorabeherak daude. Herria bera 120 bat metrotan dago eta punturik altuenak ez dauka askoz ere gehiago; baxuena (32 m) herriaren ekialdeko muga markatzen duen Biduzeren ertzean dago, Hiriberri auzotik hurbil.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1695eko erroldan 63 etxerekin ageri zaigu.

Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 217 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1841ekoan 290. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Amendüze-Unaso. Azken urteotan Donapaleuren gerizpean bizi izan duen hazkuntza dela eta, Unasok aurrea hartu dio udalburuari biztanlerian eta horrek, besteak beste, bien arteko ika-mikak areagotu ditu. Demografiari segituz Unasok Herriko Etxean 7 kontseilari baditu ere, Amendüze udalburuak 4 baino ez ditu.

Errepideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Departamendu mailako errepide bakarrak zeharkazten du herria, D 124k; herritik bertatik pasatuta, iparralderantz Gabadira joan daiteke; Donapaleu eskualde eta kantonamenduburuarekin lotzen du hegoalderantz jota, bai errepide osoa segituta (Bidaxune eta Baionara joateko ere erabiltzen dena) edota bidezidor gisa Unasotik pasatzen den D 511 hartuta. Zenbait tokiko errepidek auzo batzuk lotzen dituzte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Herriko jaunek Nafarroako erresumako bilkuretan esku hartzeko eskubidea zuten.
  • "Sorginkeriaren" kontrako 1587ko epai batean, Amendüzeko biztanle batzuek adierazi omen zuten zaunka egitean zetzan aztikeria baten biktima zirela uste zutela.
  • Frantziako Iraultzan, 1792an, Pierre Irigoien herriko apaizak erbesteratu behar izan zuen.

Udalerri-aldaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerri modernoak sortu baino lehen, erlijio aldetik ere orain udalkide direnek harreman bereziki hurbila zuten, parrokia berean bilduta baitzeuden.

1846 arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Unasorekin fusionatu zen; harrezkero Amendüze-Unasoko udalburua da.

Eraikin historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • San Joan Bataiatzailearen eliza, orain ezagutzen dugun bezala, 1906koa da. Eliza zaharra 1824 "utzia" ageri zaigu eta 1865-1872 artean berreraiki zen baina hormetan matxura handiak zituela-eta 1902an bota zuten. Heugas arkitektoaren planoan arabera berregin zen; Gustave-Pierre Dagrant bordelesak eginiko beirateak ditu.[2]
  • Etxe batzuk oso aspalditik dokumentatuta daude: Elisonde (Elizondo) 1590ekoa, 1687ko beste bat; herrian 3 "nobleen etxe" egon dira; haien artean herriari izena ematen diona eta Landazahar edo Larrezahar delakoa; azken hau XII. mendeko dokumentazioan Lanevielle (okzitaniera arautuan Lanavièla) zen, aldaera erromanizatuan.[3]
  • Hilerrian hilarri diskoidal eder batzuk daude, gehienak XVII. mendekoak.

Kultura eta hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Herriko festak ekainaren 24an ospatzen dira, San Joan egunarekin.
  • Eskola aldetik, azken urteetan Unaso udalkidea, Gabadi, Ilharre eta Labetze-Bizkairekin batera RPI (regroupement pédagogique intercommunal, "udalerri arteko bateratze pedagogikoa") delako bat sortu du. Elkarketa honetako bi eskoletako bat herri honetan dago; irakaskuntza elebiduna ere proposatzen du.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak. Azken urteotan, Amiküze osoan bezala, industria batzuk ere garatu dira.

Amendüztarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa

(Frantsesez) RPI edo eskola-bateratzearen webgunea.