Amerikar tripanosomiasi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Trypanosoma cruci.
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Amerikar tripanosomiasia edo Chagasen gaixotasuna Trypanosoma cruzi espezieko protozoo flagelatu batek sortutako gaixotasun infekzioso tropikala da. Parasitoa gizakiarengana eta beste ugaztun batzuengana bektore gisa jarduten duen Reduviidae familiako intsektu baten bidez heltzen da. Gaixotasuna odol transfusio, organo transplante, parasitoekin kutsatutako elikagaien irenste edo amarengandik umekiarengana ere transmiti daiteke.

Gaixotasunaren sintomak aldakorrak dira dira infekzioa garatu ahala. Hasieran, sintomak arinak dira eta infekzioa izan den lekuan besterik ez da agertuko hantura. Urteekin gaixotasuna kroniko bihurtzen da eta sintoma larriagoak agertuko dira, hala nola, bihotzeko gaixotasunak eta hesteetako asaldurak. Gaixotasun kronikoa tratatu ezean, heriotzara eramango du. Gaur egun erabiltzen diren farmakoak oso toxikoak dira eta zenbait kasutan eraginkortasun gutxikoak, batez ere gaixotasunaren aldi kronikoan.

Amerikar tripanosomiasia, izenak adierazten duen bezala, Amerikan agertzen den gaixotasuna da; oro har, Mexikon, Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan. Infekzioa zabaltzen duten intsektuak izen desberdinarekin ezagutzen dira tokiaren arabera: Argentina, Bolivia eta Paraguain vinchuca eta Brasilen barbeiro. 8-11 milioi pertsona inguru daudela infektatuta uste da gaixotasuna endemikoa den herrialdetan eta horietatik gehienek ez dakite horrela denik. Lurralde horietako pertsonen emigrazioak gaixotasunaren banaketa geografikoa handitu du.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasunari bere izena, Chagas-en gaixotasuna, Carlos Chagas mediku brasildarraren omenez eman zitzaion. Hau izan zen zen gaixotasuna lehen aldiz deskribatu zuena 1909an. Garai hartan gaixotasuna ez zen hain ezaguna, 1960tik aurrera hartu zuen gaur egun duen garrantzia.

Chagasek Reduviidae familiako intsektuen hestean Trypanosoma generoko protozoo flagelatu bat aurkitzen zela frogatu zuen eta hau intsektuaren bidez ugaztunetara transmititzen zela. Chagasen lana berezia izan zen medikuntzaren historian, gaixotasun infekzioso bat bere osotasunean deskribatu zuen ikerlari bakarra izan zelako, hau, patogenoa, bektorea eta ostalaria, gaixotasunaren adierazpen klinikoak eta epidemiologia. Hala ere, Chagasek gaixotasunaren transmisioa bektorearen ziztada bidez gertazen zela uste zuen eta ez bere gorotzen bidez aurrerago 1915ean Emile Brumptek proposatu eta 1932an Silveira Diasek, 1938an Cardosok eta 1939an Brumpt berak frogatu zuten bezala.

Pneumocystis generoko onddo-parasitoak aurkitzen ere lehena izan zen Chagas. Ondoren, HIESa duten gaixoetan agertzen den pneumoniarekin erlazionatu zen genero hau.

Argentinan gaixotasuna Chagas-Mazza-ren gaixotasuna bezala ezagutzen da, Salvador Mazza medikuak gaixotasunaren inguruan egin zituen ikerketen omenez. Mediku hau 1926an hasi zen gaixotasun honen inguruan lanean eta urteekin gai honi buruzko aditu bihurtu zen. Gaixotasun hau txirotasunarekin erlazionatuta zegoela eta, medikuntzak ez zion inoiz beharrezko arreta eskaini 1960an gaixotasuna osasun publikoarentzat arriskutsu bihurtu zen arte. Mazzaren lana hein handi batean gaixotasuna ezagutaratzera eramatean oinarritu zen.

Bizi-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

T. cruziren bizi-zikloa eta transmisioa.

Gaixotasunaren transmisioa parasitoarekin infektatutako intsektu hematofago baten bidez ematen da. Egunean zehar intsektu hauek horma eta sabaiko pitzaduretan gordetzen dira eta gauez gizakia edo beste ugaztunen bat lo dagoenean infektatu egiten du. Odola xurgatzeko ziztatu ondoren, kaka egiten dute. Gorotza ziztada egindako lekutik gertu geratuko da eta pertsonak azkura egindakoan gorotz honek epitelioa zeharkatu eta odolera helduko da.

Behin parasitoa odolera heldu denean, zelulak inbaditu eta bertan desberdintzatu eta ugaldu egingo da berriro odolera itzuliz. Zelula bat infektatzen duen bakoitzean gauza bera egingo du. Infektatu gabe dagoen intsektu batek pertsona hau ziztatzen duenean parasitoa hartuko du zikloa itxiz.

Aitzitik, infektatzeko beste modu batzuk ere badaude, hala nola, odol transfusio, organo transplante, edoskitze, karena, edo kutsatutako elikagai bidez.

Sintomak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasunak bi aldi desberdin ditu; bata akutua infekzioaren ondoren ematen dena eta bestea kronikoa urte askoren buruan garatzen dena.

Eskuineko begiaren hantura akutua duen ume bat (Romaña zeinua).

Aldi akutua infekzioaren ondorengo lehen aste edo hilabeteak dira. Normalean ez da nabaritzen, ez baitu sintomarik izaten eta izatetakotan oso arinak direnez, ez dira gaixotasun honekin erlazionatzen. Sintoma hauen artean sukarra, nekea, zefalea, gorputzeko mina, azaleko asaldurak, gosearen galera, beherakoa eta gorakoak daude. Azterketa fisiko batean gongoilen hantura eta hantura lokala ikus daitezke, parasitoa gorputzean sartu den lekuarena hain zuzen ere. Infekzio akutuaren sintoma nabarmenena ordea, Romaña zeinua da non betazalen hantura ikusiko den.

Infektatuko kasuen %90ean 3-8 astetan desagertzen dira sintomak. Hala ere, tratatu ezean infekzioa mantendu egingo da. Fase akutua haur txiki edo immunitate-sistema ahulduta duten pertsonetan bakarrik da hilgarria, muskulu kardiakoaren hantura (miokarditisa) edo garunarena (meningoentzefalitisa) ager daitezkeelako. Kasuen %10ean infekzioaren sintomak ez dira desagertuko eta infekzio kroniko latentea agertuko da.

Infekzio kronikoak kaltetutako bihotzaren irudia.

Hasierako infekzioa baino urte edo hamarkada batzuk beranduago, infektatutako pertsonen %30ek gaixotasun kronikoa garatuko dute. Aldi honek nerbio-sistema, digestio-aparatua eta bihotzarengan izango du eragina. Sintoma kronikoak dituzten gaixoen bi herenek kalte kardiakoa dute, bihotzaren erritmoan asaldurak eta bat-bateko heriotza izan dezakete. Asaldura digestiboak dituzten gaixoek pisu galera handiak dituzte eta desnutrizioa ere bai. Asaldura neurologikoen artean dementzia ager daiteke.

Gaixotasun kronikoaren adierazpen klinikoak parasitoak ehun horietan eragindako heriotza zelularraren ondorioa dira. Tratamendurik ezean, ia kasu guztietan heriotza eragingo du muskulu kardiakoan eragiten dituen kalteak direla eta.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Infekzioaren diagnostikoa T. cruziren presentzian oinarritzen da. Ondoko proba diagnostikoak erabiltzen dira:

  • Azterketa mikroskopikoa. Gaixoaren odola behatzen da parasitoaren bila. Proba hau gaixotasunaren aldi akutuan bakarrik da erabilgarria, ziztada gertatu eta bi aste beranduago. Honen bidez kasuen %60tik gora detektatzea lortzen da. Ama infektatuta duten hilabete gutxiko umeetan eginez gero, kasuen %90 detektatzen da.
Gaixotasunaren bektorea den intsektua.
  • Xenodiagnostikoa. Parasitoaren detekzio ez-zuzena da. Gaixoak kutsatu gabe dagoen intsektu baten ziztada jasotzen du. Lau aste pasa ondoren, intsektuaren hestea behatzen da parasitoaren bila. Laborategiko animalietan (sagu, arratoi..) gaixoaren odola inokulatuz ere egin daiteke
  • Parasitoaren DNAren detekzioa, PCR bidez.
  • Proba immunologikoak. Parasitoaren aurkako antigorputz espezifikoen detekzioa odolean. Esaterako: ELISA.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasunaren tratamendurako bi aukera daude. Alde batetik, parasitoaren aurkako tratamendua eta bestetik, infekzioaren sintoma eta zeinuen tratamendua.

Chagas-en gaixotasunaren tratamenduan erabil daitezkeen farmako bakarrak nifurtimox eta bentzinidazola dira. Hala ere, ez dira oso eraginkorrak, zaharkituak geratu baitira, %60-70ean bakarrik senda dezakete gaixotasuna eta kasu kronikoetan %50etik behera.

Aldi akutuan farmako hauen erabilerak gaixotasuna kontrolatzen laguntzen dute eta kronikoa bihurtzeko arriskua gutxitzen dute kasuen %90etan.

Aldi kronikoan duten eragina ez da behar den bezala frogatu. Hala ere, gaixotasunak organo desberdinetan sortzen duen kaltearen tratamendurako badaude beste farmako batzuk.

Epidemiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasunaren intzidentzia mapa.

Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) dio gaixotasun honekin 16-18 milioi pertsona daudela infektatuta, beste 100 milioi pertsonak gaixotasuna hartzeko arriskua dutela eta urtean 50.000 pertsona inguru hiltzen direla bere eraginez. Gaixotasun kronikoa Latinoamerikako herrialde askotan arazo larria da, nahiz eta azken urteetan behera egin duen neurri higienikoak hobetu eta gaixotasuna transmititzen duten intsektuen kopuruak behera egitean.

Gaixotasuna Amerika guztian dago zabalduta, AEBen hegoaldetik Argentinaraino, batez ere Hego Amerikako eta Erdialdeko Amerikako alde txiroetan.

Gaixotasuna bere transmisioaz arduratzen diren intsektuan dauden zonetara mugatzen da. Emigrazioak ordea, gaixotasunaren transmisio arriskua asko hedatu du odol transfusioen bidez. Amerikako Estatu Batuetan esaterako, 500.000 pertsona inguru daude infektatuta. Espainiara berriz, 68.000 pertsona iritsi direla uste da gaixotasunarekin. Ondorioz, epidemiologia profilak aldaketak jasan ditu azken urteetan.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amerikar tripanosomiasi Aldatu lotura Wikidatan