Amin Gemayel

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Amin Gemayel

Amin Pierre Gemayel, arabieraz أمين بيار الجميٌل‎ (Bikfaya, Libano, 1942ko urtarrilaren 22a) libanoar politikaria da. Errepublikako lehendakaria izan zen 1982-1988 bitarteko urteetan. Burujabetasunaren aldeko mugimendu libanoarraren eta kristau maroniten buruzagi nagusietako baten semea.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzia politikoko ikasketak egin zituen Saint Josepheko Unibertsitatean, Beiruten. Abokatu-laguntzaile aritu zen, eta Kataeb Alderdiko zuzendaritzaren laguntzaile gero. 1971n, Biltzar Nazionaleko kide izendatu zuten.

1982an, kristau maroniten gutxiengoaren eta musulman druso eta xiiten gehiengoaren arteko gerra zibilean, Biltzar Nazionalak Aminen anaia txikia Bashier Gemayel milizia kristauaren buruzagia hautatu zuen lehendakari. Hiru aste geroago, hil egin zuten. Aminek anaiak baino babes handiagoa zuen herritarren artean, eta bera hautatu zuten lehendakari, 1982. urtearen bukaeran.

Aminek lehendakaritza hartu orduko, Israelek PAEko baseak desegiteko bidalitako gudaroste gehienak erretiratu zituen Libanotik, eta Nazio Batuen Erakundeak, berriz, bake-indarrak bidali zituen. Hala ere, gerra zela eta, Gemayelek ezin izan zuen gobernu egonkorrik eratu. Bere agintaldian, gatazka gogorrak izan ziren Libanon, eta Siriak eta Israelek zenbait eskualde okupatu zituzten (Israelek bezala, Siriak ere PAEren boterea murriztu nahi zuen). Gemayelek gatazkako aldeen arteko negoziazioak gidatu zituen, eta Ta'ifeko hitzarmenaren bidez (1989), gerra zibila amaitzea lortu zen. Lehendakaritza utzi zuenean, legelaritzara itzuli zen. Horretaz gainera, bi egunkari argitaratu zituen, frantsesez.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Amin Gemayel Aldatu lotura Wikidatan