Anatolia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Anatolia
Anatolia satelite bidez ikusia
Anatolia satelite bidez ikusia
Geografia
AnatolieLimits.jpg
Kokalekua Asia
Koordenatuak 39°N 32°E / 39°N 32°E / 39; 32
Azalera 520.000 km2
Punturik garaiena Kaçkar Daği 3.932 m.
Administrazioa
 Turkia

Anatolia[1] (grezieraz: Aνατολή [anatolé]: ekialdea) edo Asia Txikia Asiako mendebaldean kokatutako penintsula da. Gaur egun, Turkiako asiar aldea da. Muga hauexek ditu: iparraldean Itsaso Beltza, ekialdean Taurus eta Antitaurus mendilerroak, hegoaldean Mediterraneo Itsasoa eta mendebaldean Egeo Itsasoa eta Marmara itsasoa. Bosforo itsasarte eta Dardaneloetako itsasarteak Europa eta Anatolia banatzen dute.

Antzinako Grezian Anatolia Asia zeritzoten, gero kontinente osoko izena izateko.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde menditsua izaki, historian zehar hainbat herrien gotorlekua izan da. Troiak, Hitita Inperioak, Frigia eta Lidia erreinuek, Bizantziar Inperioak, Otomandar Inperioak, greziarrek, turkoek eta baita erromatarrek ere eskualdea okupatu zuten.

Aurreneko Neolitoko herrixkak munduko lehenengo bizitokien artean sailkatzen dira. Idatzitako historian zehar, Anatolian hizkuntza indo-europarrak, semitikoak eta kartveliarrak mintzatu dira, baita eratorri ezezaguneko beste batzuk ere. Are gehiago, hitita eta luwiera hizkuntzen antzinakotasuna aintzat hartuta, zenbait adituk, (tartean A. C. Renfrewek) Anatolia proposatu dute indo-europarren hizkuntzen hedapenaren abiapuntua (ikus Anatoliako hipotesia).

Tokiko lehen inperio garrantzitsua hititena izan zen, K. a. XVIII. mendetik K. a. XIII. mendera arte. Ondoren, frigiarrak etorri ziren, harik eta zimmeriarrek bere erresuma eraitsi zuten arte (K. a. VII. mendea). Frigien ondorengo boteretsuenak Lidia, Karia eta Lizia izan ziren. Lidiarrek eta liziarrek hizkuntza indo-europarretan hitz egiten zuten.

Bitartean, ioniarrak, antzinako greziar herri bat, finkatu ziren Anatoliako mendebaldean. Zonalde osoa persiar akemendidarren inperioak konkistatu zuen K. a. VI. eta V. mendeetan. Horren ostean, Alexandro Handiak bereganatu zuen K. a. 334an. Konkistatzaile handiaren heriotzaren ondoren, Anatolia erresuma helenistiko txikien artean banandu zen (Bitinia, Kapadozia, Pergamo edo Ponto). Horiek guztiek erromatarren aurrean amore eman zuten K. a. I. menderako. Erromatar Inperioan barnan, K. o. 324an Konstantino enperadoreak Bizantzio hiria inperioko hiriburu berritzat hartu zuen, Konstantinopolis izena emanda. Mendebaldeko erromatar inperioaren erorketarekin, Konstantinopolis Bizantziar Inperioko hiriburua bihurtu zen.

Seljuk etxea turkiarren adar bat zen, zein IX. mendean Kaspiar Itsaso eta Aral itsasoaren iparraldean kokatuta zeuden. X. mendean, seljukarrak mendebaldera mugitzen hasi ziren, Anatolia aldera. Manzikert (Malazgirt) batailaren ostean 1071n, hor finkatu ziren tribu horiek. Horren ondorioz, Anatoliako seljuk sultanerria osatu zen, Asiako erdialdea bereganatuta zeukan seljuk inperioaren adar independentea. 1243an, seljukar armadak mongoldarrek garaitu eta suntsitu zituzten. Astiro, inperioa desegin zen. Kinka horretan, Osman I.a buru zuen turkiar estatua garatu zen, Otomandar Inperioa eratu arte, seljukar eta bizantziarren hutsunea betetzeko.

Otomandar Inperioak mendebaldea eta ekialdea lotu zituen 623 urteko historian. XVI. eta XVII. mendeetan, munduko estaturik boteretsuenetakoa izan zen, Balkanetan zehar aurrera eginez.

Lehen Mundu Gerrako aliatuek Istanbul eta Izmir okupatzeak turkiar nazio mugimenduaren sorrera eragin zuen. Lausanako Itunaren bidez (1923), nazioarte mailan Turkiako Errepublika onetsi zen, Otomandar Inperioaren ondorengo bezala. Mustafa Kemal errepublikako lehendabiziko presidente bihurtu zen. Segituan erreforma andana jarri zituen abian, errepublika sekular bat eratu nahi baitzuen, iragan otomandarra baztertuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Anatolia Aldatu lotura Wikidatan